Strip-tease pilulak
Loraldiak bultzatutako lau zuzendarien begiradaz osaturiko ikuskizunak gorputzak ez ezik, emozioak ere agerian uzten ditu
virginia enebral
Martes, 28 de marzo 2017, 02:01
Loraldiak arriskuak hartzeko gogoa zeukala aurreratu zuen eta erabaki horren emaitza asteburu honetan ikusi da Arriaga Antzokian, Strip-tease izenburupean. Abiapuntua sinplea bezain ausarta zen: eskarmentu handiko lau zuzendari ezberdinei gai bakarra eman ikuspegi desberdineko antzezlan bat osatzeko. Ideiak bazuen bere zailtasuna. Istorioak gaizki taxutuak ager zitezkeen, lanak desorekatuak izan edo bata eta bestearen artean ikusleek interesa gal zezaketen. Ez zen hala gertatu. Taularatutako begiradak elkarren osagarri bihurtu eta obra aurrera egin ahala goraka doa. Biluztasuna josirik daraman anglizismoak boterea, premia, erotismoa, desioa, umorea, frustazioa, harridura, ustekabea, kritika eta itxaropena ere badakar.
Jokin Oregi, Garbi Losada, Mireia Gabilondo eta Fernando Bernuések asmatutako antzezlanek casting batera zein XI. mendera eramango gaituzte. Garun paralisia pairatzen duen Telmo Irureta aktorearen azalean ere jarriko gara eta baita kuxkuxeroak izateko aukera izango dugu ere. Tarteka musika protagonista izango da. Ezin bestela izan eta. Klara Mendizabal sopranoren ahotsak antzokia beteko du. Rita Hayworth-en 'Put the blame on me' edo Kim Basinger-ek arropak eranzten zituen bitartean entzuten zen Joe Cocker-en 'You can leave your hat on' ere entzungo dira.
Baina, batez ere, strip-tease hitzari buruzko laukote honen hausnarketak aldarrikapenez blai daude. «Denborak biluzten gaitu», «bizirik sentiaraztea nahi dugu» edo «giza eskubideak zapaldu eta arima eromenera eramaten gaituzte» bezalako adierazpenek jendartearen buruan durundi egin eta «emozioak piztea» lortuko dute. Ikuskizuna amaitzean, publikoak zer pentsa edukiko du, baina ez kezkatu, norbait larrugorritan geratuko da, alegia. Hala ere, kamerari adi egon!