Borrar
EFE
Zauriz josia

Zauriz josia

Alderdi Popularra aspalditxoko egoerarik kritikoenean dago. Azken hauteskunde orokorren osteko ahultasunak baldintzatuta ari da, ezinean bezala, gero eta oxigeno politiko gutxiagorekin. Aldapa gora jarri zaio etorkizuna, ondo errotutako hainbat jokabidek menpean hartuta

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Lunes, 16 de abril 2018, 00:36

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Cristina Cifuentesek etorkizunari begirako berme gisa aurkezten zuen bere burua, ustelkeriari aurre egiten ziotenen arteko modura. Nahiz eta Jorge Verstrynge Alianza Popularreko idazkari nagusi zenean alderdian izena emandakoa izan, berritzaile agertu gura zuen jendaurrean. Errepublikazale, eskuin muturreko jokabide ororen aurkako… halako eskizofrenia batetik ekin dio, aurreikusitakoa hautsi guran edo. Itxuraz, Madrilgo PPren iragan iluna atzean utzi nahian ibili da, bestelako estilo garbi baten ikur bihurtuta. Baina bere masterraren ingurukoak kaleratu direnean, modu itsusi eta opakuena baliatu du ihes egiten saiatzeko, gainera zetorkiona estaltzeko. Eta ez du lortu, jakina, ondo landutako informazioa gailendu delako, Juan Carlos I unibertsitateak oparitu zionak guztiz lotsagarri utzi duelako. Ez zegoen, bada, bestelako etikarik, ez jokamolde berririk, ez politika ulertzeko modu hoberik.

PP aldatu nahi omen dutenen arteko buruzagi ezagunenarekin jazotakoak argi erakusten du alderdi horretan gaitzak guztiz errotuta daudela, ez dutela sendabide errazik. Eta halako pertzepzioaren tamainakoa da bozemaileak hartzen ari diren distantzia. Inkesten arabera, Ciudadanos gero eta gertuago dute popularrek —gainetik ez badago— eta Rajoyren lidergoa iragana izaten hasia da jada. Espainiako Gobernua ezinean dabil Kongresuan eta gero eta baldarrago eguneroko ekinean. Egoera horretan, hurrengo hauteskunde orokorretan hondoa jo lezakete, sinesgarritasun faltak horraino bultzatuta.

Ez da bakarrik barruko ustelkeria kasu ugarien aurrean agertutako jokabidea. Horiek tantakada bihurtu eta oso goi mailakoak izan arren, ezjakinarena egin dute beti zuzendaritzakoek, zipriztinduta zeuden ustea gero eta orokorragoa izan arren. Botere banaketa aldarrikatzen zuten aldi berean, behin eta berriz saiatu dira justizian esku hartzen eta epaileak baldintzatzen. Ordenagailuak ere txikitu dituzte, froga argigarri izan litezkeenak desagertarazten saiatzeko edo. Eta horrela joan dira hainbat urte, egungora heldu arte.

Rajoyren estiloak, askok goraipatu duten horrek, hondamenditik gertu utz dezake Alderdi Popularra egungo presidenteak bere burua alde egitera behartuta ikusten duenerako. Horren alternatibatzat ager zitekeena ere gezurretan itotzear dagoenean, sekulako arazoa dute PPkoek. Politika egiteko molde ezin zaharrago eta nahasiagoak baliatu dituztelako guztiek, ziotena eta egiten zutena ezin urrutiago zeudelako. Egia da ohikoan euren bozemaileek ez dutela ustelkeria bereziki zigortu, eta nahiz eta epaile aurreko bisitak bata bestearen atzekoak izan ondo antzean eutsi diotela luzaroan. Baina gero eta zailagoa zaie, batik bat ideologikoki gertu duten Ciudadanos benetako alternatibatzat hartzen hasia denetik. Dagoeneko ardatza ez delako ezker-eskuinaren artekoa, eskuineko bi alderdiren arteko lehia ahalbidetzen duelako. Askok ez lukete PPtik PSOErako jauzirik sekula egingo, baina eroso samar jo dezakete Albert Riveraren alderdira. Eta horrek ikaragarrizko kaltea egin diezaieke popularrei. Dagoeneko egiten ari zaiena.

Berdin zaio Ciudadanos-ek epe laburreko estrategiatik haragokorik ez badu, funtsezkoan berdin antzekoa baldin bada. Hainbat kontutan alderdi laranjak proposatutakoek are zailago egingo dute elkarlana Estatu mailako eragile garrantzitsuenen artean. Kataluniako gehiengoarekiko bere jarrera, edo euskal eskubide historikoen inguruan esandakoak, horren adierazle dira. Boterera heldu nahian darabiltzan baliabideen artekoa da demagogia, sentimenduak xaxatuta edo-ta beteko ez dituenak eskainita. Baina guzti horiek balio diote Riverari inkestetan PPri aurrea hartzeko, mugako izan daitezkeen hainbat bozemaile erakartzeko.

Litekeena da datozen urteko hauteskundeetan —udal mailakoak eta autonomikoak direnez gero— popularrek eusteko modurik izatea, oraingoz lurralde mailako azpiegitura sendo eta errotua dutelako. Ciudadanos alderdi berria da, azkar hazitakoa, botere mediatiko askok bultzatutakoa. Baina hori ez da nahikoa bateko edo besteko udal bat osatzerakoan, gertueneko hautagaiak aukeratu behar direnean. Horretan oso aurretik dauka PP, eta horrek salba dezake Rajoy 2019an. Baina hauteskunde orokorrak heltzen direnerako egungo hainbat inertzia gainditu ezean, inoizkorik txarrenean gera liteke, neurri handi batean Ciudadanos bere ordezko bihurtzeraino, alderdi batetik besterako ihesaldia masiboa izateraino.

Oso bestelako aurpegiak eta jokabideak beharko ditu PPk dagoeneko baduen krisia gainditu ahal izateko. Zauriz josia dagoelako, ohiko izan duen estilo traketsak amildegiaren ertzera daramalako. Eta ez dago, oraingoz behintzat, bestelakorik eskain dezakeen barruko alternatibarik, gardentasun eta garbitasunezko ibilbideko lehen mailako buruzagirik. Cifuentes zen zenbaitzuren itxaropena, baina dagoeneko luzapenean ari da, bizitza politikotik betiko desagertzear.

Kostako zaio PPri egungo krisia gainditzea, daborduko endemikoa delako. APtik PPrako jauziak lortu zuen sektore berriak erakartzea, bere oinarri soziala zabaltzea, iraganarekin neurriren batean haustea. Horrelako zerbaiten beharrean egongo da berriz, goizago ala beranduago, nahiz eta Ciudadanos hor egoteak orain arteko edozein agertoki guztiz aldatzen duen. Jada ez zaio nahikoa izango siglak egokitu edo aurpegi gazte berriren bat lehen lerrora eramatearekin. Askoz sakonagoa izan beharko du aldaketak, eraldaketa izaterainokoa. Eta arazoak geroko gerotan uzten dituen Rajoyrekin ez du ematen posible hori garaiz egitea, galdutakoa berreskuratzen hasteko saiakerari sasoiz ekitea.

Ilun datorkio etorkizuna PPri, eta oso kezkatuta behar lukete alderdi horretako buruzagiek. Oso bestelako jarrerak eskatzen zaizkielako, irudi-kabineteek iradokitakoez urruneko urratsak egitea dagokielako, barru-barru eta muin-muineko aldaketekin ez bada nekez gaindituko dutelako azkenaldiko beheradaka. Ez delako heltzen eta joaten diren horietakoa, geratzeko heldutakoetakoa baizik. Erreakzio faltak, arazoen ukazioak, ez du sekula ezer konpontzen. Hondamendia eragin lezake. Eta horren atarian daude popularrak, zantzu guztien arabera.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios