'In vino veritas' liburuaren azala.

In vino veritas

Fortuna Jainkosak hala nahita, esku artera etorri zait Kierkegaarden liburu bat. Bazenik ez nekien, etxean banuen ere. Ez da Kierkegaarden hobena ordea, nirea baizik. 'In Vino Veritas' du izenburua.

Publicidad

«Ardoak egia darama berarekin», esan omen zuen Plinio Zaharrak 'Naturalis' historia liburuan. Emandako prezioan saltzen dut, ez naiz iruzurgile. Lehendabiziko aipamen idatzia izan daiteke, baina egia esan ardoaren historia zaharra izanik, egiarena ere zaharra izango da, seguru asko. «Zer da bizitza, ardorik gabe?», galdetzen du idazleak Testamentu Zaharreko liburu batean. Champagne aldean mahasti-adar fosilizatuak aurkitu dira, milioika urte omen dituzte. Ardo zaharra nonbait. Tradizio kontuak ezin ahantzi.

Liburuak, gustagarria izateaz aparte, gogoetarako gaia ekarri dit. Bukatutakoan, neure buruari galdetu diot ea zer harreman klase edo suertea dagoen ardoaren eta egiaren artean. Egia ote da ardoa edanda gure mihitik egia besterik ez dela ateratzen, ala asmakizuna baino ez da? Egoera berezietan, agian, esan nahi ez ditugun kontuak esaten ditugu, baina ez gara ohartzen ez ditugula esan nahi. Mihia suelto, arima zabal eta hankak baldar, halakoxea da edan duenaren egoera. 'In vino veritas' liburuko pertsonaia baten arabera, «ardoak egia dakar eta egiak ardoa behar du». Biak lotuta, beraz. Montaignek mahastiak zituen eta, ardozale porrokatua ez izanik ere, ez zen edateko orduan atzean geratzen zen horietakoa. Adornoren aita ardo-banatzailea zen, eta berak ez zion muzin egiten kopa bat ardori. Ezta Walter Benjaminek ere. Joseph Rothi buruz, zer esanik ez. Ardoaren eta egiaren arteko harremana Hobbesek adierazi zuen ederki asko: «Gehiegi edan duten gizon-emakumeen jokaera eromenak jotakoen antzekoa da: batzuk haserretu egiten dira, besteak maitakerietan hasten, bada barre egiten duenik ere… Ardo gehiegikeriak pasioak biluzik jartzen ditu». Pasioak biluzik, egia larru-gorritan, barnea kanpoan eta nork bere baitakoak gorde ezin. Mozkorrak, eroak eta haurrak beti egia esaten omen dute. Edaleak arriskutsuak izan daitezke, esan behar ez dena esateko ausardiaz janzten baitira. Kant filosofoak Kanarietako ardoa maite zuen, malvasia deitzen dena. Haren iritzian, garagardoak logalea eragiten du, ardoak piztuera ekartzen. Lord Byron ardo zuriaz eta olibaz zen elikatzen. Europako hegoaldeko ohiturak dira, ezin uka. Britainia Handian ardo gutxi eta olibondoak eskas, lainoa bazterrak inguratuz, besterik ez. Hegel ere edale sarria zen. Karl Marx ez zen fidatzen ardorik edateko ohiturarik ez zutenez. Topikoa da, aurreiritzia, edaten ez duenak zerbait ezkutatzen duela esan nahi du. Ardoak, ordea, ate guztiak irekitzen ditu, gordeta dagoena lau haizeetara zabal dadin. Hori ere aurreiritzia. Ardoa gezur-egile aparta izan daiteke. Biharamunean burua neke, ezpainak lodi eta begiak hanpaturik ohartzen gara esandakoak ez duela zerikusirik egiarekin, barneko olatuek gora eta behera eramandako sentimenduekin baizik. Ardoarekin minak are saminago bihurtzen dira, koldarra ausart da bilakatzen, eta ausarta menturazale. Baina zer ikusia du horrek egiarekin?

Gizakia beste animaliengandik bereizten bada, egarririk gabe edaten duelako da. Noerengandik hasita gaurdainoko adibideak ditugu erakusgarri. San Pablok ardoa edateko aholkatzen dio bere ikasle bati, osasunerako ona dela argudiatuz. Eliza katolikoa eta ardoa oso elkartuta ibili ohi dira, ardorik gabe ez baitago mezarik, eta mezaren emanaldian ardoa Jesukristoren odol bilakatzen da. Ez dago gehiago gutxiagogatik ematerik. Hona hemen Joakin Lizarragaren idatzia: «…ogiaren eta ardoaren idurian ematea gizonai bera den guztia». Ardorik gabe ez dago Kristoren irudirik sortzerik, eta Kristo denez, katolikoentzat, egia eta bizitza, ardorik gabe ez egiarik ez bizitzarik. Amen. Sinesmen kontuak, ipuinak. Gaur egun ere, gure artean, ez dago festa izena merezi duen ospakizunik, tartean ardorik ez badago. Esango nuke, eskarmentuagatik gehiago, ardoak gezurra bera mozkortu egiten duela, egia festa bihurtuz.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad