Azkorbebeitia kirolariak euskarazko biografia dauka Wikipedian. E. C.

Durangaldeko andren ekarpenak bistaratzera dator WikiEmakumeok

Mentxu Ramilo adituak jardunaldia eskainiko du bihar Durangon, Wikipediari buruzko jakin-minak azaltzeko

NAHIKARI CAYADO

DURANGO.

Martes, 21 de enero 2020

Historian erreferente izandako emakumeen ekarpenak ezagutzera emateko sortu zen WikiEmakumeok. Euskaraz zein gaztelaniaz, hauen biografiak interneten bistaratzea eta bezain besteko garrantzia ematea da bere helburu nagusia. Dagoeneko, Durangaldeko 80 bat emakumeren biografiak idatzi dituzte sarean bertako Andereak kolektiboko kideek. Halere, edonork har dezake parte dinamika honetan, etxetik ere egin daitekeena. Bihar arratsaldean bertan wikikedada bat antolatu dute Ibaizabal Ikastolan, non bertaratzen direnek Wikipediak nola funtzionatzen duen eta informazioa nola lortu behar den ikasiko duten Mentxu Ramilo adituaren eskutik.

Publicidad

«Auzolan bat da hau. Momentuz taldetxo bat gara, baina gure guraria Andereak kolektibotik kanpo dagoen jendeak ere parte hartzea da», adierazi du bertako kidea den, Marisa Barrenak. Orain dela pare bat urte ekin zioten Durangon dinamikari. «Hasiera batean udalerriaren historian erreferenteak izan ziren emakumeen inguruan egin genituen biografiak», azaldu du Barrenak. Horrela ba, egun parkeen izenak diren Aurora Abasolo edota Benita Uribarrena emakumeak aukeratu zituzten. «Jendeak ba al daki akaso nortzuk izan diren? Pena bat da», dio durangar honek.

Horrexegatik hain zuzen ahanzturatik erreskatatu dituzte hainbat eta hainbat izen. Emakumeen euskarazko biografia berriak sortzeaz gain, euskal Wikipedian genero-ikuspegia txertatzea da WikiEmakumeok-en helburuetako bat. «Konturatu ginen emakumeen biografia oso gutxi zeudela euskaraz, eta hori aldatzera gatoz», aditzera eman du Marisa Barrenak. Ildo berean, emakumezko editore euskaldunen kopurua handitzea bultzatuko dute, emakumeen biografiak sortzen diren bitartean.

Atzoko eta gaurko emakumeak hartu dituzte erreferente moduan Durangaldeko WikiEmakumeok eratzerako orduan. Dantzariak, idazleak, musikariak edota kirolariak, arlo desberdinetan adituak diren eta izan diren emakumeen izenekin zerrenda luze bat daukate eginda eskualdeko dinamika honen sustatzaileek. «Guk proposatutako izenak dira zerrendan agertzen direnak. Hasiera batean Durangoko emakumeak bakarrik ikertzen hasi bagina ere, egun Durangaldeko eta inguruko herrietako emakumeak ere sartu ditugu, haiek ere onarpena merezi baitute», gehitu du Barrenak.

«Erreferentea»

Oihana Azkorbebeitia kirolari abadiñarrak edota Lara Izagirre zinemagile zornotzarrak, esate baterako, aspaldi zendutako emakume erreferenteekin partekatzen dute zerrenda luzea, hala nola, Lourdes Munitxa euskaltzalearekin edota Begoña Sopelana maistra eta soziologo iurretarrarekin, adibidez. Talde-lana izanik, Marisa Barrenak oso argi dauka biografiak «denon artean egiten ditugula. Guk elkarri egiten dizkiogu zuzenketak, baina beti hobetze aldera», azpimarratzen du.

Publicidad

Izan ere, eta bere hitzetan, «traba asko dauzkagu askotan. Ikertzen ari garen pertsona aurreko mendean hil baldin bada esaterako, eta nahiz eta sakon bilatu, ez ditugu aurkitzen behar bezain beste datu. Horrek lana izugarri atzeratzen digu», dio Barrenak.Traba guzti hauek nola gainditu behar diren irakastera dator bihar, hain zuzen, Mentxu Ramilo gasteiztarra. «Erreferente bat da», dio Barrenak.

Durangoko Ibaizabal Eskolan egingo duen jardunaldian Wikipedian nola editatu, idatzi eta ikerketa lanak nola egin behar diren azaltzera dator Ramilo. Hitzordua arratsaldeko 16.00ak eta 19.00ak bitartean izango da. Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute Andragunean bertan edota 699 87 23 95 telefonora deituz.

Publicidad

Marisa Barrenak jendetza espero du bihar wikikedada honetan. «Geroz eta gehiago izan, hobeto. Oso tresna egokia da emakumearen presentzia handitzeko», adierazi du. Jardunaldi honen ondoren «Hilabetero hitzordu bat ezartzea gustatuko litzaiguke lan honi jarraipena egiteko», aditzera eman du durangarrak.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad