Borrar
Kultur politika feministak jorratu ziren mintegi baten irudia. Eusko Ikaskuntza

Kulturgintzaren inguruko erradiografia egingo dute ostegun honetan, ikuspegi feministatik

Eusko Ikaskuntzak Bilbon bultzatutako Sinposioan Kultur politika feministak diseinatzeko eta irudikatzeko gakoetan sakonduko da

Asteazkena, 18 urria 2023, 13:28

Comenta

Kultur politika feministak diseinatzeko eta irudikatzeko gakoetan sakontzea. Helburu nagusi horrekin ospatuko da ostegun honetan Bilboko Sinposioa, goizeko 9.30etik eguerdiko 14.00etara bitartean emango dena. Bertan, kultur kudeaketaren esparru jakin bati erreparatuko zaio, une oro begirada feministatik abiatuta izango dena.

Izan ere, azken hamarkadan ekoizpen gune interesgarri asko sortu edo errotu dira Euskal Herriko hainbat lekutan, eta askotariko ekoizpen guneetako eragileak solasean jarri nahi dituzte bertan, «gauzatzen ari diren eta gauzatu nahi dituzten kudeaketa modu kolektiboagoak, kolaboratiboagoak eta feministagoak zer-nolakoak diren ezagutzeko, eta esperientzia metatu horretatik kultur eskubideak garatzeko zer-nolako bidea egin behar den argiago izateko, betiere kultur politika feministak iparrorratz hartuta», adierazi dute antolakuntzatik. Horretarako, Bilboko eta Euskal Herriko adituak eta arituak ekarriko dituzte galdera guzti hauei erantzuten saiatzeko, baita esperientzia praktikoak ere.

'Kultur kudeaketa ekoizpen guneetan: jarduteko modu feministen arrastoan' lelopean datorren mintegia Bilboko John Jauregian izango da, 'La Bolsa' izeneko eraikinean. Eusko Ikaskuntzak Bilboko Udalarekin eta Emakunderekin batera antolatuta, «formatu praktikoa, esperientzietan oinarrituta eta parte-hartzailea» izango dela aurreratu dute. Bada, goazen eguneko egitaraua errepasatzera. Behin egitasmoko ateak irekita, hainbat hitzaldi ezberdin jorratuko dira. Lehena, Euskal Herriko Unibertsitateko kidea den Haizea Barcenillaren eskutik etorriko da, 'Emakumeak erakusketetan: artaren sistemak eraikitzen dituen baztertze egiturak' izenburupean. Ondoren, 10.45ean, sorkuntza guneko esperientzia praktikoen inguruan ariko dira Amaia Gabilondo eta Xabier Gantzarain adituak.

Sinposioa Eusko Ikaskuntzak sustatutako egitasmoa da.
Imagen principal - Kulturgintzaren inguruko erradiografia egingo dute ostegun honetan, ikuspegi feministatik
Imagen secundaria 1 - Kulturgintzaren inguruko erradiografia egingo dute ostegun honetan, ikuspegi feministatik
Imagen secundaria 2 - Kulturgintzaren inguruko erradiografia egingo dute ostegun honetan, ikuspegi feministatik

Ordu erdiko atsedenaldi baten ondoren, 12.15ean, bitartekaritza guneei buruz mintzatuko dira Gotzon Barandiaran eta Sandra Amutxastegi. Ildo berean, Lorea Agirre idazle eta kazetariak eta Nerea Fillat editoreak, argitalpengintzan bizitako esperientzien inguruko bizipenak kontatuko dizkiote publikoari. Itxiera ekitaldian (14.00etan), eta eguneko ekarpenak borobiltzeko, bestalde, egunean barrena eztabaidatutakoaren inguruko ondorioak aterako dira, kultur kudeaketa feministaren erronkak baloratuz, etorkizunera begira. «Proiektu honen helburu orokorra, eskubide kulturalak bermatzeko eta egikaritzeko kultur politiken proposamenak egitea da. Horren barruan, baditugu hainbat helburu espezifiko ere: eskubide kulturalen eztabaida Euskal Herrira ekartzea; Euskal Herriko eskubide kulturalen erradiografia egitea; eta kultur eskubideak sustatzeko praktika onen azterketan oinarritutako kultur politiken proposamenak egitea direnak», nabarmendu dute.

Halaber, gaineratu dute prozedura guzti horren helburua Euskal Herri osoko kulturgintzako herritar eta eragile anitzak hurbiltzea eta haien arteko konfiantzan eta elkarrekiko aitortzan oinarritutako lankidetza sustatzea dela, «heldutasun eta berdintasunetik».

«Erronkak identifikatzea»

Aipatu bezala, Eusko Ikaskuntzak sustatutako egitasmoa da Sinposioa, ostegun honetan bertan Bilbon emango dena. Haren funtzioa, gaur, gure gizartearen zein herriaren etorkizuna irudikatzea, aurreikustea eta etorkizun horretarako prestatzeko egitasmoak (behaketa, ikerketa, esperimentazioa eta sozializazioa) burutzea da. Hau da, «herri bezala ditugun erronkak identifikatzea, gure gizartearen beharrak aztertu eta erantzunak lantzea, eta politika publiko berritzaile eta aurreratuak proposatzea. Eusko Ikaskuntzaren funtzioa da, halaber, gizartea ahalduntzea, eta pentsamendu kritikoa eta adimen kolektiboa piztea», azaldu dute.

Eusko Ikaskuntzak, momentu honetan, etorkizunaren eraikuntza du xede. Gure gizartearen beharrei erantzuteko gaitasuna dauka, mendeurreneko kongresuaren inguruan sortutako izpiritua du oinarri eta bertan erabilitako lan-eredua lanabes: ikuspegi aniztasuna, parte-hartze irekia, euskal lurralde guztiak barneratuta aritzea, eragile askotarikoekin elkarlanean, eta gobernantza kolaboratiboa oinarri.

2019ean Bilboko Sinposioa berdintasunaren inguruko gaiekin lotu zuen Eusko Ikaskuntzak. Urte horretan bertan, 'Intersekzionalitatea'ri buruzko jardunaldia antolatu zen, 2020an ordea, 'Bizitza erdigunean. Nolako politika publikoak behar ditugu?' izenburuarekin ekonomia feministaren teoria eta planteamenduen inguruan hausnartu zen, eta 2021ean, 'Zaintzen berrantolaketa soziala' izan zen eztabaida gaia, azken urteetan mugimendu feministarentzat zentrala izan den gai hori jorratu zelarik. Pasa den urtean bestalde, 'Kultur politika feministak iparrorratz: itsasargiak eta itzaluneak' jardunaldia antolatu zen, begirada feministatik aztertzeko kultur kudeaketaren eremua, betiere kultur eskubideen markoa gogoeta-eremu izanda.

«Jarduera hauek Eusko Ikaskuntzaren berdintasunaren aldeko konpromisoaren isla dira. Izan ere, gizarte bidezkoago eta demokratikoago batekin duen konpromisoari jarraipena emateko bere bigarren plana aurkeztu berri du erakundeak. Aurten jarriko da abian eta 2026ra arte egongo da indarrean», adierazu dutenez bertatik.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Kulturgintzaren inguruko erradiografia egingo dute ostegun honetan, ikuspegi feministatik

Kulturgintzaren inguruko erradiografia egingo dute ostegun honetan, ikuspegi feministatik