https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zorrotz Morrotz Bilboko euskarazko herri aldizkari zaharrenaren erakusketa, martxoaren 28ra arte

Aldizkariaren 49. alearen azala./
Aldizkariaren 49. alearen azala.

Gaur egun Zorrotzako proiektu komunikatiborik sendoena eta euskara hutsean Bilbon bizirauten duen paperezko proiektu bakarrenetarikoa izatera pasatu da

ELCORREO.COM

Zorrotz Morrotz aldizkariaren lehen alea 1995eko irailean argitaratu zen Zorrotzako Euskal Txokoa Kultur Elkartearen eskutik. 4 orrialdeko argitalpena izan zen lehen hura, tinta bakar batean inprimatuta eta Zorrotzako postontzi guztietan banatu zena. Euskara auzoan bultzatzeko tresna gisa sortua, aldizkari egiturarik ere ez izatetik, gaur egun Zorrotzako proiektu komunikatiborik sendoena eta euskara hutsean Bilbon bizirauten duen paperezko proiektu bakarrenetarikoa izatera pasatu da. Bidea ez da erraza izan eta desagertzeko zorian egon da behin baino gehiagotan, baina zorionez, gaur egun 24 orrialdeko bihilabetekari bihurtuta, ZM finkatuta eta inoiz baino indartsuago dagoela esan dezakegu.

Hasierako zailtasunak eta egindako bidea gogoratzeko asmoz, eta batez ere lehenengo ale haiek ezagutu ez zituztenek ikusteko aukera izan dezaten, orain arte argitaratutako ZM guztiak bilduko dituen erakusketa bat antolatu dute aldizkariaren arduradunek Auzoka Komunitate Zentroan (frontoi atzeko lokaletan) atzotik martxoaren 28ra arte. Esan bezala, ale guztiak egongo dira irakurgai, eta erakusketara bertaratutako orok guztiak patxadaz hartu eta irakurtzeko aukera izango du.

Kulturaren bultzatze indartsua

Zorrotzako herri aldizkaria da Zorrotz Morrotz, euskara hutsean argitaratzen dena. Bertan, «gure auzoko gaiak jorratzen dira batik bat eta kulturaren bultzatze indartsua egiten da, batez ere euskal kulturari dagokionez. Zorrotzan euskarak bereari euts diezaion egiten badugu ere, hau bezalako aldizkaririk ez dago auzoan, ez erderaz ez euskaraz».

24 orrialde ditu aldizkariak eta bihilabetero argitaratzen da. Elkarrizketa da atal nagusia, eta elkarrizketatua agertu ohi da azalean. Albisteak, iritzi artikuluak, kultur kritika edota gomendioak, auzoko talderen bati buruzko erreportajea, eta kanpoan bizi den zorrotzarren baten zein Zorrotzara bizitzera etorritakoren baten elkarrizketaren atal finkoak ere izaten dira ZMn bihilabetero.

Ale bakoitzeko 700 – 750 kopia argitaratzen dira, eta auzoko zenbait tokitan uzten dira irakurleek dohainik hartzeko: Auzo Etxean, Liburutegian, Institutuan eta iragarkia jartzen duten saltoki eta taberna guztietan. Honez gain, pdf formatuan bidaltzen zaie mail bidez 500dik gora harpideduni. Eta ez hori bakarrik, Twitter eta Facebook sare sozialetan profila eta hainbat lagun eta jarraitzaile ditugu. Euskarri horietan ere irakurgai dago Zorrotz Morrotz aldizkaria.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos