Borrar
Iparragirreren irudia.
198 urte bete ditu Gernikako arbola 'zutic' ikusteko borrokatu zen euskaldunak

198 urte bete ditu Gernikako arbola 'zutic' ikusteko borrokatu zen euskaldunak

Abestiek egin zuten ezagun Jose Maria Iparragirre abeslari eta poeta herrikoia. 2020an, beraz, Iparragirreren jaiotzaren bigarren mendeurrena beteko da, eta bere udalerrian hasi dira urteurrena prestatzen

Amalia Ibargutxi

Jueves, 16 de agosto 2018, 01:04

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Euskal Herriari eta bere diasporari kantatu zion Jose Maria Iparragirre Balerdi 1820ko abuztuaren 12an jaio zen Gipuzkoako Urretxun, eta bertako kanposantuan dago ehortzia, zazpi oinarri dituen trikuharri baten tankera duen hilarrian. 2020an, beraz, Iparragirreren jaiotzaren bigarren mendeurrena beteko da. Herriko Udala urteurren-ekimenak prestatzen dabil, eta iparragirre2020@urretxu.eus helbidea jarri dute bizilagunen eskuragarri, proposamenak bidaltzeko nahi duenak.

Abeslari eta poeta herrikoia Alzola Etxean jaio zen. Aita merkataria zuen eta ikastera bidali zuten semea. Lehenengo, Zeraingo osaba batek gaztelania eta gramatika erakutsi zizkion. Ondoren, Gasteizera bidali zuten eta azkenik Madrilera. Lehen gerrate karlista heltzearekin batera hartu zuen Euskal Herrira bueltatzeko erabakia, borroka egiteko. Gerra amaitzean Frantziara joan zen, eta orduan jaio zen egun ezagun dugun Iparragirre kantari hori.

Frantziako Errepublikaren sorrera ondorio izan zuen 1848ko iraultzan ere izan zen Iparraguirre barrikadetan, Marsellesa ezaguna kantatzen,eta Napoleon IIIak herrialdetik kanporatu egin zuen iraultza hauspotzea egotzita. Hala, 1851n Londresera joan zen. Diasporako euskalduna izanik, bere kantetako gai bilakatu ziren Euskal Herria zein herrimina.

'Gernikako arbola', adibidez, 1853 inguruan sortu zuen, eta lehenengo aldiz Madrilen kantatu zuen. San Luis kafetegian, Durangoko Juan Maria Blas Altuna pianistarekin batera abestu zuen. Hori izan da bere kantu ezagunena, baina beste asko ere sortu zituen. Besteak beste, Ume eder bat; Zibillak esan naute; Agur Euskalerri-ari; Gitarra zartxo bat da; Nere etorrera lur maitera; Biba euskera; Nere maitearentzat; Gernikako Arbola; Nere andrea; Ara, nun diran; eta Okendo zituen kantu ezagunenak.

1859an Hegoamerikara joatea erabaki zuen, eta Buenos Airesen eman zituen hainbat urte. Maria Angela Querejeta gipuzkoarrarekin ezkondu eta zortzi seme-alaba izan zituzten. Uruguain ere bizi izan ziren, Iparragirrek Euskal Herrira bueltatzea erabaki baino lehen. Bera bakarrik itzuli zen, familia Ameriketan lagata.

Bueltan, Tolosan, Donostian eta bere jaioterrian izan zen; ondoren, Madrilera jo zuen, enbata bortitz baten ondorioz itotako Gipuzkoa eta Bizkaiko hirurehun arrantzaleen familien aldeko ekitaldietan parte hartzeko. Itsason hil zen (Gipuzkoa), Zozabarro baserrian 1881eko apirilaren 6an, lagunekin afaltzen ari zela.

Auñamendi entziklopediak webgunean du irakurgarri 1877ko uztailaren 29an Buenos Airesen argitaratu zen bere 'Jaungoikoa eta arbola'.

I

Fueristac gera eta izango,

Mundua mundu dan artean;

sentimentu au bizirik dago

Betico Euscal errian.

Naiz eri izan gure anima,

Gauden soseguz baquean,

Icusico da gure arbola

Zutic egunen batean.

II

Mendietaco raza noblea

Gaur buru macur beguira:

Beti izan da fueroen leguea

Euscaldunen anima.

Arguitasunic ez da agueri;

Cerua dago illuna;

Libertadea esan cantari

Il arte maite degula.

III

Zuaz D. Carlos zazpigarrena,

Urrun bai gure lurretic;

Ez dezu utzi guretzat pena

eta tristura besteric;

Lutoz negarrez ama gaisoac

¡Ay! ezin consolaturic;

Ez degu nai ez gueyago ikusi

Zori gaiztoco guerraric.

IV

Euscaldun onac bear du eriotza

Billa bere sor lecuan;

Lurra da ama; maitatzen bada,

Sartuco guera zeroan;

Sinistu, maite, izan fedea

Gure libro santuan

Eta arbola viva orain eta

Eriotzaco orduan.

V

Amoriosco legue santuequin

Gorroto gabe biotzean,

Iberiaco gure anayaquin

Bizi nai degu baquean.

Gure izatea ondasunac

Dira arbola maitean;

Libertadea maite dutenac

Betoz gurequin baquean.

VI

Egunen batez aguertuco da

Gure goizeco izarra

Bere odeietan inguru dela

Jaun Zuriaren itzala.

Eta orduan zainetan bada

Libru zarraren odola.

Biziac eman esanez viva

Jaungoicoa ta arbola.

VII

Arren! ez bada galdu esperantza

Gertatutzen da eguna

Nacioen liga edo alianza

Da icusico deguna.

Orduan gora Cristo'n leguea

Errespetatzen degula,

Bai Euscaldunen borondatea

Da errien anaitasuna.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios