https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Yetia aspaldi bizi izan zen, eta hori frogatzen duen aztarnaren bat ekarriko dut»

Jean-Louis Maurette./
Jean-Louis Maurette.

Jean-Louis Maurette idazlea izaki ezezaguna aurkitzeko xedearekin Kaukasoko mendietara espedizioa prestatzen ari da

IZASKUN MOYANO

Tintinen komikietan, umeentzako ipuinetan edota ahoz-aho zabaltzen diren kondairetan maiz entzun dira Yeti izeneko izakiaren istorioak. Animalia magikotzat du gizartearen gehiengoak, baina badaude benetan existitu dela uste duten herritar batzuk ere. Hauetako bat da Jean-Louis Maurette idazlea. Kaukasoko mendietan Yetia ikusi zutenen adierazpenak asko omen direla eta, izakia benetan bizi izan zen aztarnaren bat aurkitzeko asmoz laugarren espedizioa prestatzen ari da.

Baieztapen zientifikoei dagokienez, bi hankatan dabilen animalia handi eta iletsua zinean eta marrazkidun ipuinetan baino ez dago ikusgai. Izan ere, sinesmen herrikoiengatik ezagun egindako izakia da. Baina Maurette ez dator bat. «Kaukasoko herritar bat hartza identifikatzeko gai ez dela adierazten duen orok ez da inoiz mendi haietatik ibili», baieztatu du ziur. Idazlea, 'Almasty' delakoaren bila dabil, Tintinen abenturetan agertzen den Yetia, hain zuzen ere.

Kaukasoko herritarrekin hitz egin ostean, Almasty-a izaki mitologikoa baino gehiago dela konturatu zen. Inguruko bizilagunengan aztarna handia utzi zuen benetako animali bat izan zela uste du. 2014. urtean eskualde hartara bideratu zuen bere lehendabiziko espedizioa. Gouamkako udalerrian, Pchekha ibaiaren ertzean bizi ziren herritarrek «lotsarik gabe komentatzen zituzten Almasty-aren inguruko istorioak». Gehienek ez omen dute inoiz ikusi, baina beraien arbasoek sarri topatzen zuten.

Mauretten aburuz, Yetia desagertu egin da, baina antzina batean benetan existitzen dela sinesten du. «Almasty-a Kaukasoan bizi izan zen, eta ziur nago hori frogatzen duen aztarnaren bat edo beste aurkitzeko gai naizela». Izan ere, egun harro erakusten du 2014ean Kaukason aurkitutako 46 zentimetroko oinatzaren argazkia. «Bere tamaina izugarria da, eta gainera antzinako herritarrak ez ziren oinutsik ibiltzen. Beraz, ezohikoa den zerbaiten aurrean gaude».

Laugarren espedizio honetan ere bakarrik joateko asmoa du, zarata gutxi egiteko asmoz. Kasu honetan, Kazajistan ingurura abiatuko da Almasty-aren aztarnak aurkitu eta argazkiak ateratzera. Diru nahikoa eukiko balu, Maurette-i Kaukasoan bulego bat izatea gustatuko litzaioke, bertan adierazpenak batu eta argazkilari adituekin behar bezalako espedizioak antolatzeko.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos