Venezuela, Kolonbia eta Nikaraguako herritarrak dira gehienbat Euskadin asiloa eskatzen dutenak
Asiloa eskatzen duten pertsona guztien % 85,2 herrialde horietakoak dira
Paul Picado
Asteazkena, 17 otsaila 2021, 20:19
Asiloa eskatzen duten pertsona guztien artean, %85,2 Venezuela, Kolonbia eta Nikaraguakoak dira, eta gehienek Bizkaia aukeratzen dute bizitzeko. Eskaera gutxiagorekin daude Araba, eta neurri txikiagoan, Gipuzkoa. Koronabirusak ekarritako pandemiaren ondorioz asilo-eskaerak behera egin du, baina 2017 eta 2019. urteen artean nabarmen egin zuen gora eskatzaile kopuruak.
Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiak hiru hilez behin egiten duen 'Begirada' izeneko txostenean jasotzen diren datuak dira horiek guztiak. Horrela, aurretik esan bezala, azken hiru urteetan asilo-eskaera nabarmen handitu dela dio txostenak. Ematen dituen datuen arabera, 2017. urtetik 2019. urtera 970 eskaeratik 4.827 eskaerara pasa gara.
Hala eta guztiz ere, asilo-eskaera handia den arren, Estatuko agintariek eskaera gehienak atzera botatzen dituzte. Venezuela, Honduras eta Nikaraguakoak onartzen dituzte nagusiki. Venezuelaren kasuan, eskaera guztietatik, %99,4k, errefuxiatu-izaera lortu ez bazuten ere, babesa lortu zuten, arrazoi humanitarioengatik. Bestalde, Hondurasen kasuan, eskaeren %19,3 onartu zituzten, eta azkenik, Nikaraguako pertsonen eskaeren %15,8 onartu zituzten.
Behatokian jasotzen den beste datu bat da Euskadiko biztanleek ondo baloratzen dutela errefuxiatu horiei emandako laguntza, zehazki, pertsona guztien % 94,4k. Txostenaren arabera, ondo hartzen dituztenen ehunekoa nabarmen handitu da 2015. urtetik 2020. urtera. Datu horiek eta beste batzuk jasotzen dituen txosten osoa ikusi nahi izanez gero, hemen kontsulta daiteke.