https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zazpi ertzain Nazioarteko Polizien eta Suhiltzaileen Jokoetan lehiatuko dira

Zazpi ertzain Nazioarteko Polizien eta Suhiltzaileen Jokoetan lehiatuko dira
E.C.

Nazioarteko hamaika txapelketetan lehiatu dira eta guztira 241 domina irabazi dituzte

UNAI SARRIUGARTE

Zazpi ertzain Txinan ospatuko den Nazioarteko Polizien eta Suhiltzaileen Jokoetan lehiatuko dira. Jardunaldi hauek abuztuaren 8tik 18ra bitartean ospatuko dira Chengdu hirian (Txina). Bertan sei gizonek eta emakumezko batek hartuko dute parte eta bost kirol-modalitatetan hartuko dute esku: txirrindularitza, atletismoa, taekwondoa, jiu jitsu brasildarra eta igeriketa.

Ertzaintzak 1997. urtean parte-hartu zuen lehendabiziko aldiz joko hauetan. Harrezkero hamaika txapelketa gehiagotan lehiatu dira eta 241 domina lortu izan dituzte. Azkenengo esku hartzea 2017. urtean burutu zuten Farfaixen (AEB). 12 ertzain egon ziren bertan eta 19 domina lortu zituzten bost kirol-modalitate ezberdinetan.

Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak kiroletako arropa-ekipamenduarekin hornituko ditu partaide euskaldunak. «Euskadi - Basque Country» markaren logotipoa jantzita egongo dira bertan.

Guztira zortzi mila kirolarik eman dute izena jokoetan, 69 herrialde ordezkatuz. Lehiaketa-modalitateetan bi mota bereizi daitezke: batetik, atletismoa edota txirrindularitza bezalako kirol klasikoak; bestetik, partaideen funtzio profesionalekin erlazionatuta dauden kirolak izan daitezkeenak.

Polizien eta suhiltzaileen esparru profesionalean bi txapelketa-mota daude: Nazioarteko Jokoak eta Europako Jokoak. Bi urterik behin ospatzen dira lehiaketa biak eta poliziez eta suhiltzaileez gaindi, hainbat herrialdetako espetxe-administrazioetako eta aduanetako kideak ere hartzen dute parte.

Pasa den urtean Europako jokoak Algecirasen (Espainia) ospatu ziren eta bertan 38 ertzaina egon ziren. Hamar modalitate ezberdinetan lehiatu ziren bertan: atletismoa, igeriketa, txirrindularitza, tiroa, taekwondoa, triatloia, futbola, jiu jitsua, mendiko bizikleta eta duatloia besteak beste. Euskal taldeak guztira 81 domina irabazi zituen.