Borrar
Urgente Muere el arquitecto Frank Gehry a los 96 años
Territorios

Uda honetarako irakurketa gomendioak

Opor hauetan goza ezazu eleberri, saiakera, poema liburu, eta haur eta gazte literaturako lan hauekin

Aiora Sampedro | Paloma Rodriguez Miñambres | Jon Martin

Ostirala, 28 ekaina 2024, 16:58

Comenta
  1. Irakurketa entretenigarria

Imagen -

Txema Garciaren eleberri honek bost protagonistak osatzen duten kontakizun koral bat irudikatzen du. 'Pentaedroa' izenburuarekin lotura du kontuak, izan ere, bost lagunek osatutako antzerki-talde ohiko kideen pausuak jarraitzen ditu gaur planteatzen dizuegun narrazioak.

Beren jardunagatik taldea desegin eta batzuk sasian, besteak kartzelaldian edota erbestean dabiltza eta haien bideak nahigabe ere, gurutzatzen joango dira kontaketak irauten duen denboran zehar. Hartara, egitura mota horrek aldizkako eleberrien egitura gogorarazten du, pasarte bakoitzak, misterioa sortzeaz gain, duen barne-logikagatik, testu-labur gisa leitzeko aukera ematen baitu.

Era berean, kontakizun ez erabat introspektiboan, gerrako pasarte, egoera nahiz berezitasunek hartzen dute lanaren muina.

  • Pentaedroa Txema Garcia-Viana. Argitaletxea: Elkar. 404 or. 25 euro.

  1. Egungo politika ulertu

Imagen -

Katakrak argitaletxeak beti ekartzen dizkigu gaur egungo mugimendu sozial eta politikoak ulertzeko gakoak ematen dituzten saiakerak, eta, kasu honetan, datozen urteetako politika instituzionala gidatzea aurreikusten den etxebizitzaren eskuragarritasunaren auziari buruzko oinarrizko liburua argitaratu du.

Friedrich Engels pentsalariak etxebizitzari buruz egindako azterketa bildu du liburu honetan; klase ikuspegiz, industrializazioaren aroarekin batera garatutako arazotzat jo eta erreformak proposatzen dituztenei kontrajartzen zaie.

Ikuspegi garaikidetik, langile klaseak mendeetan zehar bizi izan duen egoera dela azpimarratzen du lanak eta horretan oinarrituta, hitzaurrean Nafarroako etxebizitza-arazoaren berrikuspen interesgarria egiten da. Lan honen euskarazko itzulpena Ane Garciak egin du.

  • Etxebizitzaren auzia Friedrich Engels. Itzultzailea: Ane Garcia. Argitaletxea: Katakrak. 154 or. 13 euro.

  1. Familia osoak irakurtzeko

Imagen -

Liburu honek kontatzen digunaren arabera,2046. urtean guztia Agintaritza Global Konputazionalak gidatzen duen mundu distopikoa bilakatu da. Bertan euskal emakume bat bere guraso Eider eta Harkaitzen maitemin hasiera kontatzen dihardu, 2021eko koronabirusaren pandemiaren berri emanez.

Gurasoak txangoa egitera joan dira Leitzaran bailaran barrena eta horretan, gaztaroan feminismoa eta ekologismoa ardatz, bizi izan duten militantziaz jarduten dute. Hori guztia, hogeita bost urte geroago erabat homogeneizatu den mundu batetik begiratuta.

Lan honen egileek gaur egungo munduak duen onaz eta txarraz hausnartu eta etor litekeenaz ohartzen gaituzte. Gainera, irudiek hori laguntzen dute gaurko kolorea vs biharko iluntasuna kontrajarriz. Aise irakurtzekoa.

  • Memoriaren ibaia Juan Luis Zabala. Irudiak: Mattin. Argitaletxea: Denonartean. 109 or. 18 euro.

  1. Masia batean

Imagen -

Kataluniako literaturan Irene Solàren liburuek sona handia lortu dute. Iaz Alberdaniak haren azken eleberria ekarri zigun euskaratuta.

Guilleries izeneko eskualdeko masia isolatu batean daude emakumezko protagonistak. Abiapuntua originala da: Joana amalehenak deabruarekin ituna egin zuelako bere ondorengoek madarikazioa izan dute eta akats fisikoez jaio dira. Etxe berean bizi diren emakume horien ahotsen bidez orainaren eta iraganaren arteko jauziak daude, narrazioan belaunaldi desberdinen istorioak gainjartzen direlarik.

Solàren iruditerian herri folklorearen eta ahozkotasunaren oihartzunak aurkitu daitezke. Estilo propioa du, hizkuntza landua, eta deskribapenek erritmo kadentzia berezia sorrarazten dute. Horrekin batera, osagai fisikoak -eta eskatologikoak- oso nabarmenak dira: erditzea, sexua, zarakarrak eta zornea... Bizitza eta heriotza berezko eran.

  • Begiak eman nizkinan eta ilunpeei behatu hien Irene Solà. Itzultzailea: Joxan Elosegi Arregi. Argitaletxea: Alberdania. 204 or. 18,90 euro.

  1. Ikusmen arazoak

Imagen -

Edu Zelaietak aurten plazaratu duen poema liburua hiru atalez (Presbiziak lagundu omen digu, Singularraren pluralak, Estrabonen denboran) osatuta dago, eta Iratxe Retolazak paratu duen testuan poemen interpretaziorako gakoak agertzen dira.

Gai anitz jorratzen ditu Zelaietak, hala nola, pandemia egoeraren bizipenak, urteen igarotzeak adierazten duen gainbehera –eta horren kontzientzia– eta familia harremanak –zaintza, bereziki–, bere begirada kaleidoskopikoan horretaz guztiaz hausnartu bitartean.

Halaber, beste bi osagai gailentzen dira; batetik, hizkuntzaren lanketa, haren gaineko sena baliatzen baitu gaien hezurmuinari oratzeko. Bestetik, ironia mundua behatzeko, baina horrek ez du esan samurtasuna iragazten ez denik bertsoetan. Umorea ikurtzat (ikusmen arazo lagungarria), bizitzeak dakarzkigun paradoxak eta harridurak agerian uzten ditu Zelaietak.

  • Presbiziak lagundu omen digu Edu Zelaieta Anta. Argitaletxea: Pamiela. 112 or. 15 euro.

  1. Egonarriz eraikia

Imagen -

Munduko Poesia Kaieraren eskutik heltzen zaigu poema liburu labur hau Anne Heberten poesiaren gainean, euskaratzen den lehen aldia, gainera. Idazle famatua eta saritua Kanadan, frantsesez idatzi zuen bere literatur ekoizpen guztia (poemez gain, eleberriak eta telebistarako gidoiak).

Heberten biografiaren zertzeladak han-hemen, gaietan dualtasuna antzematen da: esperientzia intimoa vs munduan egoteko erak, ihes egitearen eta errealitate gordinaren arteko talka, baita haurtzaroaren eta helduaroaren artekoa ere ematen du aditzera, horrek urradurak eragiten dituelarik idazlearen ariman.

Inkomunikazioa, sentiberatasuna, feminismoa eta bakardadea –familia harremanak itogarriak izan daitezkeelakoan- islatzen ditu Hebertek bertso ederretan.

Gainera, Aiora Jakak egindako itzulpenak ongi jaso ditu ñabardurak hizkuntza batetik bestera itzultzean.

  • Anne Hebert Anne Hebert. Itzultzailea: Aiora Jaka Irizar. Argitaletxea: Susa. 64 or. 10 euro.

  1. Behi batean

Imagen -

Euskal literaturako tontorretako bat da 'Behi euskaldun baten memoriak' liburua. Orain, komiki formatura errenditu dute Juan Suarezek eta Pello Varelak Atxagaren klasiko hau. Espainiako gerraosteko baserriko bizimoduaz eta klandestinitateaz mintzo da liburua, beste behi batzuekin eta zaintzaileekin dituen harremanen bitartez. Protagonista Mo da, Balantzategui baserrian bizi den behia.

Narrazioa animalia honen ikuspegitik egitea ariketa estilistiko labainkorra da. Purutasuna islatzen du protagonistak barne ahotsean; kontrastea, bere ingurua tentsio politikoek astinduta dago. Behiak zalantzan jartzen du mundua, existentziaren izaera eta askatasunaren esanahia. Mok munduan duen tokiaz, euskal behi gisa duen nortasunaz galdetzen dio bere buruari.

Eleberriak askatasunaren eta zapalkuntzaren izaera zalantzan jartzen du, maila indibidualean zein sozialean.

  • Mo, Behi euskaldun baten memoriak Bernardo Atxaga, Juan Suárez, Pello Varela. Argitaletxea: Pamiela. 200 or. 23,50 euro.

  1. Oporretara eramateko

Imagen -

Jakina da haurrekin bidaitzeko bolumena eta pisua zailtasun erantsiak direla. Liburu honek dentsitate handiko literatur lana eskaintzen du lau zentimetrotan: dagoeneko ohiko formatutan argitaratuta dauden zazpi album ilustratu ñaño-maketatu dituzte eta kutxatxo batean bildu. Formatu honetan argitaratzen den 4. kaxa da.

Amaren falta sumatzen duen kumeari buruzko istorio xamurra kontatzen du liburuetako batek; erbiaren eta dortokaren arteko lasterketaren fabularen errekreazio barregarria dakar beste batek; zapi batekin, eta irudimen askorekin, bi lagunek bizi duten abentura kontatzen du 'Opari ezberdin bat' albumak. Alerik jolastiena 'Xirimiri' izan liteke, bokalak oinarri hartuta mintzo diren txoriei buruzkoa, Joseba Sarrionaindiaren aparteko itzulpena duena.

Errima jolasa da nagusi 'Hankalata pirata, Zazpi munstro eta katu bat' eta 'Sandia-gidaria' albumetan.

  • Ezinbesteko nanoliburuak Hainbat autore. Argitaletxea: Kalandraka. 168 or. 11 euro.

  1. Arrainen ametsak

Imagen -

Elkar ulertzea da munduko gauzarik zailenetakoa. Lagun minek ere gaizki ulertuak izaten dituzte tarteka, hizkuntza kode bateratua izanagatik, norberak bere mundu irudikapen mugatua duelako.

Igel baten eta arrain baten arteko komunikazioa da album honen ardatza. Uretan ezagutu dute elkar bi protagonistek; baina igela, bere anfibiotasunean, uretakoa ez ezik lurrekoa ere bada. Lur gainean ezagutu dituen izakiez mintzo da igela, eta arrainak egiten dituen irudikapenak komikoak dira lurtarrontzat. Esaten denaren (testuaren) eta ilustrazio dibertigarrien arteko aldea da albumaren arrakastaren gakoa.

Leo Lionni kontsolidatutako ilustratzailea da, eta bere alegiarik jolastienetakoa da honakoa. Itzulpenetan beti galtzen omen da zerbait, baina kasu honetan Manu Lopez Gasenik testuari itzuli egin dio hizkuntza batetik bestera galdutakoa.

  • Arraina arrain Leo Lionni. Argitaletxea: Kalandraka. 40 or. 16 euro.

  1. Mandarina bonsaia

Imagen -

Haiek jaio baino lehenago hil ziren pertsonak izan zirela irudikatzea konplexua da haurren ikuspuntu egozentristatik. Liburu honetan, Anderrek aitonaren figura deskubritu berri du eta horrek oraindik ere identifikatu ez dituen emozioak sentiarazi dizkio: mesfidantzatik beldurrera pasako da hasieran arbaso berriaren ezagutza; denboraren, gurasoen eta ametsen bitartez kokatuko du, ordea, dagokion sentimenduan, maitasunean.

Pentsamendu zientifikoaren eta magikoaren arteko talka sumatzen da medikuaren pasarteetan. Anderren emozioen eta mandarina zuhaitzaren artean dagoen lotura Inazio Mujikaren maisulana da.

Aparteko aipamena merezi dute Maite Gurrutxagaren ilustrazioek ere. Espazio argiztatuen eta itzalpekoen arteko kontrastea bilatzen du horietan, eta ezkutuan denari buruzko informazio lehial eta zehatza eskaintzen dio irakurleari.

  • Marrakatxarra Inazio Mujika Iraola. Irudiak: Maite Gurrutxaga. Argitaletxea: Erein. 56 or. 10 euro

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Uda honetarako irakurketa gomendioak

Uda honetarako irakurketa gomendioak