Borrar
Zabalganeko txakur-parkea bukatu eta Elexaldeko haur jolasak egiteko lanak hasi dira

Zabalganeko txakur-parkea bukatu eta Elexaldeko haur jolasak egiteko lanak hasi dira

sergio eguía

Sábado, 2 de diciembre 2017, 00:11

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Bukatu dira Zabalgana auzoan konpainiako animalientzako olgeta-eremua sortzeko lanak. Berez, dagoeneko jabe ugarik eraman dituzte txakurrak Iruña-Veleia eta Salvador Dalí kaleen arteko lursail batean kokatutako espazio berri horretara. Hirian ezaugarri horiek dituen lehena da. Tunelaz, igarobideaz eta jauzi egiteko hesiaz hornituta dago, eta iturri berri bat, argiztapena eta eserlekuak ere jarri dira. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak aurreikusi duenaren arabera, datozen hilabeteetan belarra sendotu eta parkearen erdialdeko landaketak hazi egingo dira, eta hartara murru natural antzeko bat osatuko da.

Urtaranen gobernuak duela hilabete batzuk sustatu zuen Zabalgana auzoan konpainiako animalientzako olgeta-eremu hori sortzea, “bi helbururekin: batetik, txakurrentzako berariaz diseinatutako elkargune bat eskaintzea haien jabeei; bestetik, hiriko beste leku batzuetan txakur gutxiago ibiltzea. Gainera, proiektua ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ herritarren parte hartzerako programaren barruan sartuta dago, eta bat dator Zabalganean azpiegitura berdearen irizpideei jarraituz egiten ari diren beste jarduera batzuekin”, azaldu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak. Viveros Eskalmendi enpresak egin ditu lanak, 31.425 euroan, BEZa barne.

Lursaila pieza trapezoidala da, 3.650 metro koadro inguru duena. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatutako proiektuari jarraituz, animalientzako “harresi” gisa hiri baso bat sortu da, eta erdian soilgune handia, maskotentzako jolasekin. Soilgunea 18 metroko diametroko zirkulu bat da, zuhaixka arantzadunek, laharrek eta zuhaitzek inguratua, animaliek ihes egin ez dezaten. Hainbat sarbide ditu lekuak, eta jabeek lotuta eraman beharko dituzte haraino txakurrak, udal araudiak agintzen duenari jarraituz.

Erdiko esparru horretan txakurrentzako aisialdi gune bat sortu du Udalak: tunel bat, igarobide bat eta jauzi egiteko hesi bat, bizkortasun zirkuitu baten antzera. Orobat, zuhaitzak landatu dira, itzala eman dezaten, eta eserlekuak jarri dira horien azpian. Egoteko lekua iturri batez, hiru argi puntuz eta maskoten gorozkiak botatzeko paperontzi batez hornitu da.

Elexaldeko lanak abian

Bestetik, gaur goizean hesiak jarri dira Elexalden (Zabalgana), Tirreniar Itsasoaren kalearen ondoan, makinak jolas eremua egiten lanean has daitezen laster. Jolas eremu berritzailea naturan txertatuta egongo da, eta Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko teknikariek Estatu Batuetan, Kanadan eta Europako iparraldean garatutako antzeko beste ekimen batzuk hartu dituzte aintzat. Campezo enpresak egingo ditu lan horiek, 123.725,57 euroan. Obra egiteko epea bi hilabete izango da.

Proiektu hori ere ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ partaidetza-prozesuan hautatu zen, eta azken urteetan Gasteizen —bereziki Lakuabizkarrean— garatzen ari den hiri-azpiegitura berdearen barruko zenbait ekintzatan inspiratu da. Zabalganeko auzo elkarteekin hainbatetan bildu ondoren, jolas eremua ikuspegi horretatik diseinatzea erabaki zen. Horretarako aukeratu den lursaila ez da erabiltzen, eta Zabalgana institutua eraikitzeko indusketetan ateratako landare-lurra metatu da bertan. Material hori aprobetxatu egingo da.

Gasteizko Udalak diseinatu duen proiektuak zirkulu baten inguruan antolatutako zenbait zona ditu; horien erdian soilgune bat izango da, eta bertan jolas konbentzionalagoak jarriko dira. Inguruan lurrezko ‘donut’ moduko bat osatuko da, erdigunea mugatzeko balioko duena, bai eta jolasteko ere (lasterka igo eta jaitsi, bizikletaz zeharkatu, tunelak eta txirristak gehitu…). Eraztun horren kanpoaldean, naturan txertatutako jolas eremu batzuk sortuko dira, inguru “basatiago” batean. Auzoko taldeekin estatuan aitzindaria den alternatiba proiektatu eta garatu da, Amerika eta Europa iparraldeko diseinuetan oinarritua, eta integratzailea eta belaunaldien artekoa izatea da asmoa. Umeek naturarekiko harremanean jolastu ahalko dute, beste modu batean.

Jolas eremuaren erdialdean saskibaloirako saskia, futbolean aritzeko bi zutoin eta boleibolerako zutoinak jarriko dira, baina ez era arautuan, asmoa ez baita ohiko kirol espazioa diseinatzea. Lurrezko horma edo ‘donuta’ nahierara zeharkatu ahalko da (bai eta tunel edo txirristen bidez ere) eta lurrezko ziklo-kros zirkuitua ere izango du.

Hormaren kanpoaldean eta hura inguratuz, jolas eremu naturalizatu batzuk jarriko dira. Orotara sei gune izango dira: enbor multzoak haien artean jauzi egiteko, esertzeko eta jauzi egiteko harriak, oreka egiteko zirkuitua, adar etzanez osatua, etab. Zuhaitz eta zuhaixkez inguratuko dira. Hezegune txiki batek osatuko du jolas eremua, helburu pedagogikoa ere izango duena.

Ureztatzeko ihinztagailu handia ipiniko da erdian, zutoin baten gainean. Horren bidez erdiko zirkulua ureztatu ahalko da, eta bertako belarra ere moztuko da. Kanpoaldeko jolas-zirkulua, berriz, naturalizatuz joango da, baso baten antza hartu arte.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios