Dena prest igande honetan Herri Urrats ospatzeko Senperen
Delirium Tremmens, Zetak, Su Ta Gar, Gozategi... Indartsu dator aurten 40 urte beteko dituen euskal eskolen jai erraldoia
Eguraldia lagun izatea baino ez zaio falta Herri Urratsi igande honetakoa egun borobila izateko. Musikari protagonismo handia eskaintzen dion programazio potentea dakar aurtengo edizioak, eta ez da gutxiagorako. Iparraldeko eskolen festa erraldoiak 40 urte betetzen ditu aurtengoan, eta nola ez dute ba handikiro ospatuko. «Urtero bezala, aurten ere euskal komunitateak Seaskak egindako deialdiari erantzutea da bilatzen duguna. Argi daukaguna da Herri Urrats ez dela jai bat bakarrik. Jai erraldoi bat da, bai. Baina mobilizazio eta aldarrikapen egun bat da ere. Nire ustez, Senperen irudikatuko duguna da, beste behin, euskaraz bizi nahi dugun komunitatea handia dela», adierazi du, bere aldetik, Koldo Rodriguezek, Herri Urratseko koordinatzailea denak.
Aurtengo festarako aukeratu duten leloa Urratsak Zubi da, «konturatu garelako urte guzti hauetan zubi asko eraiki ditugula, bai Seaska eta gizartearen artean, eta gizartearen eta Seaskaren artean. Eta nolabait, hori da irudikatu nahi genuena; alde batetik, zubi horiek eraikitzen jarraitzea, eta bestetik, eraikitzea bezain inportantea dela eraikita daudenak indartzea eta berritzea», arrazoitu du.
Zetak, Delirium Tremmens, Gozategi, Su Ta Gar... Benetan indartsu dator aurtengo programazioa. Beste behin, Senpereko aintzira inguruan antolaturiko zirkuituan eta belardietan prest dago dena igande honetako festan murgiltzeko. Gainera, berrikuntzez beterik datorren egitaraua prestatu dute, Rodriguezek berak azaldu duenez. «Musikak bazuen gune handi bat Nafarroa deitzen dena, baina aurtengoan beste bat gehitu diogu, Araba Gunea dena, 95 metro luze dituen espazio bat», aurreratu digu. Halaber, emakumearen presentzia eszenan areagotzea ere izan dute helburutzat, hala nola adin ezberdinei zuzendutako egitarau bat izatea, haurrek zein nerabeek edo helduek ondo pasa dezaten.
Berrikuntzez beterik datorren egitaraua prestatu dute
Nafarroako eszenari dagokionez, Patxi eta Konpainia izeneko taldea igoko da lehenak oholtzara, mundu guztia dantzan jarriko duen erromeria bat dena. Gero, Mister Saguak taldearen txanda izango da, desagertuta egon den Iparraldeko talde bat dena eta Herri Urratserako itzuliko dena. Ondoren, Xutik izango da eszenatokian, bertako musika talde ezagunenetarikoa dena. Bere atzetik, Delirium Tremmens mutrikuarrek joko dute, pasa den urtean musikara itzuli zirenak eta euskal taldeetako garrantzitsuenetako bat denak. Ostean, Su Ta Gar taldearen txanda izango da, aurten Herri Urratserako abestia egin duen taldea. Nafarroarekin bukatzeko, SFM izango da, Fermin Muguruzaren bertsio-talde bat dena eta 'Sin Fermin Muguruza' hitz jokoa osatzen duena.
Araban, bestalde, Haize Arrosak taldea izango da oholtzan igoko den lehena. Bere garaian Ene Bada! Izan zen taldetik sortu den talde berri eta berriztarra. Gainera, beraien lehenengo kontzertua izango da Herri Urratsekoa. Ondoren, Tiktara izango da protagonista, funky eta afrikarren doinuak uztartzen dituen taldea. Jarraian, Neomak taldearen txanda izango da, zazpi neskek osatzen dutena eta momentu honetan izen handia hartzen ari direnak, hegoaldean batez ere. «Egun argian eta irekian emango duten kontzertu bakarra izango da Herri Urratsekoa. Izatez, beraien proposamena beti izan ohi da leku txikietan jotzea, antzokietan esaterako. Beraz, kontzertu berezi eta bakarra izango da hemengoa. Zaila izango da talde hau beste behin kalean ikustea», gaineartu du festaren koordinatzaileak.
«Iaz Pello Reparaz ezin izan zen etorri Kolonbian kontzertu bat zeukalako, baina aurtengoan bai, hemen izango dugu»
Jarraian, Zetak taldearen txanda izango da, iazko Herri Urratsen kantuaren egilea -Itzulera- izan zena. «Pasa den urtean Pello Reparaz ezin izan zen etorri Kolonbian kontzertu bat zeukalako, baina aurtengoan bai, hemen izango dugu», dio Rodriguezek. Bere atzetik, Gozategi igoko da oholtzara, aurkezpen gutxi behar duen taldea, euskal panoraman soberan ezagunak diren oriotarrak. Bukatzeko, erromeria izango da bertan Holako Deluxe-en eskutik.
Dantzagunea eta erronka
Baina musikaz haratago, Herri Urratsek badu gune berezi bat, beste ikastolen jaiek ez dutena, eta gune edo eszena hori dantzarena da. Bertatik, konpainia ezberdinak pasako dira egunean barrena dantza ezberdinak egiten; euskal dantzetatik hasi eta dantz modernora edota munduko dantza ezberdinetara heldu arte. Aurten ere emanaldi ugari izango dira Gipuzkoako eszenan, eta berari itxiera Andoni Ollokiegi bakarlari gipuzkoarraren kontzertuak emango dio.
Umegunean (Lapurdi Gunean) izango den aktuazio nagusia bestalde, Gora Bihotzak izango da, EIDABE antzerki taldearen eskutik etorriko dena. Halaber, antolakuntzatik aipatzen dutenez, «aurten lakua musikaz bete nahi dugu, eta hori dela eta indar berezia jarri dugu ibiltarietan. Egun guztian zehar: Joaldunak, gaiteroak, Elektrotxorongo, Zo Zongo, Elektropottotte, Gaitistan, Ixtaklok, Les Chancaires, Bec'h Dehi... Lakuaren itzulian entzun eta ikusteko parada izango dugu».
Bestalde, Koldo Rodriguezek azaldu duenez, aurten erronka berreskuratuko dute berriz, eta ez edonola gainera. «Gazteei alkohola ez den alternatiba bat eskaintzea da erronka honen helburua. Olinpiada honetan, Euskal Herri osoko ikastolen festak antolatzen dituzten gaztetxoek parte hartuko dute, eta guztira bost talde ibiliko dira lehian», adierazi du. Horiek, Ondarruko Zubi Zahar ikastola (Ibilaldiaren antolatzailea), Etxarriko Andra Mari ikastola (Nafarroa Oinezen antolatzailea), Agurango Lauta ikastola (Araba Euskarazen antolatzailea), Oreretako ikastola (kilometroaken antolatzailea) eta Iparraldetik, Xalbador kolegioa, izango dira.