«Mendia eta itsasoa irudi berean izatea asko baloratzen dute bisitan datozen turistek»
Bizkaiko nekazal turismoek azken bost urteetako daturik onenak izan dituzte uztailean, Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren postuan kokatuz
Esan liteke gero eta pertsona gehiagok aukeratzen dituztela gure lurraldeko landa-eremuak udako oporrak igarotzeko. Bizkaian turismoa erakartzen duen atrakzio ugari ditugu, itsasoa alde batetik, Mundaka, Bermeo, Elantxobe, Sopela edota Getxo bezalako herrietan gozatu dezakegunaz, edota mendiak beste aldetik, Anboto, Mugarra, Urkiola... Natura maite duen edozeinentzat paradisua direnak. Eta nola ez dugu aipatuko gure hiriburua den Bilbo, erakargarritasunez beteta dagoen hiri zoragarria dena. Atxondoko Axpe auzoan dagoen Biezko Baserritik diote urtero gertatzen den fenomenoa dela, eta aitortu dute «nahiz eta mugimendua abuztuan hasi ohi den, uztailean ere oso datu onak izan ditugu aurtengoan». Hain da horrela, Bizkaiak azken bost urteetako uztailik onena bizi izan duela %60,53ko okupazio batekin, aurreko urteko %57,39arekin alderatuz.
«Jendeari gustatzen zaio naturaz gozatzera etortzea eta egunak modu lasaiean pasatzea, bizikletan paseatzea eta deskonektatzea», diote, beste alde batetik, Amorebietan dagoen Etxano nekazalturismotik. Pozik adierazi dute, Biezko Baserrian bezala, okupazioa «erabat beteta» izan dutela uztaileko gauetarako, «abuztua balitz bezala». Muxikan kokatuta dagoen Astei nekazalturismoan ere, hilabete «polita» izan dutela diote. «Datozenei, gure kasuan behintzat, naturaz gozatzea da gustatzen zaiena. Bizkaiko Balkoiaren ondoan gaude, basoz inguraturik, eta hori da bilatzen dutena, ingurune berdea ikustea eta menditik ibiltzea», gaineratu dute bertatik.
Frantziako Tourra
Uztaileko zifrei erreparatuz gero, hilabete horren lehen hamabostaldian ospatu ziren bi gertaera «handiren» ondorio direla uste dute tokiko nekazalturismoetako jabeek. Horietako bat Frantziako Tourra izan da, Bizkaiko hiriburuan hasteaz gain Amorebietan bertan bere hirugarren etapa hasi zuena, eta lurralde osoko zein atzerriko turista ugari erakarri zituena. Bigarrena, BBK Live musika jaialdia, Bilboko Kobetamendi mendian izaten dena eta egun batzuk geroago ospatu zena. «Uztaila oso ona izan dugula esan dezakegu», diote, bestalde, Iurretako San Markos auzo pintoreskoan dagoen Arialdegiko nekazalturismotik. Abuztura begira baina, oraindik erreserbek ez dute 'beteta' daudelaren kartela eskegi. Astei-tik adierazi dutenez, «normala» izan ohi da, abuztuan «azken orduko erreserbak» egiten baitituzte bisitariek.
Oro har, galdetutako nekazalturismoak bat datoz turisten profila askotarikoa dela esatean. «Normalean familiak edo bikoteak izaten dira, baina badira lagun taldeak ere. Baliteke gero eta gehiago izatea gainera koadrilletan etortzera animatzen direnak», diote. Jatorriari dagokionez ordea, iritziak bestelakoak dira. Batzuek turisten «gehienak» lurralde beretik datozela azaldu duten bitartean, -nahiz eta aitortzen duten egia dela frantsesen eta ingelesen presentzia «gero eta handiagoa» dela-, Zeanurin dagoen Angoitia nekazalturismotik, «turisten gehiengoa Espainiako hegoaldetik» datorrela adierazi dute. «Iparraldea ezagutu nahi dute, eta gehienek ideiak argiak dauzkate. Urdaibai ezagutu nahi dute, Donostia... Eta zergatik ez esan, berotik alde egin eta freskotasuna bilatzen dute ere», azpimarratu dute txantxa artean. Bestalde, Astei bisitatzen duen publikoa ezberdina dela ziurtatu diote EL CORREOri. «Hemengo turistak oso gutxi izaten ditugu. Gehienak, ingelesak, holandarrak, belgak edo frantzesak izaten dira. Nahiz eta egia den katalan eta madrildar batzuk ere izaten direla».
Gauzak horrela, beraz, Nekaturrek, Euskadiko nekazalturismoen eta landetxeen elkartea denak emandako datuen arabera, uztaileko Bizkaiko okupazio mailak %60,53a erregistratu du, azken bost urteetako markarik onena dena eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru probintzien bigarren tokian kokatzen duena. Lehenengoan Gipuzkoa dago, %74,40arekin, eta hirugarrenean Araba, %46,9arekin.
Eskualdeka aztertuz, Urdaibai lehena
Eskualdeka aztertuz gero, Urdaibaiko nekazalturismoak dira, beti Nekaturren datuen arabera, uztaileko hilabetean turista gehien erakarri dituen eskualdea %74,15arekin. «Jendeari asko gustatzen zaio San Juan de Gaztelugatxe edota Ogoño bisitatzea. Mendia eta itsasoa irudi berean izatea asko baloratzen dute», gehitu dute eskualde horretako beste nekazalturismo batetik. Bigarren postuan Durangaldea dago, %70,87arekin, eta hirugarren tokian, Enkarterriak %65,35arekin. Hiru eskualde horiek Bizkaiko batezbestekoaren gainetik kokatu dira, Uribe Kosta (%52,53), Nerbioi Arratia (%47,33) eta Lea Artibai (%43,59) azpitik geratu direlarik.
Abuztuari dagokionez, ordea, uztailaren amaierako datuen arabera (egunean aldatu egiten direnak), Bizkaiak %60,75a dauka erreserbatuta (iaz, data berdinean, kopurua %65,85ekoa zen). Rankina aurreko hilabetekoarekin errepikatu egiten da, Gipuzkoa lehenengoa izanez, %73,55arekin eta Araba azkena, %50,83arekin.
Hilabete horretan eskualdeei dagokienez bestalde, eta betiere momentuko datuen arabera, Urdaibaik lidertza darama berriz %71,97arekin. Oraingoan, baina, Enkarterriak aurrea hartu dio Durangaldeari bigarren kokatuz, %69,18arekin, eta %63,44arekin, hurrenez hurren. Gainontzekoak batezbestekoaren azpitik geratu dira ondorengo ordenean: Uribe Kosta (%57,44), Lea Artibai (%52,58) eta Nerbioi Arratia (%45,79).