https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Vinila Von Bismarken kontzertua izango da Jimmy Jazzen ostiralean

Vinila Von Bismark./
Vinila Von Bismark.

Granadarrak 'Motel llamado Mentira' izeneko azken lana aurkeztuko du Gasteizen

PAUL PICADO

Datorren ostiralean, apirilaren 26an, Vinila Von Bismarken kontzertua izango da Jimmy Jazz aretoan. Artista granadarra Argentina, Kolonbia eta Mexikotik ibili da bira ematen, eta Gasteizen, 'Motel llamado Mentira' izeneko azken lana aurkeztuko du. Aretoko ateak 21:30ean irekiko dituzte, baina oraindik ez dute adierazi kontzertua zer ordutan hasiko den. Sarrerak Interneten (6,50 euro, kudeaketa-gastuak barne hartuta) edo leihatilan (8 euro) eros daitezke.

Vinila Von Bismark, berez, Irene Lopez Mañas da. Gaztea bada ere, 1986. urtean jaio baitzen, dagoeneko Rolling Stone, Interviú edo El País argitalpenetan agertu da. Probokazioaren, sedukzioaren eta desioaren mugekin jolastea gustatu zaio beti. Badirudi burleskea beti egon dela Vinilaren bizitzan, izan ere, bere amarekin joaten zen entseguetara eta haren ikuskizunetara.

Dantzan trebatu zen, eta horrez gain, kirola ere egiten zuen, fitness hain zuzen ere. Beraz, argi zegoen bere jarduera profesionala agertoki batean gauzatuko zuela. Hamalau urterekin Dj gisa hasi zen lanean, Industrial Copera klubean, garai hartan Granadan zegoen klubik handiena eta garrantzitsuena zena. Gaur egun hainbat ekitalditarako deitzen dute, bai nazioarteko moda pasareletan musika jartzeko, bai Europa osoko musika jaialdietarako.

Hainbat lan kaleratu ditu, antzezle gisa aritu da, eta 2008. urtean kaleratutako 'Road Movie' izeneko lanarekin arrakasta handia lortu zuen. Horri esker, Espainiako jaialdirik onenetan parte hartu zuen. Iaz bere azken lana prestatu zuen, eta esan bezala, hori aurkeztera etorri da Gasteizera.