Aldatu gidoia mugimenduak mobilizaziora deitu du, «euskara erdigunean jartzeko»
Euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoen aldeko protesta egingo dute maiatzaren 18an, Gasteizen
'Aldatu gidoia euskararen alde' lelopean, zenbait eragilek euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoen aldeko protesta egingo dute maiatzaren 18an, Gasteizko Foru plazatik abiatuta, «euskara eta euskarazko kultura ukaezinezko zutabe izango dituen Euskal Irrati-Telebistaren alde», hain zuzen ere. Hala iragarri zuten ostegun honetan Altsasun egindako agerraldian.
Publicidad
Zehazki, deialdiarekin bat egin zuten ELA, LAB eta Steilas sindikatuek, Euskalgintzaren Kontseiluak, UEMAk, Euskal Herrian Euskaraz-ek, AEK-k, Ikastolen Elkarteak, Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak eta askotariko talde eta eragile euskaltzalek. Xaloa telebistak, Aiaraldea Ekintzen Faktoriak eta Guaixe fundazioak ere parte hartuko dute protestan eta, hori gutxi balitz, pantailetan euskara zabaltzeko lanean ari diren herritar taldeak izango dira Gasteizen.
Bideo baten bitartez argi utzi dutenez, «une delikatuan dago euskararen biziberritzea eta adierazle asko ari zaizkigu esaten gauzak ez dabiltzala ondo». Ildo horretan, diote «egindakoa kolosala izan bada ere, orain arte egindakoa eginez, ez dugula aurrera egingo».
Ikusentzunezkoak dio, halaber, «ez dugula denborarik noraezean egoteko, erreakzionatzeko unea baita, eskala handiko jauzia egiteko garaia. Baina horretarako etxea sendotu behar dugu lehenik, aisialdian eta gure bizitzan daukan garrantziagatik bestelako kultura eta ikus-entzunezko politikak behar ditugulako».
Eta amaitzen du esanez «euskaran arnastutako Euskal Irrati Telebista behar dugula, premiaz, eta EITBz haragoko hizkuntza-politikak, zinema eta plataformetan euskarazko eskaintza duina bermatuko dutenak. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eta EITBri eskatzen diegu gidoia aldatzeko euskararen alde, kultura eta ikus-entzunezko politiketan euskara erdigunean jartzeko. Lagunduko al diguzu bidea egiten? Denon ardura delako etorkizuna marraztea maiatzaren 18an ezinbesteko zita dugu Gasteizen. Eman bide euskarari! Zatoz!».
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión