https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zenbat diru daukazu?

Iñaki Williams 'La Resistencia'-n, David Broncanoren programa./
Iñaki Williams 'La Resistencia'-n, David Broncanoren programa.
Roberto Moso
ROBERTO MOSO

Jan den mendeko azken hamarkadan Berrones taldeak honela abesten zuen: «Son otros tiempos, Cambia la xente, Güei la que manda, Ye la televisión». Baina urteak pasa ahala telebista, poliki-poliki, bere nagusitza galtzen doa denbora-pasako etxetresnen artean. Ikerketa guztien arabera haren publikoa zahartzen ari da erabat. Joera hori baieztatzeko prime timeko programazioa dugu erakusgarririk esanguratsuena.

Gazte askok beren sakelakoetan eta I-Padetan kontsumitzen dituzte ikus-entzunezko edukiak. 'Cultture' joeren webguneak egindako inkesta baten arabera, gazteen %75ek telebista baino Youtube ikusten du. Inkestetatik aparte, neure etxean bertan zer gertatzen ari den begiratu besterik ez dut. Zenbait pantaila-izarrentzat SOFRESek eta gainerako audientzia-enpresek egindako neurketek ez dute askorik balio. Youtuberi egindako bisitak nagusitzen ari dira, egunez egun, eta badirudi atzerabiderik ez dagoela, oraingoz behintzat.

Beren bisitak milioika zenbatzen dituztenen artean David Broncano dugu. La Resistencia izeneko emanaldian egiten dituen elkarrizketak ahoz aho dabiltza. Ordainpeko Telebista kate batean programatua izan arren, haren Youtubeko kanalak 1'1 milioi harpidedun dauzka une honetan. Elkarrizketa programa bat nagusi? Eta gainera gazteen artean gogokoena? Non dago gakoa?

Kalean gehien komentatzen diren galderen artean, dudarik gabe, dirua eta sexuarekin zerikusia dutenak. «Zenbat diru daukazu?». Halako galdera bat zuzenean eta tupustean jasotzean -batez ere oraindik saioa horren ezaguna ez zenean- erreakzioak zein baino zein dibertigarriago dira. Erantzunak egiazkoak diren ala ez, berdin dio. Kasu gehienetan pentsatzekoa da erantzuna ez dela guztiz sinesgarria izaten. Evaristo La Pollakoak 1.700 euro omen ditu «fakturak ordaintzearren», baina aurtengo bira amaitu eta gero «berriro galdetu». Iñaki Gabilondok barre egin zuen galdera entzutean: «Uste nuen hau zerbait serioa zela». Antonio Resines aktoreak jendea harritzea lortu zuen bere erantzun zehatzaz: «Hamar eta hamabi milioi artean, alorrak aldera utzita». Baina Najwa Nimri aktoreak listoia jaso zuen: «12 miloi eta erdi, Resinesek baino milioi erdi gehiago». Zerbait gutxiago aitortu zuen gure Iñaki Williamsek, elkarrizketaren lehenengo galdera entzun baino lehenago honela aitortuz: «Bost eta hamar milioi artean». OT programaren irabazle izan zenak, Amaia Romerok, ez zuen zenbatekorik eman, baina onartu zuen: «nire adineko batek eduki beharko zuen baino gehiago daukat»... Harrigarria, era berean, Gorka Urbizuk eman zigun berri txarra: «5.000 euro bakarrik lortu dut aurreztea». Borja Kobeagak ordea, ehun mila euroren aitormena egin zuen «gidoilari lanean asko irabazi dut, egile-eskubidetan». Asko dira, jakina, ez erantzutea nahiago dutenak edo erantzun sasi-gazdunak prestatu dituztenak. Piquék, adibidez, «R.C.D. Español-en aurrekontu osoa baino gehiago» zeukala esan zuen eta Albert Plak milioika dolar zeukala zenbait paradisu fiskaletan. Broncano berari ere egin zioten galdera El Hormiguero saioan: «Bostehun mila baino gehiago, baina seiehun mila baino gutxiago» aitortu zuen.

Galdera usatuegi bihurtu zenean «zenbatetan jotzen duzu larrua astero?» hasi zen erabiltzen... baina hori beste zutabe baterako utziko dugu.

Temas

Euskera