Zerbitzuen sektorean euskara gehiago erabiltzeko kanpaina abian jarri dute Aramaion
UEMAk 'Bertatik bertara' kanpaina martxan jarri du irailera arte eta Aramaiok bat egin du ekimenarekin
Paul Picado
Larunbata, 19 ekaina 2021, 21:13
Zerbitzuen sektorean euskara askoz ere gutxiago erabiltzen da beste arloetan baino. Hori dela eta, UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, zerbitzuen sektorean euskaren erabilera handitzeko 'Bertatik bertara' kanpaina martxan jarri du, irailera arte. Horrela, Aramaiok kanpaina horrekin ere bat egin du, eta hainbat material banatuko du herriko ostalarien artean.
Hain zuzen ere 300.000 mahai-gaineko inguru banatuko ditu kanpaina horren izenarekin eta leloarekin ('Gure herria, gure hizkuntza, gura arnasa'). Herriko establezimenduetara sartzen direnak zein zerbitzuen sektoreko arduradunek eta langileek euskara erabil dezatela da helburua azken batean.
UEMAk, gainera, bestelako baliabideak ere eskainiko dizkie Aramaioko zerbitzuen sektorearen barruan ari direnei, hala nola, udalen webguneetarako eta sare sozialetarako bannerrak eta testuak, sentsibilizazio-bideoak, eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, eta bertaratzen direnek beren telefono mugikorretan erabili ahal izateko hiztegiak. Bestalde, online saioak ere eskainiko dizkie.
Kanpaina horren barruan, hiztegi bat ere prestatu du UEMAk, hemen kontsulta daitekeena. Hiztegi horretan, besteak beste, nola agurtzen den; denbora, norabide, garraio, familia eta janariarekin, zein lekuekin, eta edariekin zerikusia duten esamoldeak; hotel, jatetxe eta tabernetan erabilitakoak; egunak, hilabeteak eta zenbait zenbaki nola esaten diren azaltzen dira, euskaraz, gaztelaniaz, katalanez, galegoz, ingelesez, frantsesez eta alemanez. Dena den, kanpainari buruzko informazio guztia hemen ikus daiteke, Aramaion ere zer erabiliko duten jakiteko.