https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zenbait euskal ikertzailek eta INTEL konpainiak elkarlanean dihardute etorkizuneko ordenagailuei bidea irekitzeko

CIC nanogune eta INTEL konpainiako ikertzaileak./
CIC nanogune eta INTEL konpainiako ikertzaileak.

Estatubatuar prozesagailu konpainiak CIC nanogune euskal ikerkuntza zentroaren aldeko apustua egin du

UNAI SARRIUGARTE

CIC nanogune euskal ikerkuntza zentroa eta INTEL Konpainia elkarlanean ari dira etorkizuneko ordenagailuak sortzeko helburuarekin. Estatubatuar prozesagailu konpainiak Donostiako zentroaren aldeko apustua egin du 'Meso' gailua abian jartzeko. Hau etorkizuneko gailu elektronikoen aldeko euskal abiapuntua izango da.

Proiektu berri hau martxan jartzeko nanozientziako euskal ikerkuntza zentroak zenbait parametro kontuan izan behar izan ditu: gailuen memoria, logika eta aurkezten dituzten lotura eskaerak esaterako. INTELEk eta CIG nanoGUNEk sinatutako lankidetza hitzarmenak 650.000 euroko kontratua suposatu du, eta laguntza ekonomiko honek lan talde berri bat ahalbidetu du proiektu honetarako.

CIC nanoGUNE nanozientziaren euskal ikerketa zentroa da. Ikerkuntza talde honen misioa nanozientzia eta nanoteknologiako bikaintasun-ikerketa egitea da, Euskal Herriko lehiakortasun ekonomikoa areagotzeko helburuarekin. Donostian duen azpiegiturak 6.200 metro karratuko azalera dauka, eta, bertan, 300 metro karratuko areto garbia eta 15 laborategi ultra-sentikor dauzkate, puntako tresneriarekin hornituak.

Zentroak Euskal Herria nanozientzia ikerketaren abangoardian kokatzea du xede, gizarteak nanoteknologia sorta zabal batek eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzeko ahalmena izan dezan. Bertan, 27 herrialdetako 107 ikertzailek egiten dute lan. Egun esparru ezberdinetan lan egiten duten hamar ikerketa talde daude.

Intel AEBtako teknologia eta elektronika konpainia bat da. Gaur egun munduko zirkuitu integratuen munduko fabrikatzaile handiena da. Izan ere, ordenagailu ia guztien x86 mikroprozesagailuen sortzailea eta ekoizlea da. Bestalde, nazioarteko erdieroaleen ekoizle nagusia da eta Apple, Lenovo, Hewlett-Packard eta Dell konpainien ordenagailu eta gailu elektronikoei mikroprozesagailuak hornitzen dizkie.