Jakin badakigu arraza bakarrekoak garela gizaki guztiok eta gizakia, funtsean, sakonean, berdina dela edonon, ñabardura txikiekin, kulturaren edo ohituren poderioz han edo hemen finkatzen diren aldaera gutxirekin. Aldaera horien artean sartzen dira herri bat edo erkidego bat nolakoa den adierazten duten esaldiak. Andaluziarrak graziadunak dira, bilbotarrak harroak, alemaniarrak karratuak, espainolak pikaroak… Horrelakoekin osatzen dugu geure iruditeria, orokortasun hori egiazkoa ezin izan daitekeela jakinda ere.
Publicidad
Aurreiritzi horren arabera, euskaldunok hitzekoak gara, zuzenak, maltzurkeriarik gabeak. Nabarmena da ez dela horrela, eta hori frogatzeko aski dugu inguruari begiratzearekin. Agian iragan urrun batean horrelakoa izango zen gehiengoa, hori izango zen herritar guztiek lortu nahi zutena, hori izango zen helburua.
Pandemiaren inguruko hainbat gertakarik frogatu dit zuzentasun hori joana dela, maltzurkeriak, pikarokeriak ugaldu egin direla gure artean. Esaten diozu norbaiti ez dakizula, ditugun mugikortasun murrizketekin hau edo hura egin, joan ala ez joan eta ehunetik ehunek proposatuko dizu nola saihestu debekuak, nola ihes egin agintarien mugei. Esaiezu, egizu, antzeztu ezazu…
Horixe kontatzen dute agintariek pandemia gerarazteko ezarritako arauak betearazi behar dituzten udaltzain eta ertzainek, hamaika erantzun irudimentsu jasotzen dutela herritarra nora edo zertara doan galdetzen dutenean, batzuetan barrea eragiteraino. Gainera, gainerakooi txalogarriak iruditzen zaizkigu portaera pikaro horiek, miretsi eta guzti egiten ditugu. Biba zu.
Iruditzen zait jokaera hori gero eta gehiago zabaltzen ari dela, esparru gehiagotara heltzen ari dela. Ez gara hainbatek uste duen bezain desberdinak, ez funtsean ez ñabarduretan. Hori ona ala txarra den norberak erabaki beharko du.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión