Borrar
Iker Gurrutxaga, Naiz Irratiko MusikHaria saioko gidaria; Zuriñe Hidalgo, telebista aurkezlea eta abeslaria; Izkander Fernández, Zarata Mondosonoroko kolaboratzailea; Ane Barrenetxea, Sua taldeko abeslaria; Silvia Cantera, EL CORREOko erredaktorea; Dani Álvarez, Radio Euskadiko kaztetaria; Zaloa Urain, Kokein taldeko abeslaria; eta Iholdi Beristain euskal abeslari eta aktorea.

Zein da euskarazko maitasun abestirik onena?

Musikari, komunikatzaile eta beste pertsonaia ezagun batzuek bereak gomendatu dizkigute. Anima zaitez, beraz, osatu dugun zerrendatik zuri gehien gustatzen zaizuna bozkatzera!

Martes, 14 de febrero 2023

Comenta

Musika emozioen katalizatzaile ikaragarria dela ezin da zalantzan jarri. Abestiak jartzen ditugu triste gaudenean, baita zoriontsu edo euforiko sentitzen garenean ere. Zenbat aldiz entzun dugu irratian galera mingarri hartara edo lehen musura eraman gaituen melodia bat? Bihotza ukitzen duen sentimendu-boom bat da musika, subidoi eta beheraldiez betea.

Astearte honetan San Valentin Eguna ospatu dela aprobetxatuz, hainbat artista eta aditurekin bildu nahi izan dugu, beraientzat euskarazko amodiozko kanturik onena zein den azal diezaguten. Maitasunari buruz hitz egin dute zenbait esparrutan: maitasun erromantikoa, propioa eta senideenganakoa, besteak beste. Batzuek aitortu dute gehiago ospatzen dutela egun berezi hau, eta beste batzuek, gutxiago. Baina guztiak bat etorri dira euskaldunok mota honetako kanta onak ditugula esatean.

Horrela, zerrenda eder bat osatu dugu beraiek aukeratutakoekin, eta gehien gustatzen zaizuena bozkatzera gonbidatzen zaituztegu.

  1. Imagen principal - «Abesti gogorra baina erreala, berak inork ez bezala maiteko duelako, isilean»
    Ane Barrenetxea, Sua taldeko abeslaria 'Proposamena' - Txuma Murugarren

    «Abesti gogorra baina erreala, berak inork ez bezala maiteko duelako, isilean»

Bitxia da nire aukeraketa hau. Ez dut Txuma Murugarren zuzenean inoiz ikusi eta kaletik ikusiko banu, seguru nago ez nukeela ezagutuko. Urteak pasa dira abesti honekin kasualitatez topo egin nuenetik, denbora entzun gabe, baina lehen akordeek letra oroitzera eramaten naute. Nire ustetan abestiaren istorioak bi parte esanguratsu ditu, eta lehenengoak honela dio: «Eta besarkatu nahi zintuzket, zure larru goxua nire egin, zeure gorputz esnatu berriaz mozkortu, zeren eta maite zaitut». Maitasun aitormena, non bi gorputzek bat egitea nahi duen, maitasun adierazle fisikoari bizia emanez.

Eta bigarren partearen hitzak hurrengoko hauek dira: «Bi urte barru berriz ikusten bazaitut, hitz egingo dugu eta zure senargai gaztearen berri emango didazu eta bihotza apurtu egingo zait pixka bat gehiago, posible bada pixka bat gehiago, zeren eta maite zaitut...». Behin hau irakurrita, hasieran geneukan istorioaren ideia desagertu egiten da: ez daude batera eta ibilbide desberdinak dituzte. Baina egoera zail honen aurrean ere, berak inork ez bezala maiteko du, isilean bada ere. Ba al dago maitasun aitormen errealagorik?

  1. Imagen principal - «Amodioaren b aldeari egindako balada bat»
    Izkander Fernández, Zarata-Mondo Sonoroko kolaboratzailea 'Itxaropena' – Su Ta Gar

    «Amodioaren b aldeari egindako balada bat»

Kristau kulturak deskribatutako eta kapitalismo basatiak bultzatutako maitasun erromantikoaren ideiari bi alde ezberdinetatik heltzen zaio beti. Horietako bat sari eta gozamen moduan dator eta naturaz gaindiko izaera mistikoan kokatzen da. Besteak, txanponaren aurpegi ilunak, egoera mental kontsolagarri horren porrota edo maitasun ukatua deskribatzen du. Literaturak, lehenik, eta herri-kulturak, gero, maitasunera eta desamodiora jo dute aldizka, sormenerako erregai bila. Baita gure rockean ere.

1992an, Su Ta Garrek 'Itxaropena' argitaratu zuen, bere lehen balada eta, azken finean, bere konposizio garrantzitsuenetako bat. Aitor Gorosabelek elkarbanatua ez den maitasunaren narratiba tradizionala garatu zuen. Horretarako, Eibarko musikariak balada tradizionalaren metaforak eta adierazpen arruntak erabili zituen. Hala ere, Gorosabelek, ia mundu guztiak inoiz bizitako ideia fotografikoen segida adimentsu bati esker, publikoa hunkitzeko trebetasun itzela erakutsi zuen. Kantaren garapen instrumentalean are zehatzagoa izan zen: 'Itxaropena' abesti sinplea da, garapen dramatikokoa, lasaitasun malenkoniatsuan hasten dena eta ekaitz itxurako errepikan amaitzen dena. Gainera, bere ahoskera argiari eta zehatzari esker, ikasia eta kantatua izatera gonbidatzen duena.

  1. Imagen principal - «Egun seinalatu honetan maitasun propioaren apologia egingo dut»
    Zuriñe Hidalgo, telebista aurkezlea, abeslaria eta Enraizadas proiektuaren sortzailea 'Amodioaren eza' - Sorotan Bele taldea

    «Egun seinalatu honetan maitasun propioaren apologia egingo dut»

'Amodioaren eza' abesti instrumentala da, ez dauka hitzik, baina bai kriston mezua. Haurtzaro-nerabezaro bi etapa horien trantsizioan deskubritu nuen, Sorotan Bele taldea topera zegoenean, eta pila, pila bat hunkitu nintzen hasieratik. Gaur egun, entzuten dudan bakoitzean, sentimendu horiek berreskuratzen ditut, asko transmititu eta esaten duen kanta bat delako. Normalean, maitasunarekin lotutako abestietan letrak dira maitasun horrekin lotura bat eraikitzera eramaten gaituztenak, baina, kasu honetan, nik irudikatzen dut nire burua eszenatoki batean oso modu aske eta goxo batean dantzan, eta nire gorputza besarkatzen. Horregatik, beti lotzen dut 'Amodioaren eza' maitasun propio horrekin, eta kuriosoa da abesti honen titulua beste konnotazio bat daukalako...

Hala ere, musikak badu magia egiteko boterea, eta kanta honek erakusten digu hitza erabili gabe asko esan ahal dela. Nik garrantzi handia ematen diot hitzari (letrari, mezuari), baina batzuetan ahaztu egiten zaigu musikak berak transmititzeko gaitasuna duela eta esan ahal digula pila bat. Niretzako abesti hau da bidaia bat, beste toki batera teletransportatzen nauen kanta. Beraz, egun seinalatu honetan, maitasun propioaren apologia egiteko aprobetxatuko dut.

  1. Imagen principal - «Kantu sinplea eta poesia ederra 19 urteko Gorka Urbizurena»
    Iker Gurrutxaga, Naiz Irratiko MusikHaria saioko gidaria 'Irudimenaren orratzetik' - Nahi ta nahiez taldea

    «Kantu sinplea eta poesia ederra 19 urteko Gorka Urbizurena»

Jende asko, Gorka Urbizu aipatu orduko Berri Txarrak taldearen diskografiari begira jarriko da. Beste batzuk Katamaloren 'Bihotz bakartien kluba' diskoan miatuz hasiko dira, doinu akustikoak lagun. Peiremans+ taldearen power-pop haren azukrezko hitzak ere hor daude, 'Zuretzako hitz ederrak' edota 'Joan zinen' bezalako kantuetan. Anne Lukinekin egindako 'Lisboa' ere ezingo genuke zerrenda horretan aparte utzi...

Baina lehenago, askoz ere lehenago, 1996an eta Nahi ta Nahiez taldearekin idatzi zuen Urbizuk ene ustetan maitasun kanturik ederrena. 'Basurdearen orrua' diskoan dago, 'hidden track' deitzen diren horietako bat, hau da, diskoa osorik entzun edota ez duzu haren berri izango. Egon minutu batzuetako isilunea bukatu zain, eta hor agertuko dira Gorka Urbizu eta Aitor Goikoetxea –hau ere Berri Txarraken sorreratik urte luzez bateria astinduz aritua–, beren ahots urratuekin maitasun hitz sentikorrenak abestuz. Kantu sinplea eta poesia ederra 19 urteko Urbizu hark diskoan 'Irudimenaren orratzetik' txertatu zuena.

  1. Imagen principal - «Norbait duzunean zain, maite duzuna, bere 'barneko berotasunean nahi zenuke betirako gelditu'»
    Zaloa Urain, Kokein taldeko abeslaria 'Azkar zuregana' - Su Ta Gar taldea | 'Masturbazioa' - Julio Kageta

    «Norbait duzunean zain, maite duzuna, bere 'barneko berotasunean nahi zenuke betirako gelditu'»

Badira urteak Su Ta Gar taldeak 'Hortzak eztuturik' diskoa kaleratu zuenetik (1992), eta maitasunari buruzko abestiak direla eta, 'Azkar zuregana' aukeratzea erabaki dut. Egia da abestietako hitzek badutela halako xarma berezi bat, bakoitzak idazten duenean zentzu batekin egiten duelako, baina entzuten duenak gero bere zentzua ematen dio... Niretzat abesti hau eta esaten dituen gauza batzuk oso bereziak dira. Azkenean, norbait duzunean zain, maite duzuna, eta azkar zoazenean bera ikustera «begi irrifartsu bi dakusat nere zai. Hotza da kanpoan eta zure barneko berotasunean nahi nuke betirako gelditu. Beti!, Beti!».

Eta beste alde batetik, Julio Kagetaren 'Mestizu' diskoko 'Masturbazioa' (1993) ere asko gustatzen zait. Kasu honetan, norberekiko maitasun horrekin eta plazerarekin lotutako abesti bat da eta nik hori horrela hartzen dut, uste dudalako norberekiko maitasuna ezinbestekoa dela eta oso garrantzitsua dela hori ere goraipatzea.

  1. Imagen principal - «Kanpokoa zaindu behar dugu, bai, baina barrukoa ahaztu gabe»
    Iholdi Beristain, abeslari eta aktorea 'Lorerik gabe' - Ibi Bedi taldea

    «Kanpokoa zaindu behar dugu, bai, baina barrukoa ahaztu gabe»

Ni ez naiz oso pertsona erromantikoa eta baditut nire dudak maitasun erromantikoaren eraikuntza honekin. Hala, 'Lorerik gabe' abestia asko gustatzen zait, nik hartzen dudanaren arabera, automaitasuna aldarrikatzen duelako. Nork bere burua zaindu behar duelari buruz hitz egiten du, baita kanporuntz begiratu behar dugula ere; kanpokoa zainduz, baina barrukoa ahaztu gabe.

Hau da, nire ustez esan nahi digu ondo dagoela kanpokoak maitatzea, baina geure buruaz arduratzeaz ahaztu gabe. Horregatik iruditzen zait hain interesgarria, kontatzen duelako nola batzuetan maitasunarekin behar duguna berez dela emozio intentso bat, edo halako zerbait, eta aldarrikatzen duelako gure egunerokotasunean emozio horiek topa daitezkeela beste era batean eta beste toki batzuetan, gure buruarekin. Pixka bat paranoia da, baina hori da niri kanta honek helarazten didana, eta benetan gustukoa dut.

  1. Imagen principal - «'Dena alaitasun, dena koloretsu... Ez inori utzi zarena aldatzen'»
    Dani Álvarez, Radio Euskadiko kazetaria 'Zure argia' – Su Ta Gar

    «'Dena alaitasun, dena koloretsu... Ez inori utzi zarena aldatzen'»

Gehien gustatzen zaizkidan abestiak suntsipenari eta agresibitateari buruzkoak dira. Halere, denetarik entzuten dut. Horregatik, baditut amodio kanta batzuk buruan. Bereziena galegoz da: Chouteiraren 'Chalaneiro'. Nahiz eta Bixente Martínezek abestu, Galiziako kanta bat da. Gainera, abesti horrek ireki zuen gure ezkontzako dantzaldia.

Bestalde, badakit San Valentin egunak beste esanahi bat duela; baina esango nuke munduan ez dagoela seme-alabei ematen dieguna baino maitasun handiagorik: baldintzarik gabeko maitasuna da. Umeei esker, bizitzak balio berezia irabazten du. Zentzu horretan, Su ta Garren 'Zure argiak' (2013) azaltzen dit zein zorionekoak garen. Entzuten dudanean, beti sentipen bera errepikatzen da: Gorosabelen ahotsak hotzikarak sorrarazten dizkit, malkoak ateratzen zaizkit, eta kantatzen diet: «dena alaitasun, dena koloretsu, hala ikusi duzu zuk beti bizitza. Ez inori utzi zarena aldatzen».

  1. Imagen principal - «'Akaso ez dizut esan maite dudala bizitza zure begietan egiten duen isla'»
    Silvia Cantera, EL CORREO egunkariko kazetari eta musika kritikaria 'Paris' - Izaro | 'Aske Maitte' - Gatibu + Izaro

    «'Akaso ez dizut esan maite dudala bizitza zure begietan egiten duen isla'»

Bitxiontzi baten soinuarekin hasten da azken urteotan argitaratutako maitasun abestirik ederrena. Leuna, berezia eta gozoa. Izaroren 'Paris' kanta benetan da borobila. Amodioaren hirian oinarrituta, oso letra garbia dauka. «Akaso ez dizut esan maite dudala bizitza zure begietan egiten duen isla», dio zuzenekoetan indar handiagoa duen harribitxi honek. 'Limones en invierno' diskoan ezagutu dugu abesti hau, baina lan honen berrargitalpenean ere agertzen da. Kasu horretan, Izarok Eñaut Elorrietarekin batera kantatzen du. Maitasunari buruz hitz egiterakoan, Euskadin ezin dugu Ken7ren influentzia ukatu. Nire belaunaldian, behintzat. 2000ko hamarkadan nerabezaroan geundenok banda horren albumak lagun genituen lehenengo nahigabeen garaian. Jolas-orduan kuadrillakoekin batera talde gernikarraren nobedadeak partekatzen nituen, eta gaur egungo gaztetxoei (eta ez hain gaztetxoei) gauza bera gertatzen zaie Mallabiako abeslariarekin.

Musika ez zen gauza bera izango maitasunik gabe, baina aitortu behar dut gehien gustatzen zaizkidan abestiak, orokorrean, beste gauzei buruz mintzatzen direla. Edo, gutxienez, beste amodio mota batzuez hitz egiten dute. Kategoria honetan sar dezakegu Gatiburen diskografiaren portzentaia handi bat. Baina haien hit guzti horien artean 'Aske Maitte' nabarmenduko nuke. Libertateari eta dibertsitateari abesten diote jai herrikoietan behin eta berriro entzuten den kanta honetan. Udako gaua amaigabeak etortzen zaizkit burura lehenengo akordeekin. Agian bideokliparen influentziagatik, baina, batez ere, bandaren xarmagatik. Kasu honetan, Izaro berriz aipatu behar dugu, bere ahots ederrak Alex Sarduirenarekin protagonismoa partekatzen duelako. Santana 27 aretoan zuzenean biak batera eszenatoki gainean entzuteko aukera izan nuen duela urte batzuk eta benetan berezia egin zitzaidan.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Zein da euskarazko maitasun abestirik onena?

Zein da euskarazko maitasun abestirik onena?