https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zientzia gustuko al duzu? Hurbildu zaitez biharko 'Eluyhar Zientzia Azokara'...

Bilboko Plaza Berrian euskal ikertzaile gazteek burututako 90 proiektu zientifiko eta teknologiko egongo dira ikusgai bihar

UNAI SARRIUGARTE

'Eluyhar Zientzia Azoka 2019' gazteen zientzia eta proiektuen jardunaldia izango da larunbat honetan Bilbon. Eluyhar Zientzia Elkarteak antolatutako topaketa Bilboko Plaza Berrian ospatuko da. Bertan zientzia-tailerrez, kultura zientifikoaz eta gazteei eskainitako beste zenbait jarduerez gozatu ahal izango da.

Pasa den asteazkenean, maiatzak 8, auzkeztu zuten jardunaldia Bilboko Udaletxean. Bertan Koldo Narbaiza Olaskoaga Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza zinegotzia, Amaia Esquisabel Alegria Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikerketa zuzendaria eta Leire Cancio Orueta Elhuyarreko zuzendaria egon ziren aurkezle.

Aurtengo Zientzia Azokak ekitaldi mordoa dakar. Azokan ikertzaile gazteek burutako 90 proiektu zientifiko eta teknologiko egongo dira ikusgai. Era berean, ikertzaile profesionalek euren proiektuak aurkezteko txoko bat izango dute: 'eremu profesionala' deiturikoa.

Bestalde, Europako Erasmus+ programako SPOON proiektuko zenbait kide: Estrasburgo, Katalunia, Herbehereak edota Kroazia topaketetara hurbilduko dira, aurtengo Zientzia Azoka ezagutu eta irakasle eta ikasleekin ideiak trukatzeko asmoz.

Aipatu dugunez, topaketetan 31 ikastetxetako 308 gaztek aurkeztutako 90 proiektu ikusteko aukera egongo da: Bizkaiako 63 , Gipuzkoako 11, Nafarroako 7 eta Arabako 3 talde izango dira guztira. Hauetako 73 DBHKO taldeak dira eta Batxilergokoak, berriz, beste 17 talde dira.

'Eluyhar Zientzia Azokak' enpresa eta erakunde publiko nahiz pribatu askoren babesa eta kolaborazioa jasotzen du: Bilboko Udala, Eusko Jaurlaritza, Espainiako Gobernua, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskaltel, Euskal Herriko, Deustuko eta Mondragongo Unibertsitateak, Unesco Etxea, Ikerbasque, Digipen etab.