Borrar

Pasio hutsa

Intimoa den oro, beraz, unibertsala da, elkarrengana hurbiltzen gaituelako. Eta unibertsala denez, denoi dagokigu

Astelehena, 14 otsaila 2022, 10:50

Comenta

'Amour fou?'. Zoramena beti da interesgarria, eta beste hainbeste maitasuna, edozein aldaeratan: heziketa sentimentala, senaren deia, bulkaden maneiua, amildegira abandonatzeko tentazioa, euforia, dekadentzia… Amodioak hiru urte irauten duela gaztigatzen zuen Frédéric Beigbederrek. Baina pasioak? Agian ez da kasualitatea gaiari buruzko libururik interesgarrienak motzenak izatea; Annie Ernauxen 'Pasio hutsa' nobelak, esate baterako, 67 orrialde baino ez dauzka. Hortxe, lehen gakoa: laburra izatea.

Pasio edo obsesio deitu garbi ez genukeen horrek bil litzake bere baitan erridikulua dena, irrazionala dena, patetikoa dena, esplizitua, gehiegizkoa… Baita, jakina, sinesgaitza dena ere. Zein estrategia hautatu? Vargas Llosak (auto)parodia egiten duenean lortzen du egiazkoen izatea ('La tía Julia y el escribidor') eta Marguerite Durasek ispilua eta bisturia erabiltzen ditu, gordin, itzulingururik gabe ('Maitalea', 'Mina'). Sintzerizidioaren arriskuak saihestuz, edo sintzerizidio baten ondorengo berpizkundean sinetsiz idatzi behar ote da? Batek daki. Batzuetan, 'ahultasuna' kutsu heroikoz jan-tzi nahi dela lirudike: katarsi pertsonalaz harago, ze zentzu dauka harreman gozagarri zein toxikoetara abandonatu ondoren haiek kontatzeak? Irakurlearen morboari dei egiten dioten idazle morbosoek baino ez dute joera hori? Ezezkoan nago. Intimoa dena eta pertsonala dena bereizi behar dira horretarako, lehenbizi. Intimoa, guztion interesekoa dena litzateke. Uler bedi: intimitatea erraiak dira, norberarenak eta besteenak, hain an-tzekoak eta identifikagarriak diren bizipenak eta sentimenduak. Intimoa den oro, beraz, unibertsala da, elkarrengana hurbiltzen gaituelako. Eta unibertsala denez, denoi dagokigu. Pertsonala dena, berriz, ez. Pertsonala dena norberari baino ez dagokion xehetasuna da, buruko osasuna mantentzeko maskarari zor diogun zatia. Intimitatea, paradoxikoki, publikoagoa da; pertsonala dena, ordea, pribatua litzateke. Jakina, errazagoa da teoria praktika baino, eta ongi dakigu literatura ona lerro estu horren gainean idazten dela.

Amodioak hiru urte irauten duela gaztigatzen zuen Frédéric Beigbederrek. Baina pasioak?

Benetako luxua

Simetriaren kontua letorke gero. 'Amour fou' hori aldebikoa eta simetrikoa denean inbidia ki- tzikagarri -are exhibizionista- bat baino ezin du narratzaileak transmititu (ongi begiratuta, ez da gutxi). Pasio hori modu asimetrikoan biziz gero, aldiz, marko sadiko baten baitako koadro masokista marrazteko arriskua genuke, edota aldebakarrekotasun edo sumisio horren talkak lekartzakeen sufrikarioa, mespretxua eta indiferentzia; mendekuak eta krimenak eta haien arrazoibide ilunak aletzeko aukera.

Pasioak oinazean barneratzen gaitu, eta oinazeak, jakina da, protagonista bihur gaitezen lortzen du. Pudorearen kontra, dinamita literarioa erabiltzen da zenbaitetan, baina norbere burua dinamitatu behar da lehenbizi, irakurleak ariketa zintzoa izan dela uler dezan.

Nola jarri hitzetan haragi bizitan dena? Hara zer zioen Saizarbitoriak: «Sexua hitzik gabe, poesiarik gabe, musikarik gabe alegia, hutsa da. Niri inpultso sexual sublimatuak iradokitako poesia eta musika sexua baino gehiago interesatzen zaizkit. (...) Nire denboran gai debekatua zen, eta gaur, ostera, gehiegi hitz egiten hasiak gara beharbada». 'Egunero hasten delako' liburuko pasarte bat zen hori, eta «gaur», 1969. urtea. Idazten duenak arrisku hori dauka, izan ere: mugarrien garraio gabiltzala beti, eta ez dakigula ausarkeriaren eta morboaren lerroak non egongo diren bihar.

Annie Ernauxen 'Pasio hutsa' ondorio batekin amaitzen da (Joseba Urteagarena da itzulpena): «Haurra nintzenean, niretzat luxua larruzko berokiak ziren, gau-soinekoak eta etxe dotoreak itsasertzean. Gero uste izan nuen bizimodu intelektuala eramatea zela benetako luxua. Orain pentsatzen dut badela ere gizon edo emakume batenganako pasio bat bizi ahal izatea».

Bitxia da hitz horren erabilera: 'luxua'.

San Agustinek zioen gutxiago dutela galtzeko pasiora abandonatzen direnek, beren pasioa abandonatzen dutenek baino. Galera handia litzateke pasioari buruz idaztearen pasioa galtzea bera.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Pasio hutsa

Pasio hutsa