Borrar
La Lotería Nacional de hoy sábado: comprobar resultados del 6 de diciembre
Ilustrazioa: Mikel Casal

Bilaketaren bukaera

Esan nion ordura arte aipatu ez nion presa nuela eta geldituko ginela hurrengo egunetan lasai

Arantxa Urretabizkaia

Kazetari idatzizko hedabideetan nahiz ikus-entzunezkoetan. Idazle gisa, kontakizungintzan kokatzen dira bere lanik ezagunenak; duela berrogei urte argitaratu zuen 'Zergatik, Panpox'ekin hasi zen, eta 'Bidean ikasia' bere azken lanarengatik Euskadi Saria jaso zuen.

Asteartea, 8 abuztua 2023, 00:07

Comenta

Bere burua ezkertiar peto-petotzat izan du ezagutzen dudanetik, harro esango zizun bera ezkertiar nahasgabea zela, garbietan garbiena. Eta aukera ematen bazenion gehituko zizun gezurrezko ezkertiar asko dagoela, izen hori merezi ez duena. Bera, berriz, ezkertiarrik egiazkoena zen, sakonena, eredugarriena, zilarra bezain distiratsu, airea bezain garden, batzuetan alderrai zebilela bazirudien ere, ez omen zuen inoiz iparra galtzen.

Beti ezkerreko indarrei ematen zielako botoa, askotan zatiketa baten zatiketa ziren indar txikien alde egiten zuelako? Ez, aitortuko zizun tarteka, egoerak hala beharturik, eskuineraxeago zeuden indarrak ere babestu izan dituela, adibidez une horretan gustukoen zuen indar politikoa ez zelako hiriko udal hauteskundeetara aurkezten edo gehien gorrotatzen zuen alderdiari boto hori zitzaiolako mingarriena.

Orduan, beti egiten zuelako behartsuenen alde? Ez, hori bere bizitza pribatuari omen zegokion, ez jarrera politikoari. Bizitza pribatuaren eta jarrera politikoaren arteko zatiketa hori kontuan izan gabe nekez ulertuko zenuen zer nolako pertsona zen. Bere bizitza pribatuan gurasoengandik jasotako etxebizitza batzuk zeuden, lur zati txikiak eta, hitzak hitz, ez die sekula santan jaiotzez dituen pribilegioei uko egin. Hori zen bere kontraesanik nabarmenena, agian bakarra. Hortik aurrera bere iparrorratzak ez omen zion sekula santan kale egiten.

Hain zen benetakoa bere ezkertasuna, non batzuetan ez baitzuen botorik ematen, ez zuelako inor bera bezain ezkertiar ikusten

Hain zen benetakoa bere ezkertasuna, non batzuetan ez baitzuen botorik ematen, ez zuelako inor bera bezain ezkertiar ikusten. Eta alderdikoikeria hori ez zen okerrena. Okerrena zen garbitasun hori politikatik haratago eramaten zuela, eguneroko bizitzaraino. Esan ohi zuen tolerantzia nor bere ideia politikoak defendatzera ausartzen ez denean dela beharrezko, babesleku besterik ez dela eta bera libre izateko jaio dela, ez den hori disimulatzeko.

Luzaroan miretsi izan dut erradikalismo hori, klase kontua bazter utzita arnasa hartzea bezain automatiko zitzaion koherentzia hori, kirolerako gaitasun aparta duen pertsona miresten den bezala, edo naturatik edertasun aparta jaso duenaren aurrean miraz gelditzen zaren bezala. Edozertan gaitasun aparta dute pertsona batzuek eta gainerakook ez gara sekula hain urruti helduko, hamaika saio eginda ere.

Zenbat aldiz zigortu izan dudan neure burua, haren gailurrak zapaltzeko gauza ez naizelako. Bitartean, ikusi nuen nola baztertzen zituen aspaldiko adiskideak, bazkalondo batean huskeriez hitz egiten zutelako edo soinean arropa garestia zeramatelako. Horrelako zerbait kontatzen zidanean ez zidan iritzia eskatzen, hartutako erabakia jakinarazten zidan, besterik ez. Eta ni, aitortzen dut, isildu egiten nintzen. Ez nuen txalotzen, hori ez, baina ez nion jokaera kritikatzen. Bitxikeria bat iruditzen zitzaidan, ausarkeria zoro eta beldurgabea.

Inguruan gero eta adiskide gutxiago zuen, sarean egiten omen zituen, ordea, adiskide berriak, edo hori esaten zidan, han aurkitzen zituela pertsonarik interesgarrienak, berarekin bat egiten zutenak. Benetako ezkertiarrak, beraz, esateko asko zuten ezkertiar baztertuak.

Horrela utzi nuen kontua herritik alde egin behar izan nuenean. Bi urte eskas egin nuen kanpoan, eta, tarte horretan, noizean behin, mezuak trukatzen genituen, beti ideologikoak, eguneroko bizitzarekin zerikusirik gabeko gutun elektronikoak. Agian distantziak eman zidan ikuspuntutik egiaztatu nuen oraindik ere bila zebilela, ia adiskiderik gabe gelditu bazen ere, arima kideak bilatzen jarraitzen zuela. Baina talde batera hurbildu bezain laster, bertan guztiz garbiak ez ziren pertsonak aurkitzen zituen, eta, horrekin batera, handik alde egiten zuen, beti ere iparrorratza eskuan.

Berriz ere etxera itzuli nintzenean, ez nuen berarekin berehala topo egin. Deitu nahi nion, baina, aldez aurretik, neure burua kokatu nahi nuen, etxea txukundu, paperak eguneratu. Gezurra dirudi nola aldatzen den hainbeste gauza hain denbora laburrean, betiko kaleak bestelakotzeraino. Tenore horretan egin nuen topo berarekin kalean, ni anbulatorioan osasun txartela berritzera nindoala eta bera paseoan ari zela.

Kontatu zidan gurutzearen azpian, elizaren barruan aurkitu zituela benetako ezkertiar garbiak

Eman genizkion elkarri ohiko bi musuak eta irribarreak eta nik proposatuta anbulatorioaren pareko kafetegira joan ginen, presarik gabe. Lehen begiradatik egiaztatu nuen ilea moztu zuela eta kilo batzuk irabazi zituela. Baina arreta piztu zidan hurrengo xehetasuna asaldagarriagoa izan zen. Ezagutzen nion soinean zeraman arropa, ez, ordea, lepotik zintzilik zeramana: egurrezko gurutze bat, larruzko lokarri bati lotua. Gurutzeak ez zuen apaindurarik, trebezia handirik gabe edonork egin zezakeen zintzilikarioa zen, xumea oso.

Ez nion gurutzea aipatu, baina kafesneak mahai gainean jarri bezain laster hartu zuen zintzilikarioa eskuetan eta hitzik gabe jarri zuen nire aurrean. Irakurriko zuen nire aurpegian hitzik gabeko harridura, eta hor hasi zen agian hamar minutu iraungo zuen bakarrizketa. Kontatu zidan bukatu zuela bilaketa, aurkitu zuela bilatzen zuena. Hor, gurutzearen azpian, elizaren barruan aurkitu zituela benetako ezkertiar garbiak, kutsagabeak. Esan zidan pertsona horiek ez dutela beren burua ezkertiartzat, baina eredugarriak direla. Aingeru hutsak, esan zuen hitzez hitz.

Azkenean, esan zuen diskurtsoaren bukaera azpimarratuz, buelta handia eman behar izan dut txikitatik eskura izan dudana aurkitzeko. Isilune bat gauzatu zen ondoren, berak nire hitzak entzun nahi zituelako eta nik ez nekielako zer esan. Egingo nuke ahoa zabal zabalik nuela, taberna hartako euli guztiak irensteko prest.

Esan nion pozten nintzela, batez ere ondo ikusten nuelako, aspaldiko partez bakearen antzeko zerbait antzematen nuelako haren begietan. Bake hitzak asaldatu zuen. Esan zidan ez zebilela bake bila, egiaren bila baizik eta ez zuela burua galdu, jakin bazekiela eliztarren artean denetik zegoela, are gehiago, eskuindarrak zirela gehienak, apaizak barne, baina babes horren barruan aurkitu zituela helburu nagusitzat besteei laguntzea zuten pertsonak. Eta hori zela egiazko ezkertiarren seinalea, ez besterik, kontua ez zela dotrina, ekintzak baizik.

Une batez pentsatu nuen beste hainbati esandakoa esango zidala, alegia, ez zitzaiola nirekiko harremana interesatzen...

Ihes egiteko gogoa sumatu nuen berehala, kafesnea bukatu aurretik ere bai. Mahaigaineratu zuen gaia saihestu nahian kontatu nion apenas neramala astebete herrian eta lan bila hasiko nintzela laster, ez nuela berriz alde egiteko asmorik. Ironikoa iruditu zitzaidan irribarrea izan zen erantzun bakarra, eta orduan bota nituen izen batzuk, bion aspaldiko lagunen izenak. Sorbaldak jasoz esan zidan ez zuela haien berririk, aspaldian ezabatu zituela bere bizitzatik, kalean elkar ikusten bazuten ere agur hotz bat besterik ez zutela trukatzen. Eta eskuina astindu zuen, eltxo bat uxatu nahi duenaren antzera.

Orduan galdetu nion lagun berriak egin ote zituen elizaren txoko horretan, eta ezetz erantzun zidan, honezkero jakin beharko nukeela ez zebilela adiskide bila, primeran bizi zela bakardadean. Une batez pentsatu nuen beste hainbati esandakoa esango zidala, alegia, ez zitzaiola nirekiko harremana interesatzen eta hor uzten zuela gure artekoa, bertan behera. Baina ez zen horrelakorik gertatu.

Trukean, azken boladan gertatutako pasadizoak aipatu zituen, nola gauzatzen zen ontasunik onena aurkitu zuen talde berri horretan. Ezagutzen nion bolada batez gustuko izango zuen taldearekiko gogoberotasun bera, eta isilean kalkulatu nuen zenbat iraungo zion azkenak. Ahoskatu gabeko galdera entzun izan balu bezala esan zidan azken eguberrietan egin zuela topo jende horrekin eta bat-bateko maitemina izan zela, ia-ia fletxazo bat.

Desagertu ez ezik, ihes egiteko gogoa sendotzen ari zitzaidan. Esan nion ordura arte aipatu ez nion presa nuela eta geldituko ginela hurrengo egunetan lasai hitz egin ahal izateko. Ezagutzen ez nion baretasunaz baiezko keinuak egin zituen buruarekin eta bost euroko billetea jarri zuen mahai gainean. Zerbait ordaintzeko presa hori ere ezezaguna zitzaidan.

Zurrunbilo batean galdurik sartu nintzen anbulatorioan, eta begiak non finkatu ez nekiela jarri nintzen ateko erizainaren aurrean. Emakumeak zeren bila ari nintzen galdetu zidanean konorteratu nintzen berriz. Eta, halere, une batez pentsatu nuen egurrezko gurutze bat astinduko zuela nire aurrean, baina ez, galdera errepikatu zidanean galdegin nion zer egin behar nuen Osakidetzako txartela gaurkotzeko. Ez zitzaidan sekula nire bizitza hain aspergarri iruditu.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Bilaketaren bukaera

Bilaketaren bukaera