
Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
50 urte pasa dira Aresti hil zenetik, eta oraindik ere nabaria da gure kulturan utzi zuen arrastoa. Arrasto bizia eta klaroa. Ez zuen orduan erraza izan, eta mingostasun zama handia pairatu behar izan zuen. Bere argitasun eta kontraesanekin egin zuen aurrera, edonor kabitzeko moduko etxe baten metafora mailu bidez landuz. Estereotipoekin apurtu, eta ildo berriak ireki zizkion euskaltasunari. Bere poemak dira horren lekuko. Haren aniztasuna erakusten duten bi poema ekarri nahi izan ditut lerrotara, poeta bakar batean kabitzen ziren poeta eta bidegurutze guztiak ahalik eta oparoen islatzen saiatzeko.
Nire aitaren etxea
defendituko dut.
Otsoen kontra,
sikatearen kontra,
lukurreriaren kontra,
justiziaren kontra,
defenditu
eginen dut
nire aitaren etxea.
Galduko ditut
aziendak,
soloak,
pinudiak;
galduko ditut
korrituak,
errentak,
interesak,
baina nire aitaren etxea defendituko dut.
Harmak kenduko dizkidate,
eta eskuarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
eskuak ebakiko dizkidate,
eta besoarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
besorik gabe,
sorbaldik gabe,
bularrik gabe
utziko naute,
eta arimarekin defendituko dut
nire aitaren etxea.
Ni hilen naiz,
nire arima galduko da,
nire askazia galduko da,
baina nire aitaren etxeak
iraunen du
zutik.
Asko idatzi da Arestiren 'Nire aitaren etxea' poemaz. Atzetik dauden sinboloez, testuinguruaren garrantziaz, Arestiren beraren «gorritasunaz» eta euskal gizartean une horretan gertatzen ari zen paradigma aldaketaz… Geroztik, maizterrak, okupak eta bestelako gurasoak atera zaizkio etxeari. Baliotsua, nolanahi ere, ondasun higiezin bokazioa duen aldetik. Etxeak zimenduak behar ditu, teilatu bat, euritik eta eguraldi txarretik babesteko. Aukera zezakeen zuhaitz bat, eta sustraiak aipatu, baina ordurako sarriegi erabilitako irudia zen, eta gure iruditerian Gernikako arbola bezalako totem bat zegoen; eta litekeena da Arestik irudi kaletarrago bat bilatzea, natura idilikoari aurka jartzen zitzaiona, baina, aldi berean, sustraiaren sinbologia bere baitan zuena. Etxeak ondo josita behar du lurrera, eta paisaiaren zati garrantzitsu eta taupakari izan. Etxerik gabe alderrai gabiltza, noraezean. Etxetik ateratzen gara egunero, eta etxera itzuli. Etxe bat norberarena, esango genuke orain, baina etxe bat izan daiteke askoren aterpe, jende eta ideia askoren bilgune, leiho eta eskailera askokoa. Euskal Herria ikusi nahi izan dute askok etxe horren junturetan. Lur bat, kontzeptu bat… Arima galduta ere zutik iraunen duena.
Aldarrikatu ahal zuen etxola bat, baserri bat, baina etxea aukeratu zuen. Eta hitzen aukeraketa beti da garrantzitsua poesian. Etxea sendoa eta konplexua da aldi berean. Hirien oinordekoa. Eta Arestik poesia urbanoa, kaletarra bilatzen zuen, ordu arte nagusi zen landa-giro hainbatetan idilikoari ihes egin nahian. Bere lagun min Blas de Oterok esango zukeen bezala, «gizakien erdian eseriko den bertso baten bila» zebilen. Eta ez da gutxi Arestik Blas de Oterori zor diona, harengandik edandakoa (ikus, esaterako, Blas de Oteroren 'En el principio' poema, eta konparatu 'Nire aitaren etxea'rekin).
Ez zaizkio falta poemari, bestalde, oihartzun erlijiosoak eta irudi gogorrak. «Sikatea», «lukurreria», «besorik gabe», «sorbaldarik gabe», «bularrik gabe»… Lauaxetaren «dana eman bihar jako» haren oihartzunak ere badauzka. Etxe horrek, aitarena edo amarena izanda ere, denak onartzen ditu, seme-alaba bertutetsuak eta ardi galduak. Etxeak ematen baitie izatea denei, eta denak hartzen bere baitan. Horregatik, hain zuzen ere, ez du jaberik onartzen, mankomunatua delako, eta babesle guztiak ongi etorriak direlako, datozen lekutik datozela.
Lizardi
sei otso eta lau ardi;
ni zikin eta zu garbi;
zuk lore eta nik harbi.
Eta zuk eskribatzen zenuen denboretan
mutilak ez baitziren hiltzen
kamino-bazterretan,
eta orduan Alfonso Sastre
mutiko kozkor bat zen,
eta deserrituak
herrian zeuden;
eta orduan gartzelan
ez zegoen gose-grebarik,
eta orduan
apaizak
apaiz
ziren,
eta orduan etzuten oraindik
ez Lauaxeta
ez Bronstein
asesinatu,
eta orduan
Gernikan etzen bonbardatu,
eta orduan...
eta orduan...
eta orduan...
Baina orain hemen bizi gara,
eta Euskadi berdeagoa da
eta nik nola eskribatuko
dut
Bihotz-Begietan bezalakoren bat...
Eta nik eskribatu dut
eta eskribatu dut
eta eskribatu dut...
eta, eta, eta Va eta VIa.
Lizardi
eguzki bat eta izar bi
Arestik, Blas de Oterok edota Celayak poema bana eskaini zioten Lizardiri. Miresmenez eta kariñoz betetako poemak denak. Baina garaiak aldatzen doaz. Lizardi Gerra Zibila baino lehen hil zen. 'Leihotik bultzia' izan baino lehen. Edertasun klasikoa darie Lizardiren poemei, hausnar sakona, naturaren hizkera. Arestik garbi uzten du poemaren hasieran: «Ni zikin eta zu garbi;/zuk lore eta nik harbi». Urte gutxian aienatu ziren Lizardiren garaiak. Jauzi handia dago haren poesia orekatutik Arestiren garrasi gizatiarrera. Tartean, hilketak, bonbardaketak, gerra, erbestea… Aresti ohartu zen ezin zuela idatzi «Bihotz-Begietan bezalakoren bat…». Poeta bere garaiaren seme-alaba da neurri handi batean, edo bere garaira egokitzen du iraganaren ondarea. Edo tradizioa berritu dezake. Poesiak natura berdetik giza izaerara egin dezake jausi. Pintzeletik mailura. Eta bietatik zuen Arestik, nahiz eta gehienetan eskuan mailua eraman. 'Maldan behera'n poeman eroritako gizaki gisa agertzen du bere burua: «orain zikina, zitala banaiz/ orduan nintzen garbia». Bera ere izan zen lore, baina suzko lore bihurtzea erabaki zuen, barruko polena erraustu arte.
Edan zuen, landatik eta hiritik, iraganetik eta gaurkotasunetik, bertso alexandrinotik eta bertso libretik. Euskaltasun berri bat sortzen saiatu zen, euskara eta langile-mugimenduak uztartzen. Euskara batuaren aldeko ahaleginean murgildu zen, «Kantabriako itsasoa» jo zuen kolpeka. Elioten poemak itzuli zituen. Lizardi miretsi zuen. Oteizari azaldu nahi izan zion bere poemen bidez zergatik ez zen eskultorea euskal arimaren zolara heldu, «gu itotzen garen/infernu behere honetara». Gaur egungo euskalgin-tza haserraraziko zuen euskalduntzeari buruzko bere zenbait irizpiderekin.
Era berean, hil aurretik, garbi ikusi zuen zer zetorren etorkizun hurbilean, 'Josepa Mendizabal Zaldibian' poeman ulertzera ematen duenez: «Etarren amek/asko sufritzen dute,/semeak hiltzen dizkietenean/eta batez ere/semeek hiltzen dutenean...». Iragana, oraina eta etorkizuna harilka-tzen zituen argitasun moduko baten jabe zen, eta horregatik jarraitzen du bizirik eta guri galdezka.
Publicidad
Ivia Ugalde, Josemi Benítez e Isabel Toledo
Óscar Bellot | Madrid y Guillermo Villar
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.