https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zergatik ote gero eta lo gehiago eginda, orduan eta logale handiagoa izatea?

Loaldiaren bost faseak errespetatzea ez da batere erraza./FOTOLIA
Loaldiaren bost faseak errespetatzea ez da batere erraza. / FOTOLIA

Maiz egindako galdera honen erantzuna eta era egokian atseden hartzeko aholkuak eskainiko dizkizugu artikulu honetan

IZASKUN MOYANO

Zer dela eta zer dela ahoa gero eta gehiago zabalduta, horren eta errazago antzematen dena? Norbaiten oinetako zenbakia? Ez horixe! Logura! Zenbat aldiz errepikatu ote diogu geure buruari «asteburuan ez nintzen atera behar, orain logalea dut» edota «gaur gauean goiz oheratuko naiz» bezalako gezurrak? Pentsamendu hauek gau oker bat igaro izanaren ondorio dira. Baina nolatan ote? Bart goiz itxi zenituen begiak…

Gezurra badirudi ere, bizitzaren hiruren bat lotan pasatzen dugu. Lo egitea ezinbestekoa da giza gorputzarentzat, antzina kontrakoa uste bazuten ere. Lo gaudenean organismoaren funtzionamenduan aldaketak jasotzen dira, eta oreka fisiko eta psikologikoa mantentzeko beharrezkoa den jarduera mentala sortzen da. Loaldi horretan bi etapa ezberdin genitzake: lo motela, eta lo bizkorra edota REM fasea. Sigla hauen ingelesezko esanahia itzuli ezkero, «begien mugimendu bizkorra» izango litzateke.

Era berean, lo motelaren fasea beste ezaugarri oso ezberdinak dituzten beste lautan banatzen da. Beraz, bost etapak era ziklikoan txandakatzen dira pertsona jakin bat lo dagoen bitartean. 90 – 100 minuturo loaren ziklo berria hasten da, non azken 20–30 minutuak REM faseari dagozkion. Ikus ditzagun banan banaka zeintzuk diren loaren zati horiek eta zein berezitasun dituzten.

Lehendabiziko fasea lo arinarena da. Aise esna gaitezke eta 'erortzearen' sentsazio horiek antzeman daitezke. Begiak motel mugitzen dira eta giharrak apaltzen hasita daude. Bigarrenean, ingurugiroarekin guztiz deskonektatzen dugu, baina oraindik ezin genezake esan atsedena egokia izan denik. Begien mugimendua eten egiten da. Hirugarrena loaldi sakonagoaren tartea da, Delta deritzona. Pertsona esnatzen bada noraezean sentitu daiteke, eta hazteko hormonen produkzioa areagotzen da.

Laugarren zatiak bere biziko garrantzia du, izan ere, loaldi sakonenean aurkitzen garena da, eta burmuinaren jarduera oso motela da. Loaren etapa hau zein aurrekoa galdu ezkero, lo falta itzela sumatu genezake. Ez da ametsen unea baina zentzu gabeko irudiak eta argiak ager daitezke. Fase honetan, hain zuzen ere, sonanbulismoa garatzen da pertsona jakin batzuengan. Horrez gain, fase hau bukatzean guztiz atseden hartuta egon gaitezke.

Hala eta guztiz ere, aurretik aipatu bezala, badago bosgarren eta azken etapa bat ere. Jouvet ametsen ikertzaileak proposatuta 'Amets paradoxikoen etapa' bezala ezagutzen dugu. Izen hau lasaitze totalaren eta nerbio sistema zentralaren aktibotzearen arteko kontrasteari dagokio. Etapa honetan amets egiten dugu, narrazio eta logika jakin batekin. Burmuinaren jarduera bizkorra da, baina giharren mugimendua nulua da guztiz. Fase honetan, amets gaiztoak izaten has gaitezke.

Loaren fase guztien azalpenaren ondoren, galderei erantzutera ekingo diogu. Aipatu bezala, faseok osatzen duten ziklo bakoitzak 100 bat minutuko iraupena du. Baten bat bukatzean esnatu ezkero, fresko egongo gara eta edozein ekintza burutzeko gogotsu agertuko gara. Hauetako bat amaitu gabe begiak irekitzen baditugu ordea, loa eten eta neka–neka eginda esnatuko gara. Ondorioz, ezinbestekoa da loaren faseren bat burututa ohetik altxatzea.

Faseok kontrolpean mantentzea ez da batere erraza. Batik bat, askotan irakurtzen edota telebista ikusten nahigabe lokartzen gara, edota lo egiteko asmoz oheratu baina auskalo zergatik ote ez dugu lorik hartzen. Zorionez, egungo teknologia berriek lo pasatzen ditugun orduak kontrolatzeko aukera eskaintzen digute. Hots, esnatu beharreko ordua adierazita aplikazio batek, lo hartu beharreko une egokiena zein den adierazten digu.

Badirudi beraz, atseden hartzeko arazoekin buka genezakeela. Argi geratu al da? Ba… ondo lo egin!

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos