https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zinema Gaur zikloaren edizio berria hasiko da, gaur, Montehermoson

Zinema Gaur zikloaren edizio berria hasiko da, gaur, Montehermoson

Zikloa gaur hasi eta uztailaren 1ean amaituko da

PAUL PICADO

Zinema ez-konbentzionalaren inguruko Zinema Gaur zikloaren laugarren edizioa hasiko da, gaur, Montehermoso kulturunean. Zikloa uztailaren 1ean amaituko da eta tarte horretan, sei emanaldi eta lantegi bat emango dituzte. Zinema Gaur zikloa ez da zinema ez-konbentzionala gustukoa dutenentzat bakarrik; zinema mota hori ezagutu nahi dutenentzat ere bada.

Ziklo honetarako, ikus-entzunezkoen arloko munduko zuzendari eta egile onenetako batzuk gonbidatzen saiatu dira. Horrela, besteak beste Anahí Berneri, María Augusta Ramos, Edurne Rubio eta Leire Apellaniz artistek egindako lanak izango dira ikusgai.

Gaur bertan inauguratuko da zikloa, 20:30ean. Ordu horretan, 'Respirar, correr, mirar' izeneko zinema kontzertua izango da. Zuzendaria Virginia García del Pino bartzelonarra da, berriki zilarrezko Biznaga saria irabazi duena Malagako zinemaldian, film labur dokumentalik onena izateagatik. Emanaldia 23 minutukoa eta jatorrizko soinu-banda Mursego taldeak prestatu du. Emanaldiaren egunean zuzenean joko du.

'Respirar, correr, mirar' lana, berez, Youtubeko bideoetatik ateratako film bat da, film ezagunen zatiak erabiliz egindakoa. Horrela, hiru aditz horien arabera antolatu du filma. Beraz, jendeak arnasa hartu, korrika egin edo begiratzen duen une laburrak agertzen dira. Arnasa hartzea berez egiten dugun gauza da, eta bizirik gaudela esan nahi du. Begiratu ere berez egiten dugu. Ez da arnastea bezain garrantzitsua, baina hainbat modutara begiratu dezakegu: arretaz, zeharka edo begien aurrean daukaguna begiratu gabe. Azkenik, korrika egitea borondatezko ekintza da, eta aurreko biak distortsionatzen ditu, izan ere, korrika egiten dugunean airea falta zaigu, eta begiratzen duguna distortsionatzen da.

Temas

Euskera