https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Xabier Arakistainek, Sahatsa Jauregik eta Miren Arenzanak Gure Artea garaikurrak jaso dituzte

Xabier Arakistainek Gure Artea garaikurra jaso zuen./Blanca Saenz de Castillo
Xabier Arakistainek Gure Artea garaikurra jaso zuen. / Blanca Saenz de Castillo

Garaikur honen bitartez sortzaileen lana, ibilbidea eta jarduera artistikoa aitortu nahi da

UNAI SARRIUGRTE

Xabier Arakistain 'Arakisek', Sahatsa Jauregik eta Miren Arenzanak aurtengo Gure Artea garaikurrak jaso dituzte. Sarien banatze ekitaldia Gasteizko Artium museoan ospatu zuten astetartean, irailak 17. Bertan Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esku hartu zuen.

Lehendakariarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren izenenean hainbat ordezkari izan ziren: Josu Erkoreka, bozeramailea eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua; Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Ramiro González, Arabako ahaldun nagusia; eta Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea, besteak beste.

Lehendakariak gaineratu zuenez: «Euskal Herriak herrialde sortzailea izan behar du, munduan berezko argia izaten jarraitzeko helburuarekin«. Urkulluk nabarmendu zuenez Gure Artea sarien bidez sortzaileen lana, ibilbidea eta jarduera artistikoa aitortu nahi dute, euren ekarpena euskal lurraldearen handinahi hori izan dezan, espiritu sortzaile, kritiko, irekia eta bizia.

Arakisek arte plastiko eta ikusizko arloan burutu izan duen lana aitortzeko saria jaso zuen. Izan ere, epaimahaiak hainbat erakusketa ezberdinetan komisario gisa egin duen lana nabarmendu zuen. Arakisek emakumezko eta gizonezko artistak berdintasunez tratatu eta arte ofizialaren historiografiaren kanonak berraztertu ditu.

Sahatsa Jauregik, berriz, sorkuntza lana aitortzen duen garaikurra irabazi zuen, eskultura eta artxibo lanetan jorratu izan duen ibilbide oparoarengatik. Epaimahaiak gaineratu zuenez; «kultura herrikoiaren formen analisi xehetik datozen erreferenteen erregistro zabala osatu du Jauregik».

Azkenik, Miren Arenzana artista bilbotarrak ibilbide artistikoa aitortzen duen esparruko garaikurra jaso zuen. Epaimahaiak aitortu zuenez Arenzana ondorengo belaunaldientzako erreferente bilakatu da. Arenzanaren obraren produkzioa industriako materialen: plastikoak, gomak, metakrilatoak; eta, eskulangintzako beste batzuen inguruko ikerketa izateagatik definitzen da, bordatuak esaterako.