'Cosas que sé que no son de verdad' antzezlana Principal Antzokira heltzear dago
Verónica Forqué, Julio Vélez, Pilar Gómez, Jorge Muriel, Borja Maestre eta Candela Salguero dira obra honetan antzezle nagusiak eta obra otsailaren 14an eskainiko da, 20:30ean
Paul Picado
Asteazkena, 5 otsaila 2020
Julián Fuentes Retak zuzendutako 'Cosas que sé que no son de verdad' antzezlana ikusgai izango da datorren otsailaren 14an Gasteizko Principal Antzokian. Obra 20:30ean hasiko da, eta, gutxi gorabehera, ordubete eta erdiko iraupena izango du. Ikusi nahi duenak, sarrerak hemen eros ditzake, baina dagoeneko bigarren anfiteatroan bakarrik geratzen dira, 6,90 eta 12,90 euro artean.
Antzezlanaren testua, berez, Andrew Bovellek idatzi zuen, eta egile honen aurreko lanetan ohikoa denez, pertsonek naturarekin dituzten harreman, haustura eta loturei buruz hitz egiten du. Obran, zehazki, familiari eta senar-emazteei buruz hitz egiten da, baina seme-alaben ikuspegitik.
Verónica Forqué, Julio Vélez, Pilar Gómez, Jorge Muriel, Borja Maestre eta Candela Salguero dira obra honetan antzezle nagusiak. Lehenengo biak senar-emaztearenak egingo dituzte, eta beste laurak, seme-alabarenak. Bertan kontatzen denaren arabera, gurasoek lan gogorra egin dute bizitza osoan euren lau seme-alabek beraiek izan ez dituzten aukerak izan ditzaten. Orain, nagusiak direla, erabakiak hartzen hasi dira eta bakoitzak bere bizitza ere badu. Beraz, lasaitzeko eta gozatzeko une heldu zaie gurasoei.
Andrew Bovellek 'Cuando deje de llover' izeneko lana idatzi zuen honen aurretik, eta hiru Max sari irabazi zituen: antzezlan onenarena, zuzendari onenarena eta bigarren mailako emakumezko aktore onenarena. Obra horren zuzendaria Julián Fuentes Reta izan zen, eta, oraingoan, lan honetarako berriro elkartu dira.
Fuentes Retak dioenez, Bovellen dramaturgia ausarta da, izan ere, ez du inoiz amore ematen maitasunaren edertasunaren aurrean, ez eta suntsipenaren samintasunaren aurrean ere. Horregatik, hain zuzen ere, aukeratu du obra hau, gure eguneroko bizitzaren irrealtasun bortitza azaltzen duen Bovellen dramaturgiaren bezalakorik ez duelako inoiz aurkitu.