https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Zatoz gurekin!' bideoklip berria grabatu du 'Go!azen'ek

Bideoklip berriaren momentu bat./EiTB
Bideoklip berriaren momentu bat. / EiTB

Kanta Iker Lauroba donostiar musikagileak ekoitzi du

UNAI SARRIUGARTE

'Zatoz gurekin!' bideoklip berria grabatu zuen astelehenean 'Go!azen'ek Donostian eta Azpeitian. Obra hau denboraldi berriaren lehendabiziko egitasmoa da. Izan ere, atzo denboraldi berriaren grabatze lanei ekin zioten.

Aurtengo edizioak berriro ere Basakabi udalekua izango du kokaleku nagusi. Euskal neska eta mutil hauen arteko nondik-norakoak izango ditu hizpide telesailak: umorea, maitasuna eta musika uztartuko ditu gehienbat. Programak 13 atal izango ditu eta Donostian, Azpeitiko Esklaben komentuan eta Oiartzunen filmatuko da Javier Garcia de Vicuñaren eta Itziar Gomezen zuzendaritzapean.

Hortaz aparte, Go!azenek denboraldi berri honetan Euskal Herriko txoko ezberdinetako gazteak izango ditu protagonista. Denak aurpegi berriak dira Diana Raño salbu, 'Bagoaz' saioko irabazlea izandakoa. Berarekin batera Esti Lopez (Irun), Markel Sainz (Donostia), Kimetz Renteria (Bilbo), Xabi Rodríguez (Idiazabal), Andrea Mora (Etxebarri), Nikola Zalduegi (Bilbo), Lorea Intxausti (Donostia) eta Xanti Korkostegi (Donostia) ibiliko dira agertoki gainean.

Iker Lauroba donostiar musikagileak ekoitzi izan du kanta berriro ere, berarenak baitira 'Euskararen txantxangorria', 'Bihotzetik ezpainetara', 'Denok zu' eta 'Mugimenduan tinko' abestiak. Laurobak sortutako kanta berri honek udaren etorrera ospatzea du helburu.

Aurtengo denboraldia azaroan hasiko da eta hainbat berritasun eta estreinaldi emango dituzte. Gainera, ETB1en ikusteko aukeraz gaindi, telesailaren pasarte eta komeriak 'Go!azen' aplikazioaren bitartez eta eitb.eus web orrialdetik ikusi ahal izango dira.