https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zenbat irakurtzen dute gure gazteek?

Gazte bat, liburu bat irakurtzen./Fotolia
Gazte bat, liburu bat irakurtzen. / Fotolia

Euskadiko 18-29 urte bitarteko %16k egunero edo ia egunero, %33k astean behin, %16k hilean behin gutxienez eta %13k maiztasun gutxiagorekin

EL CORREO

Euskadiko 18 eta 29 urte bitarteko gazteen %78k liburuak irakurtzen ditu, eta haietako %16k bakarrik irakurtzen du egunero edo ia egunero. Gainera, adin tarte horretako gazteen %33k astean behin irakurtzen du gutxienez, %16k hilean behin gutxienez eta %13k maiztasun txikiagorekin. Gainontzeko gazteek ez dituzte liburuak irakurtzen, baina bai beste gauza batzuk (prentsa, blogak eta abar) edo ez dute ezer irakurtzeko ohiturarik.

Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak eman dizkio datu horiek Gazteen Euskal Behatokiari, eta 2018ko maiatzean egindako '66. Euskal Soziometroa' ikerketakoak dira. Ikerketa horretan Euskadiko biztanleria helduari elkarrizketak egin zitzaizkion, eta orain aztertutako datuak 18 eta 29 urte bitarteko 400 laguneko lagin batek emandako erantzunetan oinarritzen dira.

Horrela, besteak beste, liburuak irakurtzen dituzten gazteei zein literatur genero irakurtzen duten gehien galdetu zaie: %20k abenturazko nobelak aipatu ditu, %17k nobela historikoak eta beste horrenbestek nobelak orokorrean, %16k nobela fantastikoak eta %15ek zientzia fikziozkoak. Gainera, %14k nobela beltza eta poliziakoa aipatu du, eta %13k amodiozko nobelak. Poesia, antzerki, saiakera, biografia, komiki, bidaia liburu, sukaldaritza edo autolaguntzako liburuak moduko generoak aipatu dituzten gazteak %10 baino gutxiago dira, kasu bakoitzean.

Halaber, azken urtean irakurritako liburuen batez besteko kopurua sei edo zazpi dira. Irakurri duten azken liburuan jartzen bada arreta, egilearen sexua gizonezkoa da kasuen %56an, eta emakumezkoa %27an. Gainontzekoetan gazteek ez dakite egilearen sexua edo egile batzuen artean idatzita dagoen eta gizonezkoak eta emakumezkoak diren egile horiek.

Azken urtean libururen bat (edo gehiago) irakurri duten gazteen %80k azaldu du irakurritako azken liburua gaztelaniaz zegoela, %8k euskaraz diote, %4k ingelesez eta %5ek beste hizkuntzaren batean. Euskarriari dagokionez, %81ek adierazi du irakurritako azken liburua paperean zegoela, eta %17k euskarri digitalean.

Azkenik, eskuratzeko moduari erreparatuta, irakurritako azken liburua erosi egin dutela esan du gazteen %48k, Internetetik doan eskuratu dutela %18k, lagun edo senide batek utzi diela %13k, liburutegitik hartu duela maileguan %12k eta beste bide batez eskuratu duela %10ak (oparitu, zozketa batean, liburuak trukatzeko puntu batean edo beste modu batean).

Temas

Euskera