Borrar
Ione Narbaiza, Bertsozale elkarteko koordinatzailea eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketako arduraduna, aurtengo edizioko kartelarekin. Bertsozale elkartea
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

«Dena prest daukagu gaur Mungian ospatuko den lehen kanporaketarako»

Ione Narbaizak, Bertsozale elkarteko koordinatzaileak eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketako arduradunak, asteburu honetan hasiko den ekimenaren nondik norakoak azalduko dizkigu: «Ohiko plazetan aurkitzen ez diren bertsolariak entzuteko aukera izango dute gerturatzen direnek»

Larunbata, 30 iraila 2023

Comenta

Tik tak, orduak baino ez dira falta Bizkaiko Bertsolari Txapelketari hasiera emateko. Igande honetan jokatuko da lehenengo kanporaketa, Mungiako Olalde aretoan. Hortik aurrera, dozenaka bertsolari igoko dira oholtza gainera, abenduaren 16an Bilbao Arenan izango den final handiko protagonistak izateko prest. Bertsozaleen artean dagoen irrika, ez da makala. Ondo daki hori Bertsozale elkarteko koordinatzailea den Ione Narbaizak, dena prest daukanak norgehiagokoari hasiera emateko.

-Igande honetan bertan hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Mungian. Dena prest?

-Esango nuke baietz, dena prest daukagula. Sarrerak ere salgai daude eta falta den gauza bakarra da jendea bertara hurreratzea, Mungiako Olalde aretora. Hortik aurrera, txapelketako ohiko dinamikari ekingo diogu. Guztira sei kanporaketa izango dira, hiru finalaurreko eta final handi bat. Saioak ia-ia astero izango dira, abenduaren 16an jokatuko den finalera arte.

-Nola dator aurtengo edizioa?

-Urtero bezala, eta txapelketa guztien antzera, uste dut gogotsu eta irrikaz daudela bertsolariak. Udaberrian egin genuen sailkapen fase baten ondorioz sailkatu ziren udazkenerako eta, dakigunagatik, gogotsu ari dira entrenatzen. Egia esan, bakoitzaren banakako lana eta bertsoeskoletako taldeko lanaren ondorio da gero oholtza gainean erakusten dutena, beraz, bakoitzak nerbioak kudeatu beharko ditu ahalik eta hoberen aritzeko.

-Bertso eskolak aipatu dituzu. Bizkaian dauden denek parte hartuko dute?

-Bai. Egia da, zentzu horretan, bertsolaritza asko hedatu dela Bizkaia osoan. Lehen bertsozaletasuna hedatuta zegoen bezain beste. Hau da, bertsolariak, beraiek, Bizkaiko eskualde guztietako eskoletakoak dira. Eta guretzat, hori bertsolaritzaren transmisioaren alde egindako lan horren erakuslea da. Guretzat oso pozgarria da bertso eskolak eskualde guztietan egotea, eta gainera, beraien fruituak ematea. Euskal kulturaren sustapenean eta euskararen erabileran baliabide garrantzitsuak dira bertso eskolak.

-Beraz, Bizkaiko bertsolaritza osasuntsu dagoela esan daiteke.

-Gure ikuspegitik bai. Plaza asko daude, txapelketa bera ere plaza bat da, eta guztiak dira ezberdinak, anitzak..., mota askotakoak dira. Eta gaur egun, Bizkaia osoan ikus daitezke bertsoei lotutako hainbat ekitaldi. Gure aldetik, gehiago balego, askoz hobeto, noski (kar,kar), baina osasuntsu dagoela esan dezakegu, bai.

-Eskualde guztietako bertsolariak izango dira orduan. Txapelketa eskualde guztietan jokatuko da ere?

-Bai. Bizkaiko Bertsolari Txapelketa izanda, probintziako mapa osoa egiten saiatzen gara beti. Ezaugarri konkretu batzuk bete behar izaten ditugu, aretoen kontua bestak beste, eta askotan ez dugu lortzen nahi dugun herri horretara iristea. Edonola ere, bai. Mapa hori irudikatzen dugu beti. Lehen aipatu dudan bezala, igande honetan Mungian hasiko gara, baina gero Gernikan, Arrigorriagan, Erandion, Igorren, Lekeition, Berrizen, Santurtzin eta Lemoan izango gara. Finala bestalde, Bilbon jokatuko da, Bilbao Arenan.

-Zure ustez, zerk egiten du bertsolaritza hain berezi?

-Alde batetik, gozamen asko daukala. Nire kasuan esaterako, bertsozale moduan saio batera noanean, emozionatu egiten naiz. Batzuetan triste jartzen naiz, besteetan pentsakor, edo barre egin dezaket ere. Emozio kolektibo bat sortzen da. Bestetik, hitzarekin, kasu honetan euskararekin, jolasteko balio duela. Eta horrek guztiak gure hizkuntzarentzat susposatzen duen arnasgunea nabarmenduko nuke ere.

-Zer aurkituko dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketara publiko bezala doazenak?

-Hurbiltzen direnek aurkituko dutena da seikote bat, orokorrean seikote nahiko gazte bat. Izan ere, txapelketako adin media nahiko gaztea dela esan daiteke. Eta beharbada, ohiko plazetan hainbeste ikusten ez ditugun bertsolari horiek topatuko dituzte ere. Beraz, aukera izango dute ohiko plazetan bertsotan ez dabiltzan horiek entzuteko, eta batez ere, jakiteko gazteek zer dakarten. Ze kantatzeko modu, plazaratzeko forma berri... Gainera, txapelketek morbo, lehia edo zirrara puntutxo hori daukate ere.

-Epaileek ez dute lan makala izango.

-Guztira, 13 bat lagunek osatzen dute epaile taldea eta egiten dutena ez da batere erraza. Oso ariketa zaila da, eta horregatik errespetu handiz hartzen dugu beraien lana. Irizpide batzuk dituzte puntuatu ahal izateko, kontsultagarri daudenak bertsozaleentzat webgunean. Gauza asko harten dituzte kontuan, hala nola, neurria, errima, denboda, elkar erantzutea, koherentzia, konkordantzia... Epaile izateak konpromezu handia eskatzen du eta horretarako ere trebatu egiten dira. Esperientziadun jendea da.

-Zer esango zenioke jendeari igande honetan Mungiara hurbiltzeko eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketa jarraitzeko?

-Elkartetik, bertsozaleak bertso plazetara animatu nahi ditugu. Bai herriko jaietakoetara zein inguruan izaten diren plazetara. Eta nola ez, txapelketara etortzera animatu egiten ditugu ere. Aurretik esan bezala, ezberdina den beste plaza bat da hau, non bertsolari gazteak eta aurretik ikusi ez dituztenak entzuteko aukera ona den. Plan polita da giro onean egiteko, bai familian zein lagun artean.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Dena prest daukagu gaur Mungian ospatuko den lehen kanporaketarako»

«Dena prest daukagu gaur Mungian ospatuko den lehen kanporaketarako»