https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zinegoak emakumeen arteko maitasunari eta gorputzen aniztasunari emango die ikusgarritasuna

Aurtengo edizioko kartela./E. C.
Aurtengo edizioko kartela. / E. C.

Otsailaren 19tik martxoaren 4ra arte gauzatuko da, baina aurretiko ekitaldiak ere egongo dira

VIRGINIA ENEBRAL

Hilabete bat baino ez da falta Zinegoak jaialdiak ateak berriro ireki ditzan eta antolatzaileek lehenengo zertzeladak ezagutzera eman dituzte. Aurtengo edizioak, hamabosgarrenak jada, emakumeen arteko maitasunari eta gorputzen aniztasunari ikusgarritasuna emango dio, karteletik hasita. Datorren Bilboko Gaylesbotrans Zinema eta Arte Eszenikoen Nazioarteko Jaialdiaren irudi nagusiak maitasun lesbikoa eta estereotiporik gabeko gorputzak aldarrikatuko ditu. Bertan, emakume igerilari bi agertzen dira elkarri musukatzen, ur azpian.

«Irudi samurra da, eztia eta naif samarra, baina atzean mezu sakona gordetzen du», ziurtatu du Ane Pikaza egileak. «Gorputzen estereotipoen inposaketaz hitz egin nahi du», gehitu du Pau Guillenek, Zinegoak festibaleko zuzendariak. Ilustrazioaren bidez pertsona guztiek beren gorputzaz harro egoteko eskubidea dutela aldarrikatu nahi dute. «Genero adierazpen eta nortasunetik harago, desira ere oso anitza izan daitekeela nabarmendu nahi izan dugu», azpimarratu du Guillenek.

Kartelaren ideia jaialdiko aurreko edizio batean ikusitako dokumental batean oinarritzen da. 'Aquaporko!' film laburrak benetako igeriketa talde baten istorioa kontatzen du. Emakumez osaturiko kirol talde honek harrotasunez beren gorputzen aniztasuna aldarrikatzen du. Horrez gain, 2015. edizioko irudiarekin bat egiten du; urte horretan, Gorka Olmok egindako ilustrazio bat izan zen kartelaren protagonista nagusia.

Aurtengo egilea, Ane Pikaza (Bilbo, 1984), ilustratzaile ez ezik, aktorea ere bada. Bere lanak Marie de Jongh antzerki taldearen zenbait obra irudikatu ditu eta gaur egun taulen gainean dagoen 'Alicia después de Alicia' saioetan ere ikus daiteke, Kabia taldeko antzerki-komikiaren eszenak sortu baititu. Vetusta Morlarekin ere lan egin du, 'Los rios de Alice' bideojokoaren irudiak sortuz, Madrilgo taldearen soinuarekin. Azkenik, azaroaren 25aren baitan, Bizkaiko Aldundiarekin indarkeria matxistaren kontrako azken kanpainan ere parte hartu du.

Kontzertu berezia

15. edizioa otsailaren 19tik martxoaren 4ra arte gauzatuko da, baina gosea egiteko '3, 2, 1... Zinegoak' egitasmoa helduko da lehenengo. Otsailaren 14tik 18ra arte proiekzio bereziek, topaketek eta, nobedade moduan, kontzertu berezi batek osatuko dute eskaintza. Jarduera hauek beste elkarte batzuekin batera elkarlanean antolatzen dira.

Jaialdiak bi asteko iraupenaren formatua errepikatuko du bigarren urtez, baina aurten, programazioaren elementu nagusiak lehenengo egunetan proiektatuko dira, hots, otsailaren 19tik 25era arte. Zinemaldiko egoitza nagusiak, beste urte batez, Bilborock, BilbaoArte, Golem, BBK Aretoa eta Guggenheim museoko auditoriuma izango dira, besteak beste. Horrez gain, Zinegoak ekimenak hainbat ezaugarri berri izango ditu, eta publikoak emanaldi onak, arte eszenikoak eta ikuskizun anitzak izango ditu eskura.

Amaitu ostean, zinemaldiak herriz herri ibiliko da Zinegoak Hedapena zikloarekin. Iaz 30 herritan antolatu ziren proiekzioak, eta aurten 35 baino gehiago izatea da erronka. «Kontuan hartuta otsailean eta martxoan zehar antolatuko diren jarduera guztiak, Zinegoak Euskal Herriko kultur ekitaldi luzeenetako bat bihurtu da», adierazi dute arduradunek.

Gainera, eraberrituta helduko da jaialdia. Lehenengo aldiz, Zinegoak Elkartea izango da antolatzailea, Hegoak Elkartea atzean utziz, eta aldi berean, egoitza berria estreinatuko du erakundeak, Bilboko Cortes kaleko 1 zenbakian, hain zuzen ere. Orain egitaraua jakinarazi dezatela baino ez da falta.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos