Zabalik dago XVII. Laburbira zirkuituko emanaldiak antolatzeko elkarte eta udalentzako deialdia
ZINEMA ·
Emanaldiak martxoaren 9tik apirilaren 8ra bitarte antolatuko diraZUREKIN
Ostirala, 31 urtarrila 2020, 22:44
Laburbirak, euskarazko film laburren zirkuituak, 17. edizioa beteko du aurten euskal ikus-entzunezkoen harrobitik lan interesgarrienak Euskal Herriko edo Euskal Herritik kanpoko hainbat aretoetara eramaten. Edozein euskara edo kultur elkartek eta udalek bere herrian ikus-entzunezko zirkuitu hau antolatu nahi izanez gero, deialdia zabalik dago otsailaren 7rarte, irudienea.topagunea.eus webgunearen bitartez. Urte honetan XVII. Laburbira martxoaren 9tik eta apirilaren 8ra bitartean izango da.
Euskarazko sortzaileen lana ezagutarazteko eta ikusleak lan hauetaz gozatzeko helburuarekin sortutako egitasmo hau edozein herritan antolatu daiteke. Horretarako elkarte eta udalen izen-ematea zabalik dago webgunean otsailaren 7rarte. Bertan aukeratu dezakete martxoaren 9tik eta apirilaren 8ra bitartean zein egunetan antolatu nahi duten emanaldia.
Iazko edizioan 35 herritan eskaini ziren Laburbira zirkuituko emanaldiak Euskal Herriko herriez gain, New Yorken, Londonen eta Parisen ikusi zituzten Laburbirako filmak.
Aurtengo edizioan 27 ikus-entzunezko lan aurkeztu badira ere, bederatzi lan aukeratu dira emanaldietarako. Irizpideak anitzak izan dira aukeraketa egiteko orduan: lurraldetasuna, ikus-entzunezkoaren disziplina, genero parekidetasuna, gaia eta formatua. Emaitza, emozioz eta sentsazioz beteriko 73 minutuko emanaldia izan da, publiko orori zuzendutakoa.
Aukeratutako lanen artean besteak beste 'Anti' laburmetraia dugu (Zinebi jaialdian aurkeztutako lana eta hainbat sari jaso dituena), Kristina Zorita zuzendariaren 'Pil Pil' laburmetraia (hainbat jaialditan izandakoa), Ibon Izaren 'Mamarro' izeneko lana eta Bilboko Mendi Film Festibalean estreinatutako 'Herria Harria' film laburra daude.
Irudienea webgunean XVII. Laburbira osatzen duten 9 lanak ezagutu ditzakezue.