Borrar
Fotolia

Coltrane

Domingo, 26 de febrero 2023, 00:39

Comenta

Arratsaldero, ordenagailua piztu berritan eta idazten hasi aurretik, neure burua ekintza horretarako prestatzen dut, musika lagun. Ia beti, 'In A Sentimental Mood' doinuarekin ekiten diot lanaldiari, eta horren segidan beste asko etorriko dira, nekeak edo azken lerroak lana amaitutzat jo arte. Idaztea, askotan, errituen errepikapena da, eta, logika bati jarraiki, musika errepikatzeak buruari ordenamendu sano bat ekartzen dio. Aipatutako kanta hori, esan dezadan, Duke Ellingtonen konposizioa da. Berak adierazi zuen noizbait haserretutako bi emakumeren animoak baretzeko inprobisatu zuela. Nik maiteen dudan bertsioa 1962an grabatutakoa da. Bertan John Coltranek saxoa jotzen du. Arratsaldero, idazten hasi aurretik, neure burua sentimental eran jartzen dut eta nire hatzak joaten dira, Ellingtonenak pianoaren gainean nola, teklatuko piezak leunkiro joz.

«Sentimentalak garelako, sentimendunak bainoago, maite dugu gure errealitatearekin adiskidetzeko eta nolabait bakea egiteko sortua den musika»

Sentimentalak garelako, sentimendunak bainoago, maite dugu gure errealitatearekin adiskidetzeko eta nolabait bakea egiteko sortua den musika. Ez dut mundua musikarik gabe irudikatzen, ez naiz horretan originala beraz, baina bai ikusten dudala hitzik gabeko mundu bat. «Isiltasunaren soinua» aipatzean, mundua osatzen eta betetzen duten milaka soinuz ari gara. Hitzik gabeko mundua bakardadeak mendean hartutako egonaldia da, itzalez eta mamuz jositakoa: ez-lekua.

Musikak oroimenaren ateak irekitzen dizkigu, eta bertan gordetakoa kanpora ekartzen du. Badakit oroimenik ez duenak, edo, izan, baduenak baina oroimenaren zereginera ohitzen ez denak, hura faltsu eta traidoretzat hartzen duela. Oroimena egiazkoa ez dela diote, eta seguru asko hala izango da; oroimenak egiaren ilusioa dakarkigu, laino mehez estalitako irudi iheskorra. Era berean diote ez dela egiarik sartzen haren lurretan, egiaren ilusioa baizik, ilusio tranpatia, azken finean, gure begiek bereizi ezin dutena. Oroimenik gabe, oroimenaren musikarik gabe, literatura ez-lekua da, niretzat bederen.

«Oroimena egiazkoa ez dela diote, eta seguru asko hala izango da; oroimenak egiaren ilusioa dakarkigu»

Gero, idazten hasitakoan, poesiaren mendian gora noala, haren malda zorrotz eta haren bertigoarekin, haren erori-beldur eta haren goranahiarekin, 'A Love Supreme' jartzen dut diskoak jotzeko makinan. Lerrook beren erara joaten zaizkit, itsasoko uhinak edo basamortuko dunak bezala, apar edo hareazko gazteluak eraikiz, musika horren indar eta ahaleginaren arabera.

Nire etxean disko bat jartzen dudan bitartean.

Gazteago nintzenean, auzoan zegoen taberna batera joaten nintzen idaztera. Ez dago jadanik; ohartu naizenez, lehengo tabernaren tokian etxe-saltzen aritzen den lokal bat dago, erakustegi handi eta argitsu batekin. Ni hara joaten nintzen garaian jende gutxi ibiltzen zen egunez; gauez mukuru, ordea. Eskailera ilunak jaitsi behar ziren, infernurako bide nonbait. Gero kobazulo moduko bat agertzen zen eta bertan barra txiki bat, garbia, tabernari are garbiago bat buru, billar-mahai bat, eta poster erraldoi bat, pareta bat osorik hartzen zuena: Miles Davis eta John Coltrane erakusgai. Miles Davis 1990ean hirira etorri zela gogoan dut, jazzaldira. Ia emanaldi osoa publikoari bizkarra emanda aritu zen, berarekin zeuden musikariak gidatzen eta zuzentzen. Kritikatua izan zen horregatik. Handik urtebetera hil zen, gaztetatik berarekin zeraman gaixotasun batek erasanda. Argazkiak iraun du, heriotzaren eraso makurretik babesturik, aske eta garaile bere gerra isilean. Barmanak 'Kind of Blue', 1959an grabatuta, izugarri maite zuen eta, jende gutxi zegoelako, edo bestelako aitzakia hartuta, behin eta berriro ipintzen zuen, binilozko diskoak jotzen zituen aparatuan. Idazten ikusten ninduelako, eskuz tapa beltzeko koaderno liso batean, ez zuen hitz-aspertu handirik izaten nirekin, baina noiz edo noiz niri begira harrapatzen nuen, bere txokoan herabe, barra alde hartan gerorako prestaketak egiten. Haren kezkak barnera joaten ziren, kanpora bainoago. Irudipen hori nuen.

«Poster haren babesean igarotako aldia gogoangarri zait, orduan idatzitakoa bezainbeste. Inspirazioa musika soinuarekin batera etortzen zitzaidan»

Ez zait posterraren irudia ahantzi. Miles Davis tronpeta jotzen ageri da. Ondoan John Coltrane dago, saxoa jotzen. Jakin dudanez, 1960ko argazkia da, Parisen ateratakoa, Olympia antzokian jo zuten aldian. Gazteak izanik, biek ala biek maite zuten bizitza, ezer baino lehenago. Bizi ziren bitartean ez zuten, antza denez, heriotzaren lainorik beren inguruan sumatu, edo, sumatu bazuten, aienatu zitzaien osotoro. Bizitza, patuaren esku utzita, bere kasa zebilen ontzia zen, orain harkaitzen aurka jotzeko zorian, gero hondartza luze eta arrotzean geratzekoa. Existentzialismoak giza bizitzaren salbuespena azpimarratzen du, eta poztasunerako bideak irekitzen. Baina, noski, poztasun hori ere halabeharraren mende dago; salbuespenekoa baita. Poster haren babesean igarotako aldia gogoangarri zait, orduan idatzitakoa bezainbeste. Inspirazioa musika soinuarekin batera etortzen zitzaidan.

Ez dut jada tabernetan idazten. Asko aldatu da giroa bertan, aldatu diren bezala ohiturak eta zaletasunak; ni neu aldatu naizen bezala. Gaur egun modako dagoen eta lau haizetara zabaltzen den musika arrotza zait. Maite dudan jendeari maitagarri zaionez, onartzen dut, traba eta oztopo-harri ez izatearren. Nahi nuke niretzat ere gustagarria izatea. Saiatzen naiz, ez dut lortzen, baina ez dut etsitzen. Etxean nagoela, ordea, ordenagailua piztu berritan, 'In A Sentimental Mood' kantarekin hasten da idatzi aurretiko nire errituala. Sentimentalak garelako, musikaren isuriari uzten diogu geure pentsamendu, nahi eta desirak berarekin eraman ditzan, egon ez garen tokira, bizi izan ez dugun denbora aldera. Idaztea, izan ere, norberari dagokion denboratik eta tokitik kanpora alde egitea da.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Coltrane

Coltrane