Borrar
Alejandro Landabururen erretratoa. Gerediaga
Territorios

Gerra zibila Alejandro Landabururen begiradapean

Elorrioko lehenengo argazkilariaren funtsa argitara ekarri du Gerediaga Elkarteak, haren familiak dohaintzan eman ondoren

Astelehena, 25 iraila 2023, 00:19

Comenta

Nork esango zion Alejandro Landaburu Elgiazuri, gaztetan, bere kamerarekin hartuko zuen guztiak iraganeko errealitatea ezagutzeko balioko zigunik hogeita batgarren mendean. Bost neba-arrebetan zaharrena, 1906ko abuztuaren 11n jaio zen Elorrion. Arrez geroztik, argazkilaritza eta bera banaezin bihurtu ziren, nahiz eta pasio hori benetan noiz hasi zitzaion ziurtasunez jakiterik ez dagoen. 'Labarixa' ezizenaz ezaguna zen bere herrian, eta baita uneoro argazki-kamera bat alboan eramateagatik ere. Zenbatezinak dira bere objektiboaren bidez harrapatu izan zituen uneak, herriko egoera arruntenetatik hasi eta Gerra zibilera arte. Orain, Gerediaga kultur elkarteak urteetan barrena ezkutuan izan diren harribitxi horiek argitara ateratzea lortu du familiak dohaintzan eman duen funtsari esker.

Aita gurdi-egile eta mekanikoa zen, eta bere anaien antzera, Alejandrok ere automoziorako zaletasuna zeukan. Horregatik, Elorrioko bainuetxera joaten ziren aristokrata-familien txofer moduan lehenengo, eta taxi-gidari bezala gero (bi pasio horiek uztartzen baitzituen, taxi-gidariaren lana eta argazkigintza). Familiako kideen esanetan, «bere gidari-lanei esker ezagututako familia aberatsen baten eraginez piztu ahal izan zitzaion argazkiekiko zaletasuna». Uste dutenez, gaztetan izan zen hori, «hogei bat urte zituenean». Beste teoria baten aburuz ordea, Durangon kokatuta zegoen Foto Germanen argazki jardueratik etorri ahal zitzaion bere pasioa. Izan ere, sasoiko Elorrio futbol taldearen argazkietan Alejandro bera agertzen da jokalari lez. «Oraindik ere gordetzen dira urte haietako Elorrio futbol-taldearen argazkiak. Alejandro talde hartako kide zenez, badirudi berak egin zituela argazki haiek eta orduantxe hasi zela argazkigintza jardueran», Gerediaga kultur elkartearen esanetan.

Gerra zibila hasi zenean, bestalde, Alejandrok, ideologiaz tradiziozalea zena, 'Radio Requeté de Campaña' konpainian eman zuen izena. García Valiño jeneralaren zuzendaritzapean zegoen transmisio-konpainia hartan sukaldari aritu zen, baina argazki-kamera eraman zuen berekin eta Karlisten aldeko fronteko argazkiak atera zituen. «Argazkigintza lanbide moduan noiz hartu zuen ez dakigu, baina bere artxibategian 1954ko faktura daraman klitxe bat dago. Fakturak erakusten du Alejandrok inbertsio handia egin zuela; eta argazkilari moduan bere jarduera hasteko izan zitekeen susmo irmoa daukagu», arrazoitu dute, bere aldetik, Kultur Elkarteko kideek.

Gauzak horrela, Alejandrok ez zuen kalean argazki-dendarik jarri. Bezeroak etxera joaten zitzaizkion, Elorrioko General Mola kaleko (gaur egun Buskantz kalea dena) 2. zenbakiaren solairura. Hainbat formatuko argazki-kamerak erabili zituen bere argazkietarako. Hasiera batean, monumentuen bistak kristalezko xafletan egiten zituen, «Elorrion hain ugari ditugun jauregi, eliza, irudi, ermita, armarri eta baserriak; paisaiak, herriko ohiturak, pertsonaiak eta koadrilak ahaztu gabe, noski», baina segituan tamaina erdiko zeluloidea erabiltzen hasi zen. Formatu hori eta 35 milimetrokoa txandatzen zituen Leica kamera mitikoarekin hasieran, eta Kodaken Retinarekin gero. Elorrio gaitzat hartuta postal-bilduma interesgarri bat egin zuen ere, zuri-beltzean, eta ondoren eskuz margotuta, garai hartan ohitura zen bezala.

Landaburuk argazkia hau atera zien haur horiei plaza batean jolasean ari zirenean. Gerediaga

Argazki-laborategi «kaxkarra»

Kultur Elkartearen arabera, argazki-laborategi «nahiko kaxkarra» zeukan, etxeko sukaldean bertan. Hantxe izaten zituen, arraskaren ondoan nahastuta, errebelatzeko produktu kimikoak eta sukaldeko lanabesak eta bandejak. «Han errebelatzen zituen bere pelikulak eta baita bezero argazkizaleenak ere. Estudioa, berriz, egongelan zeukan», diote iturri berberek.

Bere gorpuzkera handiak eta herrentasunak eragindako mugikortasun-arazoek bultzatuta, behin betiko utzi zituen taxi-gidariaren lanak, eta poliki-poliki, kamera lepotik zintzilik zeraman Landabururen irudia gero eta gutxiagotan ikusiz joan ziren elorriarrak. 1970. urtearen aldera utzi zuen argazkigintza, eta 1977ko abenduaren 2an hil zen Elorrion, ezkongabe zela.

Alejandro Landabururen funtsa orain arte haren iloba zen Pilar Landaburuk eta bere semea den Francisco Javier Iruarrizagak gorde dute. Orain, Gerediaga Elkartearen esku utzi dute guztia. Dohaintzan jasotako materialaren artean daude, besteak beste, aurretik aipatutako postal-bilduma hori, kristalezko plaka, 120 milimetro eta 35 milimetroko negatiboak, beste 35 argazki album eta lau argazki kamera. Bitxikeria moduan, aipatu beharra dago familiak Julian Zulueta arabarrari buruzko liburua eta XVII. Mendeko 'Enojaduric' Bizkaiko amodio-kantuaren eskuizkribu originala eman dizkiola ere kultur elkarteari, 1623ko kontu-liburu baten azken orrian jasotakoa dena.

2003an, Gerediaga Kultur Elkarteak liburu bat argitaratu zuen Alejandro Landaburu Elgiazuriren inguruan. Bertako kide zen Jose Mari Uriartek idatzi zuen eta elkartearen webgunean dago hura PDF formatuan deskargatzeko modua. Eleberriaren izena, 'Alejandro Landaburu argazkilaria, Elorrioko garai bat' da. Bertan aurki daiteke Landaburu berari buruzko informazio gehiago; Elorrioko lehenengo argazkilaria izandakoaren nondik-norakoak.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Gerra zibila Alejandro Landabururen begiradapean

Gerra zibila Alejandro Landabururen begiradapean