https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zentzu bila

Liburuaren azala./
Liburuaren azala.

Viktor E. Frankl psikiatra austriarra Bigarren Mundu Gerran zenbait kontzentrazio zelaitatik pasatu zen eta horren lekukotasuna eskaintzen du 'Gizakia zentzu bila' liburuan

JAVIER ROJO

Viktor E. Frankl (1905-1997), logoterapiaren sortzailea, bere bizipenetan oinarritu zen 'Gizakia zentzu bila' izenburuko liburu hau idazteko. Izan ere, psikiatra austriarra Bigarren Mundu Gerran zenbait kontzentrazio zelaitatik pasatu zen eta horren lekukotasuna eskaintzen du liburu honetan. Edonola ere, irakurleak kontuan hartu behar du liburu hau ez dela berez memoria liburu bat. Memoria du oinarri, eta egoera latz horretan bizi izandakoak testuaren abiapuntua dira, baina ez du eraikitzen denboraren harian koherenteki kokatu daitekeen narrazio estrukturaturik.

Kontzentrazio zelaietan bizi izandakoak hiru ataletan sailkatuta agertzen dira: bertan sartzerakoan gertatutakoak, hango bizimodu ohikoa, eta zelaitik atera ondoren sentitutakoak. Atal bakoitzean hainbat bizipen agertzen dira, baina horiek hautatzeko idazleak ez du helburu narratiborik aurkezten. Haien bidez, pertsonaren baitan gertatzen dena, pertsonaren psikologia alegia, aztertu nahi du. Eta horixe da liburu honek eskaini nahi duena. Ez da, beraz, kontzentrazio zelaietan gertatutakoaren kronika, baizik-eta hor gertatutakoa kontuan hartuta egindako azterketa psikologikoa. Hori dela-eta, behin eta berriroko gertaerek sortzen dituzten zirrarak eta gogo-aldarteak analizatzen ditu idazleak, kasu kliniko baten aurrean egongo bagina bezala. Izan ere, gizakiak muturreko egoera baten aurrean nola erantzuten duen, nola egokitzen den aztertzen da liburu honetan. Horri erreparatuta, ikusiko dugu nola hasieran harridura nagusitzen den, gertatuko denaren aurreko beldurrarekin nahasia. Eta hasierako harridura eta beldur horiek apatia moduko bati utziko diote lekua zelaietan dagoen pertsona bertako egoerara ohitzen den neurrian.

Muturreko egoera hori jasangarria izateko, liburuaren izenburuan aipatzen den zentzu bilatze horrek bere lekua du, bizitzak bere osotasunean helbururen bat izan behar du-eta. Sufrimenduak eta heriotzak, bizitzaren atal diren aldetik ere, zerbaitetarako balio behar dute, eta horrexek bihurtzen ditu jasangarri. Izan ere, transzendentzia bilatzea (zein ere baita transzendentzia hori) berezko joeratzat aurkezten da hemen.

Gizakia zentzu bila

Saiakera Egilea:
Viktor E. Frankl Argitaletxea: Erein Donostia, 2017216 orr. 16,00 euro

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos