Borrar
Sasiburuko kideek makina bat ekimen antolatzen dituzte urte osoan. Argazkiak: Sasiburu

Sasiburu, 30 urte euskara hauspotzen

Euskal elkarteak hiru hamarkada daramatza euskal hizkuntza hedatzen herrian zehar

Leire Larrazabal

Igandea, 25 iraila 2022, 00:25

Comenta

Sasiburu Elkartearentzat 2022 urte berezia da. Izan ere, Barakaldoko talde honek bere 30. urtemuga ospatu zuen iragan maiatzean. Bai, hiru hamarkada euskara zabaltzen eta hedatzen. «Orain dela 30 urte euskarak oso presentzi ñimiñoa zuen gure herrian eta euskaldun asko sakabanatuta zegoen», gogoratzen du Ander Ezeizak, Sasiburuko kideak. Eta berrogei bat lagunen poderioz jaio zen elkartea, euskaldunen arteko elkargune bat sortzeko.

30 urte, hiru hamarkada. Azkar esaten da, baina ibilbide luzea egitea tokatu zaie. Gaur egun, instituzio aldetik esaterako, aitortza somatzen da, laguntzak ere «baina garai latzak ere iragan behar izan ditu elkarteak», azaltzen du Ezeizak. «Dagoenean bonbon eta ez zegoenean egon», gaineratzen du. Egun, euskarak daukan egoera eta errekonozimendua ez da dohainik etorri. «Arlo horretan, Sasiburuk eta Euskal Herrian hainbat eta hainbat taldek eta eragilek egindako lanari esker euskarak aurrera egin du, bestela, Espainiako beste hizkuntza txikien modura, desagertzear legoke», Ezeizaren esanetan.

Sasiburu elkarte langilea da. Urtean zehar makina bat ekintza antolatzen ditu. Eskaintza anitzak ahalik eta jende gehienarengana heltzeko. Azken jardunaldietako bat irailaren 17an ospatu zuten, 'Euskaraz bizi nahi dut' lasterketa Arrontegiko jaietan. Bestetik, umeentzako ekintzak ere antolatzen dituzte: ipuin kontalariak, magoak, ikuskizunak... Nagusientzako beste hainbeste: tailerrak, konferentziak... Azken finean, oso eskaintza zabala izaten dute.

Maiatzean egin zuten 30. urteurreneko ospakizun potoloa. «Kolaboratzen dugun eragile guztiei eskatu genien bakoitzak bere alea eman zezala eta erantzun ziguten, baita ondo erantzun ere», pozten da Sasiburukidea. Egun osoko plangintza burutu zuten: dantzaldia, bertsolariak, herri-kirolak, kontzertuak, herri-bazkaria... Barakaldon euskararen inguruan mugitzen diren eragile guztiek (euskal musika eskola, Berbalagun proiektua, dantza elkarteak, aisi-taldeak...) kolaboratu zuten eta «beraien aurpegi anitz guztiak plazaratu zituzten gure urtemuga jai horretan», azpimarratzen du.

Elkarteko kideak pregoilari lanetan Karmengo jaietan.

Pregoia ematen

Barakaldon herri ekimen eta herri eragile dezente daude. «Gure beste eginkizunetako bat elkarlaguntza eta elkarrekintza da, alegia, partekatzea», gogoratzen du. Modu horretan, euskal kultura eta euskara bera hauspotzen duten guztiekin «harremanetan gaude eta amankomuneko hainbat eta hainbat ekintza egiten ditugu», Ezeizaren arabera.

Urtemuga dela medio, Sasiburuko kideek Barakaldoko Karmenetako jaietako pregoilari izateko aukera ere izan zuten. «Pozik eta zoriontsu hartu genuen eskaintza, sekulako esperientzia izan zen. Izan ere, bazterrean egotetik errekonozimendua eta aitortza izatera pasatu gara eta hori guretzat izugarrizko poza da», alai adierazten du taldekideak.

Barakaldon euskarak gero eta oihartzun handiagoa dauka. Hezkuntza mailan, D eredua gailentzen ari da

Zorionez, Barakaldon euskarak gero eta oihartzun handiagoa dauka. Horrela, hezkuntza mailan, D eredua gailentzen ari da. Kalean ere euskal hizkuntza entzutea ez da arraroa. «Herri erabat erdalduna izatetik euskarak ere bere tokitxoa izatera heldu da», gogorarazten du. Hala ere, «ez gaitezen engaina, Barakaldo nagusiki erdalduna da, baina gaur egun hainbat lekutara joan zaitezke eta lehenengo hitza euskaraz egin eta inork ez zaitu gaizki begiratuko», azaldu du. Aurrerapausuak «pixkanaka-pixkanaka egiten ari da», gaineratzen du.

Sasiburu berrogei lagunekin hasi zen, hala ere, diru-laguntza ezagatik desagertzear egon zen. Egun, ordea, 6 kide eta 70 bat bazkidez osatua dago. Ezeizak gonbidapena luzatzen du: «Gure ekintza gehienak doakoak izaten dira. Euskara bizitzeko eta euskal kultura ezagutzeko beta ematen dute eta jendea anima dadila nahi dugu. Udaletik laguntza jasotzen dugu, baina bazkideen ekarpenak ere hortxe daude. Beraz, Sasiburuko ateak zabalik daude». Animatu zaitezte eta hasi euskara eta euskaraz bizitzen!

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Sasiburu, 30 urte euskara hauspotzen

Sasiburu, 30 urte euskara hauspotzen