https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zurekin amestu

Amaia Romerok pianoan 'Soñar Contigo' kantua jotzen duenean, munduan dauden arazo guztiak desagertzen direla dirudi

Amaia Romero 'Soñar Contigo' kantuaren grabazioan./RTVE
Amaia Romero 'Soñar Contigo' kantuaren grabazioan. / RTVE
Roberto Moso
ROBERTO MOSO

Amaia Romerok pianoan 'Soñar Contigo' kantua jotzen duenean, munduan dauden arazo guztiak desagertzen direla dirudi. Badirudi, era berean, une batez inork ez duela nahi merkatu edo meskita batean lehergailurik ipini edo paseoan dauden ibiltari lasaiak harrapatu.

Badirudi bortxatzaileen 'mainadak' edo emakumeen hiltzaileak ez direla inoiz existitu eta Beatles taldeak abesten zuen moduan «behar duten guztia» maitasuna dela.

Amaiak abesten duenean, une batez, gaztetasuna, osotasuna, talentua, sentimendua, pasioa, naturaltasuna, edertasuna... irudi bakar batean laburbiltzen direla ematen du.

Amaiak eta Alfredek elkarrekin abesten dutenean 'Los Soprano', 'The Killing', Suburra eta antzeko telesaioetan agertzen diren ustelkeria eta depresio guztiek zentzua galtzen dute, eta mundua, bizitzeko toki atsegin bihurtzen da. 'Black Mirror'-en aurreratzen den amesgaizto teknologikoa ere ezinezko bilakatzen da, eta Donald Trump bera, eraiki nahi duen hormaz ahazten da, sorginkeriaz. Badirudi Kataluniaren afera elkarrizketa eta bide demokratikoen bidez bidera daitekeela eta areago; kantu egitean elkarri begiratzen diotenean, ez da Rominak eta Albanok elkarri begiratzen ziotenean bezala, orain begirada biak maila berean agertzen zaizkigu, genero arteko berdintasunaren ilusioa emanez.

Adituek esaten dute telebistagintza emozioak sorrarazteko artea dela. Ezbairik gabe, Espainiako telebista publikoak nolabaiteko perfekzio eta harmoniaren ametsa gauzatzea lortu du. Bejondeiela.

Askotan errepikatu dudanez, 'talent show'-ak ez ditut oso gustuko. Frank Sinatrak abesten zuen moduan, benetako arrakasten atzetik porrot ugari nabari da.

Badira ezaugarri batzuk ezin direnak akademia batean ikasi. Castingetan errefusatua izatea, publikorik gabeko egoitza batean edo kasu egiten ez dizun publiko baten aurrean jotzea zer den ezagutu beharra dago. Edo hori pentsatu dut nik behintzat.

Alabak bultzaturik, aurtengo 'Operación Triunfo'-ren lehiakide bati kasu egin nion, eta aitortu behar dut, lehenengo aldiz partaide batek harrapatu egin nauela. Amaiaren emankizunetan ibilbide luze eta gogorraren aztarna dagoela dirudi. Beharbada, bizipenek eman ez diotena, jenio apartaren bidez orekatzen du.

Asmatu egin dute bai, TVEkoek aurtengo 'Operación Triunfo'-n aukeratutako partaideekin. Inori meriturik kendu gabe, asmatu egin dute batez ere Amaia eta Alfredekin, honelako reallityetan ohikoak diren akatsak gainditzea lortu baitute.

Lortzen ari diren audientziek islatzen dutenez, bikotea (eta batez ere neska, esango nuke nik) benetako urre meatze bilakatu da tele-katearentzat. Orain galdera da, gehiegitan gertatu den legez, ez ote diren bihurtuko haien aurreko asko bezala, egun bakarreko lore. Ospea lortzea ez da erraza, baina askoz zailagoa da ospea ondo kudeatzea.

Hasi dira jada esamesak eta sare sozialetan aspaldian idatzitako sasizko iritziak, beren izen ona zapuzteko asmoz. Denok dakigu 'Eurovision' lehiaketak nolako zorigaiztoko ekarpenak eragiten dituen, gehienbat emaitza txarrak eskuratzen dituztenentzat.

Bai, ez gaitezen engaina. Ezuste galantak izan ezean, lehenago edo beranduago, hau guztia xaboi-burbuila antzera lehertuko da.

Bitartean, zuen baimenaz, 'Soñar Contigo'-ren bideoa ikusiko dut berriro.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos