Gontzal Mendibilen kantuen erritmoan eman diote ongi etorria 56. edizioari. JORDI ALEMANY | bideoa: NAHIKARI CAYADO

Gontzal Mendibilen kantuen erritmoan eman diote ongi etorria 56. edizioari

Durangoko San Agustin kultur gunean, Szenatokian, izan zen larunbat honetan Azokako deialdi berri honetako inaugurazio ofiziala

NAHIKARI CAYADO

DURANGO

Sábado, 4 de diciembre 2021

Durangoko Azokako 56. edizioa martxan dago jada. Larunbat honetan ireki zituen Landako Guneak bere ateak eta eguerdian ospatu zuen inaugurazio ofiziala, San Agustin Kultur Gunean, Szenatokian. Pilar Kaltzadak aurkeztu zuen ia ordubeteko iraupena izan zuen ekitaldia, eta bertan, Eusko Jaurlaritzako, Euskadiko hiru foru aldundietako eta Durangoko Udaleko ordezkariak izan ziren. Eta nola ez, antolatzaileak diren Gerediaga elkarteko kideak ere ezin ziren hitzorduan falta. «Sortzaileen agertoki eta erakusleihoa da Durangoko Azoka, euskaraz ditugun kultur edukien presentzia ematen duen erreferentea. Hori da euskara normalizatzeko bidean behar duguna», adierazi zuen Bingen Zupiriak, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. «Azokak bide berri bat hartu du bizi ditugun garai hauetan eta erakutsi du gauzak modu seguruan egin daitezkeela», gaineratu zuen historian lehenengoz aurrez aurre eta digitalean izango den edizioaren aurkezpenean.

Publicidad

Aurtengo deialdia sorrerako Azokarekin alderatu zuen bere aldetik Nerea Mujikak, Gerediaga elkarteko presidentea denak. Garai ilunetan jaio zen, eta «osasun krisi honetan berriro jaiotzeko prest dagoela argi utzi du Azokak. Baikortasunez eta segurtasunez», esan zuen durangarrak. Aldi berean, orain dela 56 urte lanean aritu ziren sortzaileak izan zituen gogoan, bai ezagunak eta «isilean aritu zirenak», orain dela gutxi zendu zen Carmen Miranda Gerediagako sortzaileetako bat gogoan ekarriz.

Ekitaldian oso presente egon zen beste figuretako bat izan zen Xabier Castillo Miota 'Xeberri' kantautore bizkaitarra, irailean hil zena. Haren omenez Gontzal Mendibilek bi kantu jo zituen, publikoa 70. hamarkadara eramanez, kantuan.

Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatua den Lorea Bilbaok, bere aldetik, «kulturak behar gaituela» adierazi zuen, baina baita guk kultura behar dugula ere. «Kulturak momentu zailak bizi ditu, eta sortzaileek egiten duten esfortzua handia da. Euskal kultura hori bizirik eta sasoian dagoelaren isla da Durangoko Azoka», gaineratu zuen.

Ima Garrastatxuk, Durangoko alkateak, bestalde, Durangora hurbilduko diren kulturzale guztiei 'ongi etorria' eman zien. «Etxean bezala sentitu zaitezte eta Azokaz gozatu. Liburuak babeslekuak dira garai txar eta zail hauetan», adierazi zuen. Aldi berean, erantzukizunez jokatzeko deia egin zien bertaratzen direnei. «Kultura zibikoa izan dadila egun hauetako protagonista», gaineratu zuen. Ekitaldia Matxalen De Pedro eta Jon Ander Urrestiren ikuskizun batekin amaitu zen.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad