Addar eta Nahiak Nahi taldeetako kideak.

«Euskal Herriko hainbat udalerri ezberdinetan kontzertuak ematea da gure asmoa, eta lortzea espero dugu»

Guztira hamabost sortzaile aritu ziren asteazken honetan DA!PRO saioan, ekoizleak eta diskoetxe zein teknikariak harremanetan jartzen duen topagunean

NAHIKARI CAYADO

DURANGO

Miércoles, 1 de diciembre 2021, 21:13

Egun gutxi falta dira oraindik Landako Guneak ateak irekitzeko, baina Durangoko Azoka hasi da dagoeneko motorrak berotzen. Asteazken honetan hasi eta larunbatera bitartean, sortzaile profesionalei zuzendutako DA!PRO lan saioak eskainiko dira. Beraien helburua? Partaideei etorkizunean proiektu berriak sortzeko aukerak eskaintzea. «Euskal Herriko hainbat udalerri ezberdinetan kontzertuak ematea da gure asmoa, eta lortzea espero dugu», dio Addar musika taldeko abeslaria den Gorka Padronesek. Horretarako, Durangoko San Agustin kultur gunera hurbildu da asteazken honetan, abenduaren 1ean, bere proiektua jendaurrean aurkezteko.

Publicidad

Bermeotarra ez da bakarrik egon. Oholtza gainean bere taldekideak diren Beñat Aurre gitarra-jolea, Imanol Rodríguez bateria-jolea eta Mikel Omagogeaskoa baxu-jolea izan dira. Beraien aurrean bestalde, kultur teknikariak, ekoizleak, programatzaileak, diskoetxeak eta musikaren munduko hainbat aditu izan dituzte. Guztira 25 bat agente egon dira sortzaileei entzuteko prest Musika Bulegoaren lankidetzarekin sortutako egitasmo horretan.

Partaide bakoitzak hamar minutuko tartea izan du lana aurkezteko. «Oso egitasmo ona iruditzen zaigu DA!PRO. Eskaparate zabala da eta toki askotako jendea ezagutzeko aukera ematen digu. Gainera, agente ezberdinetik zuzenean hitz egiteak ere ate asko ireki ahal dizkigu. Horren esperantzarekin etorri gara, behintzat», adierazi zuen Padronesek saioa hasi baino lehen.

23 eta 28 urte bitarteko lau gazteek osatzen duten Addar taldea 2018an jaio zen Bermeon. Euskarazko rock & roll doinuak jotzen dituzte, eta beraien azkeneko lana aurkezteko prest etorri dira Durangora. 'Errautsak' izeneko diskoa (Gor) Ahotsenean izango da entzungai ere larunbat honetan, arratsaldeko 20.20etatik aurrera.

Haien antzera ere, Nahiak Nahi pop-rock taldeak lehen aldiz zapaldu du DA!PRO egitasmoko oholtza. Emozioz beterik zeuden Burlata herriko gazteak hasi baino lehen. «Egia esan, inoiz ez dugu Nafarroatik kanpora kontzerturik eman. Aukera bikaina da Durangoko Azokak eskaintzen diguna», adierazi zuen taldeko abeslaria den, Nahia Ojedak.

Publicidad

Argi zeukaten hamar minutuko tartean egingo zutena: «Gure show-a nolakoa den erakutsiko dugu ikus-entzunezko baten bitartez, eta gero kantu bat joko dugu, akustikoan», azaldu dute. Ojedarekin batera Rubén Matilla, Iñaki Pulido, Iñaki Santos eta Jaitxo Segura batzen duen taldea da Nahiak Nahi, 'Beldurra' singlea estreinatu berri duenak. Taldea, baina, 2019an sortu zen, eta pasa den urtean pandemiaren ondorioz etenalditxo bat egin ondoren, gogoz hartu dute eszenatokietarako buelta.

DA!PROn Bizkaian aritzeaz gainera, harremanak egin eta euskal panoramako beste ekoizle eta musikariak ezagutu dituzte. «Kontzertuak eta zuzeneko emanaldiak emateko kontratatzen bagaituzte, ondo baino hobeto. Horretara gatoz ere, ezagutzera ematera eta etorkizuneko aukeren bila», gaineratu zuen bere aldetik, Ojedak. Ahotsenean ere egongo da nafarrak zuzenean ikusteko aukera, abenduaren 8an, eguerdiko 14.30ean.

Publicidad

Literaturatik zinemara, mahaingurua

Guztira 15 sortzaile profesional pasa dira asteazken honetan DA!PRO egitasmoaren lehenengo saiotik. Baina aurtengoan, musikaz gain, diziplina ezberdinak landuko dira bertan. Ostegun honetan, abenduaren 2an, esaterako, formatu txikiko familia-ikuskizun eta tailerren txanda helduko da, kasu horretan Bizenta Mogel Bibliotekan. Musikarekin antzera, arlo horretan lan egiten duten sortzaileek ere, euren ikuskizun eta tailerrak aurkeztu ahal izango dituzte sektore horretako teknikarien aurrean.

Hirugarren egunean, Azokako online denda martxan jarriko den egun berean, 'Literaturatik zinemara: zer behar du eleberri batek film bihurtzeko?' hitzaldi labur zikloa eta mahaingurua antolatuko da Durangoko Zugaza zinemetan.

Publicidad

Azken egunean, abenduaren 4an, erakusmahaiak aurrez aurre Azokan izango ditugun lehenengo egun horretan, 'Sortzaileek bide profesionala egiteko baliabideak' solasaldia egongo da Landako Gunean. Bertan egile eskubideez, komunikazioaz eta kontratazio kontuez hitz egingo dute hainbat adituk: EKKI Euskal Kulturgileen Elkartea, Amaia Ocerin komunikazio aholkularia eta Miriam Miranda, Musikari Euskal Herriko Musikarien Elkarteko kidea.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad