Mistikoen bizitza paradoxa bat da guretzat eta, gu bezala, pentsamendu arrazionalean hezitako jendearentzat. Mistikoentzat bizitza heriotza da, eta heriotza, aldiz, bizitza. Haien logikaren muinetan sartzea lortuz gero, galde daiteke -nik galdetzen dut-: bizitza heriotzan bilatzen duenak zer bilatzen du bizitzan? Erantzuna ez da zaila, mistikoek bizitzan heriotza nahi dute, hilda bezala bizi, alegia hil gabe hilda bizi. Beraz, neurri batean, heriotzak mistikoak heriotzatik libratzen ditu. Esan beharra dago, heriotza hain preziatua eta estimatua bada, Jainko maitearekin elkartzeko unea eskaintzen duelako dela. Jainkoarekin elkartu nahi dute mistikoek, bera besarkatu, bera maitatu, biak parez pare eta maila berean. Ez dut ulertzen heriotzaren apologia hori, ulertzen ez dudan bezala bizitza kosta ahala kosta bizitzeko grina hori. Bizitza heriotza baino garrantzitsuagoa da, hala ere. Poesia bizitza kantatzeko sortu zen, ez bizitzaren hileta jotzeko, ez heriotzaren pregoilari izateko. Halakoak ere badira, ezin uka, heriotza oso gertukoa baitugu, hain gertukoa non, batzuentzat etxeko bilakatu den. «Barrura aldera hil», esaten zuen Maria Zambranok, kanporako ateak itxi ondoren, noski.
Publicidad
Barrura aldera hiltzen dira erbesteratuak, egunerokotasunean baztertuak, kanpotik begiratuta, itxura batez, bizirik badaude ere. Ez daude hilda bizitzan, baina bai nolabait bizitzaren errepresentazioan. Inor hiltzea zuzena ala ez, nork esaten duen arabera omen, hala entzun dugu. Beste era batez esanda, hildako batzuk ondo hilda daude, beste batzuk ez. Egin dezagun gogoeta. Batzuek hiltzea merezi dute, ez bizitzea; beste batzuek ez dute hiltzea merezi, baina bai bizi-tzea. Inoren bizitza merezitakoa den ala ez erabakitzea eta epaitzea handinahikeria da, «giza ilauntasun jasanezina». Bizitza guztiak merezitakoak dira, heriotza bat bera ere ez. Zinikoek soilik zuritu dezakete heriotzaren zuzentasuna. Mundu bidegabe batean bizi bagara, hilketa bat zuzena edo bidegabea ote den galdetzeak ez du zentzurik. Hori da argudioa. «Mundu bidegabea» dioenak esan dezake «mundu doilorra», edo «mundu krudela». Heriotza geure bizitzatik baztertzen saiatzen garen bezala, ez genuke onartu behar inoren bizitzarekin amaitzea zuzena izan daitekeela defendatzen duen iritzia. Ez da erraza, jakina. Egia ere norberaren eskukoa dela pentsatzeak eraman dezake ondorio okerretara, alegia egiarik ez dagoela, norberaren interpretazioan ez bada. Baina egia badago, zuzentasuna badagoen bezala. Ez dago hilketa zuzenik, denak baitira okerrak. Bizitza ez da sakratua, baina egia ere ez. Camusek heriotza-zigorraren aurka idatzitako testu batean dio ezen zigor hori dela egia absolutua dela sinesten duten gizonen ekintza. Ez dago testu askorik literaturan halako kemenez idatzita heriotza-zigorraren aurka.
Hermann Broch erbestean hil zen. Judu izateagatik naziek hamabost egun eduki zuten ziega batean. Handik irten eta ihes egin zuen Estatu Batuetara. Ez zuen berarekin ama eramaterik izan. Ama kontzentrazio-eremu batean hil zioten, Theresienstadten. Ama salbatu ez izanaren mina eraman zuen, inoiz kendu ezin, sekula betiko. Canettiren adiskide, hark bezala jakin nahi izan zuen zergatik une batean jendeak zuzentasunaren aurkako bidea hartzen duen. 'Masen eromenari buruzko teoria' idatzi zuen, liburua guztiz ezezaguna orain. Oso gaurkoa, ordea, giza ikuspegi hutsetik begiratuta, aurreiritzirik gabe.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión