https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zabalik dago

Bi pertsona, itxita dagoen denda txiki baten aurrean./Juan J. Monzo
Bi pertsona, itxita dagoen denda txiki baten aurrean. / Juan J. Monzo

Hamaikatxo dira azken urteotan zarratu dituzten betiko dendak, belaunaldiz belaunaldi ekin dioten horietakoak

JOSEBA ARRUTI

Denda txiki eta ertain askotako jabeak kexu dira aspalditik: krisiak zuzen astindu zituen eta merkataritza elektronikoak gero eta kalte handiagoa egiten die. Ekintzaile izateak berez dakarrenaz gain, ausardia ia itsua behar da negozio bat zabaltzeko. Euskal herriko herri desberdinetan hamaikatxo dira azken urteotan zarratu dituzten betiko dendak, belaunaldiz belaunaldi ekin dioten horietakoak. Zerbait ari da aldatzen erosleen joeretan, eragindako lurrikararen zartakoa gero eta suntsigarriago egiteraino.

Krisiaren eragina apaltzen doan arren, badago iraunkor izateko heldu den iraulketa. Gazteenak pantaila bati itsatsita hazi dira, eta hori dute begiratoki zein erakuslehio nagusi. Ordutegirik gabekoa da, ikusi eta aukeratzeko zenbatgura ematen duena. Honi aurre egiteko, dendariek elkarteak sortu dituzte, kanpainak bultzatu, inoizko ordutegi zurruntasuna eta halakoak malgutu… baina olatuak hainbat harrapatu ditu.

Merkataritza elektronikoan enpresa handiak dira jaun eta jabe, euren ahalmen ekonomikoak besteen esku ez dagoen ikusgaitasuna ematen dielako. Prezioa eta kalitatea izan dira luzaroan hona edo hara jotzeko oinarrizko irizpideak, baina erosotasuna gehitu zaie interneten garaian. Hiruren arteko oreka da preziatuena, txikitasunak askotan zailtzen duena. Arreta da azkenon indargunea, baina pantailaren hoztasunera ohitutakoarentzat giza-berotasuna ez da funtsezkoa.

Merkataritza apalenaren atzerakadak edozein herritako paisaia pobretzen du. Lehengo bizitasunaren ordez hutsuneak nagusitzen direlako, jarduera ekonomikoarekin lotutako kate guztiak ahuldu edo hautsita. Inoiz oparo izandakoek nahikoa dute orain bizirautearekin, lanpostu apur horiei eustearekin, pertsiana egunero zabaltzearekin. Erakundeek eta kontsumitzaileek hor dagoen balio erantsia oso aintzat hartuta izango da neurri bateko sendabiderik, eta merkatari horiek errealitatera moldatuta.

Gure herrien onerako, ahalik eta txiki gehien salbatu behar dira erraldoien oinkadetatik. Nahikoa da keinu bat: noizean behin etxe inguruko dendaren batera joan eta han erostea. Betiko irizpideei beste bat gehituta. Mota honetako merkataritzak gure ongizatean eta eguneroko bizimoduan duen garrantziarena.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos