https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zinegoak jaialdiko euskal LGTB filmak Mexikon ikusiko dituzte, Morelia jaialdian

Zinegoak jaialdiko irudia./
Zinegoak jaialdiko irudia.

'Begirada bat gaur egungo LGTB euskal ekoizpenari' eta 'Zinegoaken saritutako nazioarteko ekoizpenak' sailetan, sexu- eta genero-aniztasuna islatzen dituzten ikus-entzunezkoak aztertuko dituzte, baita nola antolatu halako ezaugarridun jaialdi-egitaraua ere

AMALIA IBARGUTXI

Ozeano Atlantikoa zeharkatuko du Bilboko Zinegoak gaylesbitrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiak. Zehazki, Mexikoko + Morelia Sexu-Aniztasunaren Programak jasoko du Mexiko Hirian, bi jaialdiek lankidetzan antolatu duten sail baten baitan.

Mexikoko zinema-hitzordurik ospetsuenetakoa da Moreliako Nazioarteko Zinema Jaialdia (FICM). Urriaren 21etik eta 24ra bitartean egingo du bere hirugarren edizioa Aniztasunaren Programak, eta hainbat euskal lan aurkeztuko dituzte bertan. Egitaraua bi multzotan banatuko da: 'Begirada bat gaur egungo LGTB euskal ekoizpenari' eta 'Zinegoaken saritutako nazioarteko ekoizpenak' izenekoak. Sailkapen horrek Zinegoak jaialdiaren bi ikuspegi erakutsiko ditu, euskalduna eta nazioartekoa.

Guztira, 13 lan izango dira. Horietako 7, euskal ekoizpenak. Pau Guillen Zinegoak jaialdiko zuzendariaren arabera, Berlinaleko antolatzaileen bitartez jarri ziren harremanetan Bilboko jaialdiko antolatzaileekin, eta aurtengo edizioko jaialdi gonbidatua izateko gonbidapena luzatu zieten. «Gure aldetik ez genuen duda izpirik ere izan, aukera paregabea baita LGTB edukiko euskal lanak zabaltzeko eta Zinegoaken zinema zein jarduerak ezagutarazteko, nazioartean oso ezaguna den jaialdi batean gainera», gaineratu du. Guillen Morelian film labur mexikarren sail ofizialeko epaimahaikide ere izango da.

'Begirada bat gaur egungo LGTB euskal ekoizpenari' sailarekin, sexu- eta genero-aniztasunarekiko euskal ikuspegi bat izango da ikusgai. Estela Osorioren 'El pastel', Ainhoa Artetxeren 'Homoamak', Usue Eguiaren 'Garelako', Ageda Kopla Taldeak sortutako 'Beti Bezperako Koplak', Iker Azkoitiaren 'Semeak', Kepa Errastiren 'Aitona Mantangorria', eta Pablo Maloren 'Tarde para el recreo' ikusteko aukera izango da.

Bestalde, 'Zinegoaken saritutako nazioarteko ekoizpenak' atalean, publikoaren lanik gogokoenak eta egitaraua osatzeko moduak ezagutaraziko dituzte. Lan horien artean Publikoaren Saria jaso dutenak, Lesbianismo eta Generoarena, edo Giza Eskubideena edo Gazte Saria eta Off Zinegoak Saria jasotakoak egongo dira. Zinegoakek 15 urtean egindako ibilbidean 10.000 lagunetik gorako ikusle multzoa bildu dute kalitatezko zinema-proposamenei, urte osoan egiten dituen jarduera osagarriei eta Euskal Herriko 40 herriren parte hartzeari esker. Bada zerbait.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos