https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zinegoak hasi aurretik ere, 'lumaz harro' egoteko jarduerak prestatu dituzte

Zinegoak jaialdiaren aurkezpena./Luis Ángel Gómez
Zinegoak jaialdiaren aurkezpena. / Luis Ángel Gómez

Otsailaren 18tik martxoaren 3ra egingo dute jaialdia, baina hilaren 14tik 17ra ere zenbait proiekzio eta jai antolatu dituzte BBK aretoan, Bilborocken eta Guggenheim Museoko auditoriumean

AMALIA IBARGUTXI

Zinegoaken edizio honetako leloa 'Lumaz harro' izango da, otsailaren 18tik martxoaren 3ra arte egingo duten jaialdiaren 16. edizioan. Inaugurazioaren aurreko egunean, hilaren 17an, BBK aretoan antolatutako proiekzio berezi batean, Sridhar Rangayanen azken filma, 'Evening shadows', ikusi ahal izango da, zuzendariaren parte-hartzearekin. Horren aurretik ere, jarduerak antolatu dituzte Bilboko zenbait erakunde, mugimendu eta elkarterekin elkarlanean. Horrela, otsailaren 14tik 17ra, proiekzio, jai eta bestelakoez gozatzeko aukera egongo da.

Otsailaren 14an, ostegunean, Bruselatik Tel Avivera, eta Paristik New Yorkera, Chantal Akermanek bere bidaietan bisitatutako lekuetara eramango ditu ikusleak 'I dont belong anywhere: the cinema of Chantal Akerman' dokumentalarekin. Guggenheim Museoko auditoriumean izango da ikusgai, 18:30ean.

Hurrengo egunean, 19:30ean Bilborocken jaia antolatu dute Sare Lesbianistarekin elkarlanean. Dantza, antzerkia eta musika uztartuko ditu 'Munstrokeria' ikuskizunak. Arantza Iglesiasek 'Ki' izeneko dantza garaikideko ikuskizuna taularatuko du; Marina Pallarés antzerkian espezialista, nazioarteko aditua da LGTBIQ+ taldeekin antzerki lan kolektiboak sortzen. Tailerra emango du Bilbon, antzerki lana sortzeko; Irrekoñozibles taldeak kontzertua egingo du gero, eta Pescatriyeis, DJ Yoli eta Monatxaren eskutik, DJ saioak egingo dituzte.

'Bide zuzenak, ibilbide okerrak'

Larunbatez, hilak 16, Gasteizen azken 25 urteetan egon diren LGBT mugimendu eta elkarteen errepaso historiko eta kronologikoa egiten duen dokumentala izango da ikusgai,19:00etan, Bilborock aretoan. 'Bide zuzenak, ibilbide okerrak' izenburupean, LGBT eskubideen aldeko borrokan aritu diren pertsonen testigantzak ikusi eta entzuteko aukera izango da, mugimenduaren etapa ezberdinetako irudiek eta protagonistek osatutako piezan.

Cafe Bar Bilbao antzerki gidoi laburren saria irabazi eta gero, Galder Perezek bere istorioaren irakurketa dramatizatua egingo du 21:30ean. Daviden Erreinua izeneko gay sauna batean gertatutako ezusteko topaketa kontatzen du bertan.

Igandean, hilak 17, BBK aretoan elkartuko dira Sridhar Rangayan zuzendari indiarraren azken lana ikusteko, esan bezala. Zuzendariak berak aurkeztuko du filma eta amaitzean berarekin solas egiteko aukera izango da. 'Evening shadows'-ek, ama eta semeen arteko harremanaz hitz egiten du: euren arteko loturak, eta denboraren eta errealitate gordinaren zailtasunei aurre egiteko duten indarra.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos