https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zazpi Kaleetan turismo jasangarria sustatzeko lehiaketa sortu dute

Zazpi Kaleetan turismo jasangarria sustatzeko lehiaketa sortu dute
FERNANDO GÓMEZ

Turismo-produktu berriak garatuz, inguruarekin eta haren nortasun- eta kokamendu-faktoreekin lotura duten proiektuak proposamenak aurkezteko epea otsailaren 7an amaituko da

AMALIA IBARGUTXI

Turismoaren eta kulturaren arloetako enpresa eta jarduera jasangarriak sustatu nahi ditu Bilboko Udalak Zazpi Kaleetan, eta ideien lehiaketa bat antolatu du horretarako, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bidez. Turismo-sustapena eta ingurumen-jasangarritasuna uztartzen dituzten proiektuak nahi dituzte.

Turismo jasangarriaren baitan kabitzen dira, orokorrean, turismo-produktu berriak garatuz, inguruarekin eta haren nortasun- eta kokamendu-faktoreekin lotura duten proiektuak. Halaber, sustatu nahi da Zazpi Kaleetan eskaintzen diren jarduera eta baliabide guztien balioa kontuan hartzea.

Besteak beste, ideiak ebaluatuko dituen batzorde teknikoak baloratuko ditu ideiaren bideragarritasuna, talde sustatzailea zenbateraino den gauza ideia hori gauzatzeko eta arrakasta erdiesteko, zer ahalmen duen jarduera ekonomikoa eta enplegua eragiteko, ea badakarren berrikuntzarik eta proposamenak zenbateraino ematen duen aukera Bilboko beste gune edo auzo batzuetan txertatzeko.

Dagoeneko eratuta dauden enpresak aurkez daitezke, eta enpresa berri bati ekingo dioten pertsonak ere bai, edozein jarduera-arlotakoak, turismoarekin lotutako proiektua aurkezten badute. Eragin sozialak, ekonomikoak eta ingurumenaren gainekoak kontuan hartuko dituen ekimena izango da hautatutakoa, lehendik diren produktuak sustatzea, edo turismo aukerako gune edo produktu berri bat proposatzea, edo tresna berriak baliatzea, eta betiere ingurumen-jasangarritasunaren baldintzak betetzen baditu.

Baldintza horiez gain, eskatuko da zerga-egoitza edo sozietate-egoitza Bilbon edukitzea. Eskabideak eta kontsultak formatu digitalean egin behar dira, proyectocascoviejo@bilbaoekintza.bilbao.eus helbidean. Proposamenak aurkezteko epea otsailaren 7an amaituko da. Proposamen irabazleak 6.000 euroko diru-laguntza eskuratuko du.

 

Fotos

Vídeos