Zahartzaroan, amore
Iruditzen zaigu gauza jakina dela, ezinbestekoa, bizitzaren derrigorrezko norabidea, gazte errebeldeak, adinean aurrera egin ahala, eskuinerantz jotzea, gero eta kontserbatzaileago bilakatzen dela bat. Madrilgo politiko ezagun batek izenburu hori jarri dio argitaratu berri duen liburuari. 'Gaztetan ezkertiarra nintzen eta gero ondu egin nintzen'. Ugariak dira antzeko esapideak, gaztetan errebelde izatea arrunta dela, ia berezkoa eta hori bezain berezko dela zahar kontserbatzaile bilakatzea.
Eta estatistikoki horrela izan daiteke, hori izan daiteke joera nagusia. Ez, ordea, ezinbestekoa. Aski litzateke hori gezurtatzeko Stéphane Hessel aipatzea. Hainbesteko oihartzuna izan zuen 'Indignez-vous' liburua argitaratu zuenean laurogeita hamar urte baino gehiago zituen. Zaharra zen, baina baita errebeldea ere.
Agian errazago da gaztetan zenuen errebeldia hori zahartzaroan ere pizturik mantentzea, iragan kontserbatzaile batetik ezkerrera salto egitea baino. Baina gauza da, bilatzen badituzu, aurkitzen dituzula, historian zehar eta gaur bertan, zahar errebeldeak, tradizioak eta idatzi gabeko legeek agintzen duten bideari uko egiten diotenak. Amore emateko prest ez daudenak.
Seguru aski gehiago dira pauso hori ematera ausartzen ez diren zaharrak, are gehiago, horrelako zerbait pentsatu ere egiten ez dutenak, nortasun agiriaren agindutara jartzen direnak. Adin honetan hau, adin horretan beste hau. Bizitza horrelakoa delako, gizarteak horretara bultzatzen zaituelako. Nahikoa egin duzulako edo behar adina egin ez baduzu ere, zahartzaroan berandu delako.
Ausardia aipatu dut. Izan ere, gaur egiten ez dugun gauza asko ez daude debekatuak, baina ez gara artaldetik ateratzera ausartzen, ezta milimetro bakarra ere, edo beldurra ematen digu nabarmentzeak.
Zer gertatuko litzateke ausartuko bagina?