Xare jardunaldiak Amorebieta-Etxanora doaz orain
Euskarazko kultura digitala sustatzen duen egitasmoak Zornotza, El Carmelo, Lauaxeta Ikastola eta Urritxe ikastetxeetako eta Durangoko Fray Juan de Zumarraga eskolako bigarren hezkuntzako 200 ikasle batuko ditu
Azken asteetan, Azkue Fundazioak Xare euskarazko kultura digitalaren jardunaldiak ospatu ditu Bilbon eta Barakaldon, eta, orain, Amorebieta-Etxanoren txanda da. Ostiral honetan izango da, Zelaieta Zentroan, eta udalerri horretako Zornotza, El Carmelo, Lauaxeta Ikastola eta Urritxe ikastetxeetako eta Durangoko Fray Juan de Zumarraga eskolako bigarren hezkuntzako 200 ikasle batuko ditu.
Xare ekimenaren helburu nagusia da euskarazko sorkuntza digitala eta ekosistema digital euskaldunean dauden baliabideak gazteen artean ezagutaraztea eta balioestea. Gainera, «kultura digitalaren hartzaile/kontsumitzaile soilik izan beharrean, ikaslea tresna berrien sortzaile eta etorkizuneko garatzaile izatea ere bilatzen du ekimenak». Lanabesak ezagutu ez ezik, ikasleek tresna horiek balioan jar ditzaten bilatzen da, eta gazteak, hartzaile-kontsumitzaile izatetik, euskarazko ekosistema digitala aberastuko duten sortzaile eta garatzaile izatera pasatzea.
Gazteek hiru gune izango dituzte Zelaieta Zentroan: Ikas gunea (tailerrak), Era gunea (hitzaldiak) eta Jolas gunea. Bada, 09.00etatik 13.45era bitarte, hiru taldetan banaturik eta beste horrenbeste txandatan, ikasleek Xare jardunaldiak dakarren egitarau osoaz gozatuko dute.
Zehazki, jardunaldietan sei lantegi izango dituzte eta arrasto digitalaz eta sare sozialetan modu arduratsuan jarduteko moduaz hausnartzeko bi hitzaldi interaktibo ere izango dira, eta Azkue Fundazioak sustatzen duen Memeka lehiaketan Ainhoa Etxebarria aktorearen eskutik parte hartzeko tartea izango dute, baita 'Egunean Behin' jokoaren zuzeneko partida bat ere.
Musika autoekoizteko hastapen lanabesak, argazki teknika berriak, robotika, bideojokoak, errealitate birtuala, 3D inprimagailuak, app-ak nork bere neurrira sortzeko tresnak, adimen artifiziala edota pribatutasuna sarean moduko gaiak jorratuko dituzte gazteek.
Errealitate birtuala, 3D inprimagailuak...
Euskarazko unibertso digitala elikatzen diharduten profesional eskarmentudunak arduratuko dira Xare programa osatzen duten jarduera horiek guztiak gidatzeaz, hala nola Eragin komunikazioa, Talaios kooperatiba, Elurmaluta proiektu artistikoak, Gisa software librearen aldeko elkartea, Emaize sexologia zentroa eta Mundu Berriak berrikuntza sexologikorako irabazi asmorik gabeko elkartea, Codesyntax, Protomakers Club, Katubi ikus-entzunezkoak, Game Erauntsia euskarazko bideojokozaleen elkartea, Dj Makala eta Ainhoa Etxebarria aktorea.
Zuzeneko musikak ere izango du tartea ostiralean, eta Sara Zozayak kontzertu akustikoa emango du 10.45ean. 'Attä' izeneko EP berria aterako du azaroaren 11n, Alejo Orbegozo 'Ke_Lepo'rekin batera sortu du eta dagoeneko hasi da zenbait doinu aurreratzen.
Hitzordu hau Xare jardunaldien bosgarren geldiunea izango da 2025-2026ko ikasturtean, eta, Bilbotik, Iruñetik, Baionatik, Barakaldotik eta Amorebieta-Etxanotik pasatu ostean, Errenterian, Laudion, Donostian eta Gasteizen egingo du geldialdi bana. 2017an abiatu zenetik eta 2025era bitarte, 14.340 gaztek hartu dute parte Xare jardunaldietan, eta 2025-2026ko ikasturtean 4.570 gazte gehiagorengana helduko da euskarazko kultura digitala sustatzen duen egitasmoa.