Emakume bat, barre egiten. Fotolia

Emakumeak eta kultura

Domingo, 13 de octubre 2019, 21:09

Munduan, azkenaldi honetan, ikusi izan diren milaka gertaeraren artean, garrantzitsuenetako bat emakumearen agerpen publikoa da. Ez bakarrik errealitateko (alegia, bizitzako) sail gehienetan, industria eta irakaskuntza arloan esaterako, baita kulturaren munduan ere. Gaur egun ezin da gure gizartea ulertu, emakumeak bertan duen parte hartzea kontuan hartu gabe; beste era batez esanda, ezin da emakumerik gabe ezer ulertu. Esandakoak paradoxaren antza hartzen du, orain arteko kontuak gaizki egin diren aitortza nolabaitekoa. Emakumeaz ari naiz, emakumeez, hobeto esanda.

Publicidad

Jaio eta aldi luze batean bizi izan garen etxetik alde egiteko modua dugun arte, ez fisikoki beti, gurasoen mende bizi ohi gara: familian. Baina orain ezagutzen den familia ez da lehengoa, betikoa, non bakoitzak bere rol eta bere zeregin bereziak zituen, bai gizonak (senar, aita, edo dena delakoak), baita emakumeak ere (emazte, ama edo dena delakoak). Gure gizartea (hala diote soziologoek, Daniel Gamper-ek, esaterako), gizarte 'post-familiarra' da. Baina espezieak irauteko emakumeak ernaldu behar. Ez beti lehengo modu klasikoan, aitak amaren barrenean hazia ereinez. Zientziari esker, beste ernaltze-metodo batzuk ere badira, oso zabalduak gainera. Gero eta ohikoagoa da, bi emakume elkarrekin bizi eta ama-amak (ez aita-amak) izateko erabakia hartzea. Ohiturak ere mudatu egin dira; usadioak ez du lehen zuen atzerakako indarrik, ez da haren zama astuna hainbeste nabaritzen halako kontuetan. Oraindik, hala ere, usadioaren izenean injustizia galantak egiten dira, emakumeen kontra gehienetan ere. Hondarribiako Alardean ikusitakoa txikikeria baino ez da, beste krimen batzuen aldean, baina txikitik hasita handiraino iristen da, badakigu. Ez genuke txikikeria, txikia izateagatik, aparte utzi behar.

Etxea aldatu da, fisikoki ere bai, eta etxeko giroa zer esanik ez. Kanpokoak gero eta eragin handiagoa du barrukoan, barneko txokoetan, «supazter goxoan», aspaldiko hitzak erabiltzearren. Feminismoak hautsi du (eta bere meritutzat jo behar), publikoaren eta pribatuaren artean eraikita zegoen harresia. Pribatua publikoaren eremura ekarri du, eta publikoak ez dizkio pribatuari ateak itxi. Etxeak ez dira ez zelda, ez ziega, ez kartzela, dena eztabaidatzen den lurraldea baizik. Ez dago mendekotasunik, denak denekiko dutena ez bada. Eta hori ere aldakorra da, eta uneoro negoziatu beharrekoa. Ez dakit demokrazia ote den, baina harreman forma libreak sortu dira, lehen zeudenen aldean noski.

Aldaketa hori, batez ere, hizkuntzaren tripetan nabari da. Emakumeak (ez nahasi emetasunarekin) bere hitzak sortu ditu, eta gizonezkorenak, askotan, zaharkitu egin dira, geltokian utzitako trenak bezala. Maitasuna ez dago auzian, emakume askorentzat esklaboak egiteko makina baita. Maitasun klase batez ari gara, noski, baina nago 'maitasun' hitza bera dela arbuiagarria zenbaitetan, gorrotagarria ez denean. Maitasunak liluratu egiten du, txoratu egiten du, mendekotasuna sortzen du, nola heroinak zainetan barrena sartuz gero, epe laburrera. Erlijiora eta filosofiara eman diren gizon-emakumeek maitasunari uko egiten diote, ezer baino lehen, beren arrazoiak bihozpetu ez daitezen. Maitasunak, ordea, ez du hitzik behar bere burua erakusteko. Nahi gabe ere jauzi egiten du, bazterrak lehertu dituen uholdearen indarrez.

Baina etxean, familia postfamiliarrean, erabakiak hartu behar dira eta bakoitzaren interesak, desirak eta helburuak aintzat hartu. Hitz egiten ikasten da etxean, baina ez da ikasten zer esaten den. Hitz berak erabilita ere, hitzek ez dute esanahi bera, gizon izan ala emakume bestela. Kultura irakatsi nahi da, baina nago ikuspegi desberdinak daudela oraindik gizonezkoen eta emakumezkoen artean kulturari buruz. Horretarako hazi gaituzte eta bakarrik emakumea gizonezko eta gizonezkoa emakume bihurtuz, lortuko da bien arteko elkartasuna. Maitasuna beste kontu bat da. Ongiaz eta gaizkiaz haratago eramaten gaitu. Hor dago koxka.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad