https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

urtero bezala

urtero bezala
ROBERTO MOSO

Urtero bezala Durangon euskal kulturaren azoka nagusia ospatu da. Urtero bezala, aurreko asteetan zehar, Euskal Herriko disko eta liburuen argitalpena infinituraino ugaldu da eta horrekin batera hiriburu guztietan aurkezpen ugari antolatu da. Urtero bezala, euskal hedabideen erredakzioetan arazoak izan ditugu prentsa-aurreko guztietara heltzeko eta aukeratu behar izan ditugu batzuk besteen kalterako.

Urtero bezala, irratian ohiko galderak entzun ditugu: «zenbaterainoko garrantzia dauka Durangoko Azokak zuretzat?». «Noiz ikusiko zaitugu liburuak sinatzen?». «Zure ustez, euskal kultura krisian al dago?». Urtero bezala aurten zubia kanpora joateko aprobetxatzea erabaki duzu, baina urtero bezala zubia azkarregi heldu da eta beste asteburu baterako utzi beharko duzu. Ia urtero bezala Durangotik buelta bat -besterik ez- ematea deliberatu duzu.

Urtero bezala, jendez gainezka dagoen tartean ez agertzeko planak egin dituzu, baina madarikazioren bategatik berriro jendetza artean amaitu duzu eta gainera, mimo adar-jotzaile batek bere txantxen helburutzat aukeratu zaitu, ingurukoen barre algaren artean.

Urtero bezala, azokaren izarrak, sinaduren eske fan-ilara luzeenak lortu dituztenak betikoak izan dira, gainerakoen amorrua sortuz (nahiz, urtero bezala, haserreak lagunarteko mar-marretan geratu). Urtero bezala, aspaldian ikusi ez zenuen lagun horiekin egin duzu topo eta derrigorrezko «aspaldikoak» bota eta gero, jendetzaren korrontea oztopatu duzue, norbaitek esaldi magikoa bota duen arte: «zergatik ez gara ateratzen potetxo bat inguruko tabernaren batean hartzera?».

Inguruko tabernetan, poteak, urtero legez, gomendagarri den baino askoz luzeagoak izan dira eta betiko anekdotak eta oroitzapenak, banan-banan mostradore gainean jarri dira. «Nik, atzo izango bailitzan gogoratzen dut azoka elizaren arkupetan egiten zenean, behin baino gehiagotan liburuak hegan egiten ikusi nituen». «Joer, ba merkatuan egiten zenean itoginak eta guzti zeuden hor». «Ba ezinezkoa dirudien arren, nik ligatu eta guzti egin nuen feria honetan; garai batean kaikua eta bizarra eramanez gero, txiten antzera nireganatzen ziren neskak». «Ba nik inoiz ez dut ahaztuko Guardia Zibilaren karga 1977ko azokan. Ez zegoen inongo irtenbiderik, oraindik ez dut gorputzetik beldurra atera, egiatan diotsuet». «Baina hori ez zen azoka egunetan gertatu...eta ez zen 1977an izan...».

Urtero bezala, eztabaidak -gai honen inguruan edo beste antzeko bitxikeriaren baten inguruan- azokara itzultzeko ordua atzeratu egin du eta eman nahi zenuen errepasoa, halabeharrez, laburregia izan da. Urtero bezala, poltsan sartutako diskoak eta liburuak, susmoa duzu, ez dira, luzaroan eta patxadaz ibili izan bazina aukeratuko zenituzkeenak.

Urtero bezala, bai azokan bai inguruko tabernetan Lertxundi, Laboa, Oskorri eta abar, urtean zehar entzuten ez direnak, entzun dira. Euskaraz idatzitako liburuetan ere, kristoren pareko irakurle kopuru handia izateko plantak egin dira, eta bisitarien eta salmenten zifrak iazkoak baino hobeagoak direla esan dute nonahi. Euskararen erabilera bera, urtero bezala, handitu da egun hauetan, inguruaren eraginez.

Urtero bezala, negarrak beste egun batzuetarako utzi dira. Nahiz, urtero bezala, bakoitza bere emaitzen araberako balantzea egiten ari den eta betiko atsotitza guztiz egiazkoa bihurtu den berriro: «Danantzat eztao beti feri txarrik».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos